Errekor berria lortu du Tuvisa Gasteizko hiri-autobus konpainiak: inoiz baino bidaiari gehiago izan ditu 2025 urtean. Zehatz-mehatz, 19.383.638 bidaiekin itxi zuen urtea, 2024ko zenbatekoa baino %8,85 gehiago. Pandemiaz geroztik, autobus zerbitzua gero eta gehiago erabili da, hots, 2020an egindako bidaia kopurua (8,2 milioi bidaia) bi bider baino gehiago handitu da.
Linea konbentzionaletan ez ezik, BEI (Bus Elektriko Inteligenteak) lineako autobusak ere gero eta gehiago erabiltzen dira; are gehiago, hiriko autobus sarea erabili zuten hiru pertsonetatik batek BEI linearen bat erabili zuen. Bidaia guztietatik 5,82 milioi egin ziren linea horietan, 2024ko zenbatekoa %5,9 handituta. Hala ere, linea arrunten gorakada gailendu zen, 2024an baino %10,2 gehiago erabili baitziren.
Oro har linea guztiek izan zuten gorakada, bakarrak izan ezik: Borinbizkarra-Bakea 7. lineak aurreko urtean baino %9,8 bidaiari gutxiago izan zituen. Tuvisakoek azaldu dutenez, beherakada hori “Salburura tranbia zabaltzeko zerbitzua martxan jarri eta ibilbidea berregituratzearen ondorio” da.
Zerbitzuak eskaini dituen beste hainbeste daturen artean, azpimarragarria da bidaiari adingabeen gorakada. Izan ere, 2025ean 12 urtetik beherakoetatik 15 urtetik beherakoetara zabaldu zuen udalak zerbitzua doan erabiltzeko aukera, eta horrek eragin zuzena izan du bidaien kopuruan: 2024an baino 566.450 bidaia gehiago egin zituzten. Era berean, BAT, Mugi eta Barik txartelen erabilerak ere gora egin zuen.
Izaskun Reyes oso baikor agertu da lortutako emaitzekin, eta adierazi du etorkizunean zerbitzuaren gaitasuna hobetzen eta handitzen jarraituko dutela, trantsizio energetikoa albo batera utzi gabe. “Datuek berresten dute herritarrak gero eta leialagoak direla garraio publikoarekiko”, baieztatu du. 2026ra begira, 4 milioi euro erabiliko dira autobus elektriko berriak ekoizteko, baita “auzo berrien konektibitatea hobetzeko eta informazioa denbora errealean eraginkorragoa egiteko” ere. Reyesek argi azaldu du: “Garraio publiko modernoa, fidagarria eta herritarren beharretara egokitua eskaintzea” izango dute helburu.