Frantzian ez da giro, eta horrek ondorioak ditu euskal ekonomian, Franck Dolosor kazetariaren aburuz. Etxebizitza da Ipar Euskal Herriko arazo handienetako bat, eta hori dela eta, zenbait enpresek ezin dute kanpotik datorren langile berririk kontratatu, ezinezkoa zaielako bizitegia aurkitzea. Era berean, lurraldean zehar mugitzeko arazoak nabarmendu ditu, eta espero du 2026an Ipar Euskal Herriak merezi duen garraio eta mugikortasun arloko "anbizio handiko plangintza zabala" abiaraztea.
Zein da zuretzat Ipar Euskal Herriari eragiten dion 2025ko albiste ekonomiko garrantzitsuena? Zergatik?
Zenbait enpresaburuk beren langileentzat etxebizitzak prestatu izana biziki aipagarria iduritzen zait. Aurkezpena duela zenbait aste egin zuten eta ekimen anekdotiko soila baino, nire ustez, garrantzi handiko urratsa da, bizitegiena arazo handienetakoa bilakatu baita Ipar Euskal Herrian, kostaldean bereziki baina ez hor bakarrik. Jornal onak eskuratzen dituzten herritarrek ere zailtasun gorriei buru egin behar diete etxebizitza lortu ahal izateko. Bestalde, zenbait enpresak ezin dute nonbaitetik datorren langile berririk kontratatu, ezinezkoa zaielako bizitegia aurkitzea eta honenbestez lanpostu batzuk ez ditu inork hartzen, medikuntza arloan eman dezagun. Etorkizunean garesti ordainduko dugu egoera hori. Argi da enpresaburuek hasi duten ekimena ur tanta ttikia bertzerik ez dela itsaso zabal eta dorpean, baina urrats kolektibo hau aterabidea izan liteke zenbait kasutan. Eredugarria izan liteke ere Euskal Herri osoan. Gastua baino inbertsioa da geroari begira.
2026era begira titular edo albiste hori moldatu ahalko bazenuke, zein nahiko zenukete titularra edo albistea izatea?
Gustatuko litzaidake garraio eta mugikortasunean ardura duten erakunde guztiek bat egin dezaten Ipar Euskal Herriak behar eta merezi duen anbizio handiko plangintza zabala behingoz martxan jartzeko. Gaur egun, mugikortasunen sindikatuak zenbait aldaketa eta hobekuntza egin ditu Baiona inguruan, Lapurdiko kostalde osoan eta barnealdeko baserri guneetan ere. Dena den, zerbitzua hobetu izanagatik, herritarrek eta enpresek ezin jasanak diren auto ilara luzeak pairatu behar dituzte egunero, eta ez bakarrik udan edo goiz-arratsero.
Etxebizitzarekin batera, mugikortasunaren gaiak aterabide sendo eta serioa behar du lehenbailehen. Herritarrek zergak ordaintzen ditugu baina gero egunero gure burua preso sentitu dezakegu erakundeetako ordezkariek ez baitute beren eginbeharra betetzen. Baionatik Kanbo aldera joateko ilarak egunerokoak dira aspalditik, baina berritasunen artean argi gorria ezartzea bertzerik ez zaie bururatu. Lehen zaila zen bertatik igarotzea, orain gelditu behar da bortxaz eta atzetik hamarnaka-ehunka auto datoz. Non dago hobetzea? Nork erabaki du hori horrela egitea? Frantziako Gobernuak, Akitania Berria eskualdeak, Pirineo Atlantikoetako departamenduak eta Euskal Hirigune Elkargoak eskuz esku eta zentzuarekin jokatu behar dute gai honetan. Norbaitek neurtu al du enpresek eta herritarrek zenbat galtzen duten egunero zentzugabekeria honengatik? Erantzuna beldurgarria litzateke eta hobendunek izen-abizenak dauzkate. Harrigarria iduritzen zait alderdi, eragile eta hedabide gehienak isil-isilik egotea bertze lurralde batean ez bailukete horrelakorik onartuko denbora luzean.
"Jornal onak eskuratzen dituzten herritarrek ere zailtasun gorriei buru egin behar diete etxebizitza lortu ahal izateko"
Nola ikusten duzu 2026a ekonomia ikuspegitik?
Kontuan hartuz eskumen gehien gehienak Frantziako Gobernuak dituela, espero dut egonkortasuna izatea ahal bezain denbora luzean. Epe luzera begiratzea gero eta zailagoa da langile, herritar eta enpresaburuentzat. Herritarren kezkak ezagunak dira: enplegua, etxebizitza edota murrizketak osasun arloan eta hezkuntzan. Enpresaburu gehienak baikor daude beti, hamarren artean zazpi Ipar Euskal Herrian. Dena den, kopuru hori %8 apaldu da azken garai hauetan, oro har irabazi gutxiago izan baitute. Eta, gauzak honela, bostetik batek dio ez duela inbertsiorik eginen datozen hilabeteetan. Frantzian ez da giro, eta horrek ondorioak ditu euskal ekonomian ere. Enpresaburuek diote galde-eskaera gutxiago dutela, inflazioarengatik eta zergak direla eta. Hirutik batek deitoratzen du egoera hori. Parisen dagoen ezegonkortasunak giroa okertu du hautetsien eta herritarren artean. Edozein momentutan hauteskunde legegile partzialak egon daitezke eta egoera horrek bizia gehiegi baldintzatzen die herritar askori.
Ekonomiari eragiten dioten zein esparrutan uste duzu aprobetxatzen direla gehien Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko sinergiak? Eta zeinetan dago oraindik bide luzea egiteko?
Ekimen interesgarriak daude Euroeskualdea, Bihartean edo Gaindegia bezalako egituren inguruan, adibidez. Halere, argi dago mugaz gaindiko harremanak sendotu behar direla gehiago, hezkuntza eta formakuntza sailetan hasita, elkarlana onuragarria baita denentzat. Harreman horiek abantailak bertzerik ez dauzkate ekonomia arloan, bistan dena, baina baita pertsona moduan ere gure herrian dauden hizkuntzak ikasi eta erabili ahal izateko egunerokoan eta naturaltasun osoz. Komunikazio eta Europaren garaian, bi estatuen arteko muga inoiz baino indartsuagoa dela iduri luke maiz euskal herritar askorentzat. Ahatik, gaur egun inork ez digu debekatzen batzuk besteekin elkarlanean aritzea. Urratsak ematea gure esku dago!