EAEko 2027rako Aurrekontu Orokorren Proiektuaren aurkezpena egiten ari da Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrean 17.629 milioi euroko kontuak dira eta Noël d 'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak azaldu duenez, bi lehentasun nagusi dituzte: zerbitzu publikoak indartzea eta EAEren etorkizuna prestatzeko beharrezkoak diren eraldaketak bultzatzea. Urriaren 27an Gobernu Kontseiluak 2027ko aurrekontu proiektua onartu zuen eta bertan jakinarazi zen aurrekontua %7,6 hazi egin dela. Gaurko eta biharko aurreikusita dauden bileretan, aurrekontu hauek sailen arabera izango dituzten xehetasunak azaltzen ari da.
Lehenengo bilera Ogasun eta Finantza sailak egin du. Bertan, aurrekontu-ahaleginaren zatirik handiena ongizate-politikek biltzen dituztela azaldu da, zehazki, Osasuna eta Hezkuntza aurrekontu osoaren %54 direla azaldu dute. Besteak beste, Osasun Sailak 5.724 milioi euro izango ditu, legegintzaldiaren hasieran baino %17 gehiago, eta 193 milioi euro jarriko ditu osasun-azpiegiturak eta -ekipamenduak modernizatzen jarraitzeko.
Lehendakaritzako sailaren aurrekontua
Eguneko bigarren bileran Lehendakaritzako sailaren aurrekontuak azaldu dira. Lehendakaritzak jaiotza-tasan, adimen artifizialean, talentuan eta Euskadiren nazioarteko proiekzioan jarri du arreta. Aurkezpenean Mikel Iriondo Koordinazio eta Proiektu Estrategikoen idazkari nagusiak azaldu du aurrekontu-proposamenak sei helburu nagusi dituela: zeharkako proiektu eta politika publikoen koordinazioa eta sustapena hobetzea; kanpo-harremanak eta Euskadi global baten estrategia indartzea; herritarrekiko harremanak berritzea eta berrikuntza soziala sustatzea; etorkizuneko Euskadi irudikatzeko eta diseinatzeko gaitasunak indartzea; eta Emakunderen bidez berdintasun-politiken bultzada berria ematea.
Datorren urterako aurreikusitako Lehendakaritzaren aurrekontua 101.627.000 eurokoa da. 2026arekin alderatuta %0,7ko igoera du. Aurrekontuaren zatirik handiena, %54,8, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziari dagokio, 55.721.100 eurorekin. Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalerako Idazkaritza Nagusiak 16.529.080 euroko aurrekontua izango du, eta Komunikazio eta Berrikuntza Sozialeko Idazkaritza Nagusiak, berriz, 9.918.700 eurokoa. Emakundek 8.280.200 euroko aurrekontua izango duela azaldu da.

Kultura, Euskara eta Kirolaren sailaren aurrekontua
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bere sailaren aurrekontua Sailaren historiako handiena izango dela adierazi du. Guztira 442,8 milioi euro izango ditu, %7 gehiago. Langile-gastuak eta EITBren ekarpena kenduta, Kulturara, Hizkuntza Politikara eta Kirolera bideratutako baliabideak %32 hazi dira. Kultura arloak 93,2 milioi euro izango ditu 2027an (%7,4 gehiago); Hizkuntza Politika arloak 105,1 milioi euro izango ditu (%12,4 gehiago) eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloak 15 milioi euro izango ditu (8,1 gehiago).
Aurrekontuetako proiektu nabarmenen artean Euskadik 2029ko Veneziako Bienalean izango duen presentzia propioa, Biarritzeko Zentro Koreografiko Nazionalarekiko lankidetza, Goi Mailako Kirolaren Euskal Zentroa (Getxo), Irun-Txenperenea kirol-proiektua eta kultura-azpiegitura handiei urteurrenetan egingo zaien aitortza, hala nola Guggenheim Bilbaori (30 urte) eta Artiumi (25 urte), besteak beste.

Gaurko egunean zehar Ekonomia, Lana eta Enpleguko sailak; Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernuko sailak; eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailak azalduko dituzte Aurrekontu Orokorren Proiektuan dituzten diru-partidak.
Bihar aldiz, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailak; Hezkuntza sailak; Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak; Osasun sailak; Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailak azalduko dute. Asteazkenean, Mugikortasun Jasangarriaren sailaren; Segurtasun sailaren; Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoko sailaren; Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzako sailaren eta Justizia eta Giza Eskubideko sailaren txanda izango da.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta