• EKONOMIA
  • Fusioak edo bat egiteak, bi gehi bi beti al da lau?

Fusioak edo bat egiteak, bi gehi bi beti al da lau?

Bi sozietate edo gehiago entitate juridiko bakarrean integratzen dira fusioaren bidez. Bat egiteen garrantzia etengabe hazi da azken hamarkadetan, kontzentrazio sektorialak eta eraldaketa teknologikoak izan dituelarik lagun

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
arkaitz urdapilleta irazu
Kemen Consultingeko aholkularia. Ekonomisten Euskal Elkargoko Euskara Komunitateko kidea
2025eko maiatzaren 10a

Ingurune ekonomiko globalizatu eta lehiakorrago batean gauden honetan, enpresek formula estrategikoak bilatzen dituzte beren posizioa sendotzeko, merkatu berrietara sartzeko edo eraginkortasuna irabazteko. Alde horretatik, tresnarik indartsuenetako bat enpresen bat egiteak edo fusioak dira. Eragiketa horiek konplexuak izan arren, erabat alda dezakete parte hartzen duten erakundeen oraina eta etorkizuna.

 

Kontzeptuaren nondik norakoa

Enpresa bat egite bat, enpresen funtzionamenduan eragiten duen prozesua da. Honen bidez, bi sozietate edo gehiago entitate juridiko bakarrean integratzen dira. Eragiketa mota honen helburua sinergiak sortzea, baliabideak optimizatzea, merkatu kuota handitzea edo jarduera dibertsifikatzea izan ohi da. Sarritan, konpainia handiekin lotzen bada ere, fusioa formula baliagarria da enpresa ertainetan edo txikietan. Batez ere enpresa txiki askoko sektoreetan edota sektore bateko produkzio-gaitasunak edo ondasunak nahiz zerbitzuak eskaintzeko gaitasunak eskaria gainditzen duen sektoretan ere ematen da.

Eragiketa mota honen helburua sinergiak sortzea, baliabideak optimizatzea, merkatu kuota handitzea edo jarduera dibertsifikatzea izan ohi da

Bat egiteen garrantzia etengabe hazi da azken hamarkadetan; kontzentrazio sektorialak eta eraldaketa teknologikoak izan ditu lagun. Gainera, pandemiaren edo finantza krisien testuinguruek integratzeko erabaki estrategikoak bizkortu dituzte, bizirauteko eta indartzeko bide gisa.

 

Fusio edo bat egite motak

Fusioak hainbat ikuspuntutatik sailka daitezke: juridikoa, operatiboa edo estrategikoa. Jarraian, tipologia nagusiak banakatzen dira, beren funtsezko ezaugarriekin eta inplikazio garrantzitsuenekin:

Fusio purua edo integrazio bidezkoa:

Tamaina eta pisu berdintsuko bi sozietatek erakunde juridiko gisa desagertzea erabakitzen dutenean gertatzen da. Desagerpen honen fruitua erakunde berri bat izaten da. Bi enpresek beren aktiboak, pasiboak eta giza baliabideak ematen dizkiote erakunde berri horri. "Berdinetik berdinera" doan operaziotzat jotzen da, nahiz eta praktikan alde batek gehiago gidatu ohi duen prozesua. Modalitate honek adostasun maila handia eta antolamendu kultura bateragarria eskatzen ditu. Zerotik hastea esan nahi du, legezko terminoetan, izen sozial eta identifikazio fiskaleko zenbaki berri batekin.

Adibide moduan: ArcelorMittalen sorrera har dezakegu, Arcelor eta Mittal Steelen bat egitearen emaitza gisa.

Xurgapen bidezko fusioa:

Motoa hauetako bategiteetan, sozietate batek beste bat bere barnean integratzen du, honela xurgatua izan den enpresa pertsona juridiko gisa desagertzen da. Xurgatzaileak bereganatutakoaren eskubide eta betebehar guztiak hartzen ditu bere gain, normalean xurgatzaileak bere izen soziala eta antolaketa egitura mantentzen du. Enpresa esparruan ohikoena da, batez ere aldeen artean tamainan edo posizioan alde nabarmenak daudenean. Ikuspegi juridikotik eta administratibotik arinago gauzatzen da.

Adibide sintetikoa: Banestoren integrazioa Santander Taldearen barruan.

Fusio horizontala:

Sektore berean eta balio katearen maila berean jarduten duten enpresen arteko integrazioa da. Helburua merkatu kuota handitzea, zuzeneko lehia ezabatzea, know-how partekatzea edo eskala ekonomiak aprobetxatzea izan ohi da. Bategite mota honek alertak sor ditzake lehiaren arloan, bereziki sektore kontzentratuetan.

Adibide sintetikoa: banatzaile handiekin lehiatu nahi duten tokiko bi supermerkatu kateren elkartzea.

Bat egite bertikala:

Hornikuntza edo balio katearen fase desberdinetan dauden enpresen artean gertatzen da. Adibidez, banatzaile batekin edo lehengai hornitzaile batekin bat egiten duen produkzio etxe bat. Eragiketa mota horren helburua hornikuntza bermatzea, bitarteko kostuak murriztea edo produktuaren merkaturatzea zuzenean kontrolatzea izaten da.

Adibide sintetikoa: AT&T telekomunikazio zeritzuen hornitzailea eta Time Warner entretenimendu enpresaren artekoa dugu.

Bat egite konglomeratua:

Sektore desberdinetan jarduten duten eta elkarren artean zuzeneko harremanik ez duten enpresen artean gertatzen da. Enpresa arriskua dibertsifikatzea, inbertsio aukerak baliatzea edo sortzen diren taldearen finantzen indartzea xede duen estrategia da. Hain ohikoa ez den arren, fusio mota honek zentzua izan dezake holding taldeentzat edo diru-zorro zabala edukitzea filosofia duten inbertitzaile instituzionalentzat.

Adibide sintetikoa: enpresa teknologiko batekin bat egiten duen aseguru konpainia bat, negozio lerro berriak irekitzeko.

Mugaz gaindiko edo nazioarteko bat egitea:

Hainbat herrialdetako enpresen artean egiten da. Nazioartean hedatzeko, zergak optimizatzeko edo talentu globala eskuratzeko aukerak ematen ditu. Hala ere, beste arau erronka batzuk ere baditu eta kultura arteko kudeaketa zaindua eskatzen du. Europar Batasunean, eragiketa hauek araudi harmonizatu baten bidez egiten dira, baina konplexutasun praktikoa ere badute.

Adibide sintetikoa: Espainiako enpresa baten eta Alemaniako beste baten arteko batasuna, Herbehereetan egoitza izango duen sozietate berri bat sortzeko.

Apalankatutako bat egitea (LBO/MBO):

Nahiz eta ez den zentzu hertsian beti fusiotzat hartzen, testuinguru batzuetan, enpresa bat besteren finantzaketaren bidez erosteak (palanka efektua) enpresa egitura handiago batean sartzea eragin dezake. Leveraged buyout (LBO) batean, inbertitzaile batek kontrola eskuratzen du erositako enpresaren aktiboek bermatutako zorra erabiliz. Management buyout (MBO) batean, zuzendaritza taldeak erosketa gidatzen du enpresaren akzioak erosiz. Lehen helburua enpresaren kontrola hartzea bada ere, emaitza ondorengo fusio bat izan daiteke.

Adibide sintetiko bat: kapital pribatuko funts batek enpresa familiar bat erosi eta bere talde industrialean integratzen du, sektore bereko beste partaideetako batekin fusionatuz.

Fusio prozesua

Eragiketa bakoitzak berezitasunak baditu ere, fusio baten ohiko prozesuak hainbat fase ditu. Bat egitearen bideragarritasuna eta komenigarritasuna justifikatzen duen aldez aurreko azterketa estrategikoa eta finantzarioa egitea ezinbestekoa da. Behin lehen pausoa emanda, akordioaren negoziazioa eta diseinua dator, normalean, aholkulari juridiko eta finantzarioen laguntzarekin egiten da hau.

Bat egitearen diseinua argi edukita, bat egite proiektuaren ordua dator. Hemen proiektua bera egiten da eta honetarako funtsezko informazioa jaso behar da, hala nola, balantzeak, balorazio irizpideak, akzio trukea, lan ondorioak, etab.

Ondoren, funtsezko pauso bat dator bat egiteak arrakasta izan dezan, inplikatutako enpresa bakoitzeko sozietate organoek fusio proiektua onartzea.

Bat egitearen bideragarritasuna eta komenigarritasuna justifikatzen duen aldez aurreko azterketa estrategikoa eta finantzarioa egitea ezinbestekoa da

Hemendik aurrerako pausoak burokrazia dute ardatz. Lehenik eta behin, eragiketa argitaratu eta erregistratu behar da, dena indarrean dagoen araudiak ezarritako epeak eta baldintzak betez. Legearen ikuspuntutik, bat egiteak Merkataritza Sozietateen Egitura Aldaketei buruzko Legeak arautzen ditu. Honetaz gain, aplika daitezkeen sektoreko beste eskumen edo erregulazio arau batzuk kontuan eduki behar dira.

Behin dena onartuta, eta bat egitea eginda, pausorik garrantzitsuena eta zailena etortzen da, paperetatik haratago, operazioaren benetako arrakasta bermatzeko etapa kritikoa. Integrazio operatibo eta kulturala, fase honetan enpresetako pertsonek hartzen dute garrantzia eta beraien inplikazioa behar izaten da fasearen arrakastarako. Hau dela, nahiz eta beti fusioak goi zuzendaritzako gauza bat balira ikusi, enpresen bat egiteak lehen egunetik pertsonetan oinarrituta egon beharko lirateke gero ezustekorik ez aurkitzeko.

Abantailak eta aukerak

Bat egiteek onura handiak eragin ditzakete, behar bezala kudeatzen badira:

  • Sinergiak lortzea bai kostuetan, bai diru sarreretan, bikoiztasunak ezabatzean, eskala ekonomiak aprobetxatzean edo zorro komertzialak konbinatzean.
  • Lehiakortasuna indartzea, negoziatzeko gaitasun handiagoa, irudia hobetzea, bezero edo merkatu berrietara iristea inplikatzen baitu.
  • Baliabideak optimizatzea, teknologikoak, giza baliabideak eta finantza baliabideak handiagoak izaten baitira.
  • Arriskua dibertsifikatzea, hainbat sektore edo geografiatan jardutean, kanpoko faktoreekiko esposizioa murriztea dakar.
  • Askotan, bategiteak tamaina eta gihar finantzarioa irabaztea ahalbidetzen die enpresa ertainei, aktore globalekin lehiatzeko.

Arriskuak eta erronkak

Hala ere, erronka garrantzitsuak ere badituzte:

  • Kultura integrazioaren arriskuak: bereziki, enpresek kudeaketa estilo edo antolaketa kultura oso desberdinak badituzte.
  • Erregulazio zailtasunak: lehiaren agintaritzek zenbait eragiketa azter ditzakete, bereziki kontzentratzeko arriskua badago.
  • Barne eta kanpo komunikazioko arazoak: langileen moralari edo merkatuaren pertzepzioari eragin diezaioketenak.
  • Lan inpaktuak: berregituraketek edo bikoiztasunek langile murrizketa eragin dezakete.

Gaizki kudeatutako fusio batek balioa suntsitu dezake sortu beharrean, horregatik da garrantzitsua plangintza arduratsua eta bidelagun profesionalak edukitzea.

Enpresen bategiteak eraldaketa korporatiborako tresna boteretsua dira, baina ikuspegi estrategikoa, analisi zorrotza eta inplementazio bikaina eskatzen dute. Kontua ez da enpresak batzea, baizik eta modu koherente, gizatiar eta eraginkorrean integratzea. Etengabe aldatzen ari den mundu honetan, noiz, nola eta norekin bat egin jakiteak marka dezake sektore bateko buru izatearen eta atzean geratzearen arteko aldea.