Taxi zerbitzua berrantolatzeko neurriak aurkeztu zituen maiatzean Gasteizko Udalak, eta besteak beste, guardien sistema arautzen duen dekretua onartu zen. Dekretu horrek gauean guardia egiteko gutxieneko taxi batzuk eskuragarri izatea exijitzen zuen, batik bat asteburuetako gauetan zehar eta maiatzetik urrira bitartean; eskaera gehien jasotzen diren uneetan, alegia. Une hartan alegazioak izan ziren arren, uztailean dekretua onartu zuen Udal Gobernuak.
Hilaren amaiera iristean, ordea, Grupo Celedón taldeak —taxilari talde batek sortutako kooperatiba— dekretuaren aurkako berrezartze-errekurtsoa aurkeztu zuen, neurriak bertan behera utz zitezen exijituz. Udalak hilabeteko epea izan zuen errekurtsoari erantzun bat emateko, baina ez zen halakorik gertatu, udalak berak aitortu zuenez "interpretazio juridikoko akats" bat zela medio. Ondorioz, dekretuak ezartzen zituen guardiak behin-behinekoz indargabetu ziren. Aldi berean, 65 taxistek administrazioarekiko auzi-prozesua ekin zuten, eta epaitegian eskatu zuten dekretua bertan behera uzteko, kautelazko neurri gisa.
Gasteizko epaitegiak gaur eman die erantzuna: taxilarien errekurtsoa ezetsi du, herritarren "interes orokorrak" babeste aldera. Beatriz Artolazabal zinegotzia pozik agertu da epaiarekin, "herritarrek gehien behar dutenean taxi-zerbitzu egokia bermatzeko beharra bermatzen duelako". Hala ere, gogorarazi du dekretuak oraindik ere etenda jarraitzen duela, nahiz eta "laster" jarriko den martxan, ALHAOn (Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala) argitaratzean.
Taxi gehiago
Maiatzean beste dekretu bat ere iragarri zuen Gasteizko Udalak, helburu izanik hiriko taxien kopurua handitzea. Izan ere, 2007. urtean zeuden taxi kopuru bera dago gaur egun: 194. Epe berean Arabako hiriburuko biztanleak 232.000 izatetik 265.000 izatera pasa dira.
Bigarren neurri horrek ez du aurrekoak bezain besteko tirabira ekarri, eta gaur bertan sinatu du Artolazabalek dekretua. Hala, hemendik gutxira 20 lizentzia berri banatuko dira hirian. "Lizentzia berriak egiturazko neurria dira, beharrezkotzat jotzen ditugunak, eta herritarrek behar dituztenean taxiak egon daitezen lortzeko beste jarduera batzuen osagarri izan behar dute”, azaldu du zinegotziak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta