• EKONOMIA
  • Abian da Fagor Herrigintza deialdi berria

Abian da Fagor Herrigintza deialdi berria

Gizarte eragileek 60.000 eurorainoko laguntza jasotzeko aukera eskaintzen du programak

Laugarren urtez antolatuko da programa | Argazkia: Fagor
Laugarren urtez antolatuko da programa | Argazkia: Fagor
2025eko irailaren 2a - 11:36

Fagor Herrigintza lankidetza programaren deialdi berria iragarri du Fagor kooperatibak. Laugarren urtez egingo den programak helburu du “Euskal Herri hobe baten alde lanean” ari diren gizarte eragileak laguntzea, haien egitasmoak aurrera eramaten lagunduz.

 

Horretarako, hiru laguntza banatuko dira: lehena, 60.000 eurokoa, bigarrena 40.000 eurokoa eta azkena 20.000 eurokoa. Aurkezten diren eragileek aukeratu beharko dute zein laguntza lerrotan aurkezten duten haien proiektua, eta irailaren 30era arte izango dute izena emateko aukera, fagor.eus webgunearen bitartez.

Proiektu guztien artean irabazleak hautatzeko webgunean argitaratutako oinarriak izango dituzte kontuan Fagorreko kooperatibetako bazkideek. Behin lehen balorazioa eginda, hiru proiektu sailkatuko dira laguntza lerro bakoitzeko, eta azaroan egingo den bozketaren ondoren jakinaraziko dira irabazleak, abenduaren erdialdean.

 

Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko iraunkortasun arduradunak zehaztu du “askotariko proiektuak” lagundu direla azken urteetan programari esker, “bai barrura begirakoak, bai nazioarteko elkartasunari loturikoak”. Iaz, Hiruatx erakundeak (60.000 euro), Txintxirri ikastolak (40.000 euro) eta Ihitten elkarteak (20.000 euro) eskuratu zituzten laguntzak.