Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok Gandik programa aurkeztu du gaur Beasainen, PuntuEUS Fundazioak Udalarekin lankidetzan sustatutako ekimena. Tokiko merkataritzaren digitalizazioa bultzatzea eta gazteek sektorean parte har dezaten bultzatzea da proiektuaren helburua.
Ekitaldian, Hurtadok inplikatutako erakundeen lana eskertu du eta eragileen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du: “Eskerrik asko berrikuntza, prestakuntza eta gizarte-kohesioa batzen dituen proiektu pilotu hau posible egiteagatik. Erakundeen arteko koordinazioa funtsezkoa da gure sektoreei lagunduko dieten eta hurbileko merkataritza indartuko duten proiektuak garatzeko”, adierazi du.
Beasainek eta Portugaletek hartzen dute parte Gandiken fase pilotuan, negozioen presentzia digitala handitzeko eta belaunaldien arteko lotura sendotzeko xedearekin. DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleen elkarlanaren bidez, tokiko saltokientzako web orrien diseinuan inplikatzen baititu. Hurtadok azpimarratu du gaur egun merkataritzak hiru trantsiziori egin behar diela aurre (ingurumenekoa, soziodemografikoa eta digitala), eta gogorarazi du EAEko establezimenduen %30ek soilik duela webgune aktiboa, eta %13k soilik saltzen dutela Internet bidez.
Sailburuak jakinarazi duenez, programak erronka horiei erantzun nahi die, prestakuntza digitalaren eta gazteen inplikazio aktiboaren bidez. “Gazteak Euskal merkataritzara hurbiltzea nahi dugu, ezagutu, baloratu eta eraldatzen lagundu”, esan du. Gainera, Gandik Merkataritza Berrikuntzako Hubaren barruan dago, eta 2026an finantzaketa bikoitza izango du.
Amaitzeko, Hurtadok hurbileko merkataritzak tokiko ekonomian eta iraunkortasunean duen garrantzia nabarmendu du. “Erosketa-erabaki bakoitzak eragin egiten du eraiki nahi dugun gizartean”, adierazi du, eta berrikuntza, gazteria eta merkataritza lotzen dituzten proiektuak sustatzen jarraitzeko beharra defendatu du, “eredu jasangarriago eta gizatiarrago baten oinarria direlako”.