AFM Klusterrak antolatutako Fabrikazio Aurreratuaren eta Makina Erremintaren 24. Kongresua inauguratu da gaur Donostian. Hiru egunez, 600 bat profesional bilduko dira ekitaldian, digitalizazioaz, adimen artifizialaz, robotikaz, zibersegurtasunaz eta fabrikazioa aditiboaz eztabaidatzeko. Besteak beste, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua izan da inaugurazio ekitaldian.
Bere hitzaldian, Jauregik sektoreak EAEko ekonomian duen paper estrategikoa nabarmendu du, eta gogorarazi du Euskadi 2030 Industria Planak “lehentasuna ematen diola egungo sektore traktoreen proiektuetan inbertitzeari, hala nola, fabrikazio aurreratuan”. Sailburuak azpimarratu du planaren helburua lehiakortasuna indartzea dela, enpresa liderren, beren hornitzaile sarearen eta zentro teknologikoen arteko lankidetzaren bidez.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak “erabilera bikoitzeko esportazioen kontrola egiaztatzeko ibilbide-orria” aurkeztu du, Spri taldeko Basque Trade & Investmentek egina. Dokumentu horrek enpresei orientazioa eskaintzen die esportazioetan legezkotasuna bermatzeko beharrezkoak diren prozedurei buruz. “Argitasuna, sentsibilizazioa eta pedagogia eskaintzea da gure helburua”, esan du Jauregik.
José Pérez Berdud AFM Clusterreko presidenteak honela deskribatu du biltzarra: “Ekintzara bideratutako ekitaldia”; gaineratu du industriaren egungo eta etorkizuneko erronkei konponbidea emateko teknologietara bideratuta dagoela. Kongresuaren programan, besteak beste, konputazio kuantikoari, makinen segurtasunari eta zentro teknologikoek, unibertsitateek zein enpresek garatutako I+G+b-ko proiektuei buruzko txostenak aurkeztuko dira. Topaketa urriaren 31n amaituko da, sektoreko lan eta txosten onenei bost sari emanez.