Ezpeleta inguruko hamar herritan “urre gorria” deitzen diote biperrari tokiko ekonomian bere ekoizpenak pisu handia duelako. Duela sei mila urte gaur egungo Bolivian landatzen zuten jada biperra, eta 1650ean Europara ekarri zuten. Hasieran, landare honen presentzia baratze botanikoetan mugatua zen, baina aski laster jakiak kontserbatzeko erabiltzen hasi ziren. Bere ekoizpena Ezpeleta aldean hedatu zen Lapurdiko herri honi ospe ederra emanez. 1980ko hamarkadan, besteak beste, Andde Darraidou ostalari eta sukaldari ezpeletarra zenak oldar berria eman zion ekoizpen honi, eta handik urte batzuetara jarduera egituratu zen.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
2008an biper zaleek urrats handia gainditu zuten sor-marka lortuz. Ezpeletako etxe aitzinetan zintzilik dauden biper sokak biziki ezagunak bilakatu dira. “Argazki horiek gure nortasunaren parte handia dira nahiz eta biper errautsa den gehien ekoizten eta saltzen duguna”, diote aho batez laborari lapurtarrek. Ezpeletako biperra tokiko turismoaren motorra bilakatu den arren, azken urteetan ekoizleek zailtasun gorriei buru egin behar diete beroaldi eta klima aldaketarengatik. Kezka handia da, eta egun hauetan, urre gorria biltzen ari diren nekazariek argi ikusi dute kalteak zenbatekoak diren udaberri idorra eta uda biziki beroaren ondotik.
Oro har, fruitu txikiagoak bildu dituzte eta ekoizpena ohi baino mugatuagoa da, zati andana osoki erre dira eta. Eskuz egindako lana da batik bat. Ur eskasak eraso egin diela deitoratzen dute. “Aurten ere kaltetuak izan gara beroarengatik. Batzuetan, ur eskasa baino gehiago, arazoak jasaten ditugu eritasun bat sortzen delarik, hori ere bero egiten duelarik. Uda honetan, zenbait egunez 40 gradu izan ditugu eta horrek bortizki kolpatu du gure ekoizleen lana. Batzuek uztaren erdia eta baita ere hiru laurdenak galdu dituzte! Gauzak honela, horien artean batzuek jarduera behin betiko uztea erabaki dute, eta ondorioz ekoizleen kopuruak gutxitzen segitzen du. Aurten hamar laborarik deliberatu dute bipergintza uztea eta beraz gaur egun 170 gelditzen gara”, dio Panpi Olaizola bere biperren heren bat galdu duen laborari ezpeletarrak. Arazoak arazo, Ezpeletan etorkizunari begiratu nahi diote gazteak erakarriz, prestatuz eta formatuz. Gogoeta horiek ere aipatuko dituzte urriaren 24 eta 25ean ospatuko duten biperraren besta handian.
"Aurten hamar laborarik deliberatu dute bipergintza uztea eta beraz gaur egun 170 gelditzen gara”
Beroteak direla eta, Frantziako gobernuak mila milioi euro baino gehiagoko laguntzak hitzeman dizkie laborariei. Lehen sektorea salbatzeko, Paris prest dago zenbait salbuespen egiteko eta bankuei erraztasunak ematea galdetua izan zaie. Dena den, laborarien sindikatu gehienek diote mahai gainean eman diren neurriak ez direla nahikoak. Ipar Euskal Herrian, Euskal Hirigune Elkargoak ur biltegi baten eraikuntza lagundu du Lekornen, eta duela gutxi 270 000 euroko laguntzak onartu ditu ere laborantza jasangarria sostengatzeko. Euskal laborariek gogoetatzen dute nolako jarduera egin ahal izanen duten etorkizunean eta nolako ekoizpenak egin beharko dituzten. Argi dute egokitzen segitu behar dutela, baina diotenez egokitzeko aukerak gero eta murritzagoak dira bero sapen indarrarengatik.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta