Genero arrakalaren aztarna pentsioetan

Soldata baxuagoak izateak, frankismo garaiko mugak eta lanbide feminizatuetako arrakalak zuzenean eragiten du emakumezkoek oraindik ere pentsio baxuagoak izatea

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Pentsioen aferari begira dago euskal gizartea. Ipar Euskal Herrian Emmanuel Macronen gobernuak aurrera eraman nahi duen erretreten erreformaren aurkako protestek kaleak bete dituzte. Hego Euskal Herrian, José Luis Escriva ministroak gaur aurkeztuko ditu Europako Batzordearekin adostutako pentsioen erreformaren azken neurriak. Erretreta kobratzeko kotizatu beharreko urteak eta errenta altuenen kotizazio maximoak dira oraindik adostu gabeko aferak. Ministroak ez du lortu enpresariak eta sindikatuak ados jartzea, eta litekeena da aldaketak dekretuz onartzea. Gobernu barruan ere iritzi kontrajarriak jaso ditu proposamenak.

Argi dago, hortaz, hari mutur asko dituela pentsioen auziak. Izan ere, gizarte baten egituraren isla dira pentsioak, erretiroa hartzeko orduan jasotako pentsioak herrialde horren soldata mailarekin lotura handia izanik. Genero arrakalaren isla ere badira pentsioak. Historikoki soldata baxuagoak izan dituzte emakumeek, eta pentsioetan arrakala hori oso nabarmena da.

Espainiako gobernuak genero arrakala murrizteko osagarria onartu zuen 2021eko otsailean, seme-alaben zaintzak emakumeen lan bizitzan eragindako kotizazio galerak konpentsatzeko, seme-alaba bakoitzeko pentsioaren zenbatekoa 30,40 euro gehituz. Gaur egun 30.043 pentsiodunek jasotzen dute osagarria Hego Euskal Herrian. Osagarriaren batez besteko zenbatekoa 65,69 eurokoa da Nafarroan, eta 61,97ekoa EAEn.

Arrakala handiagoa pentsioetan soldatetan baino

Gora egin du erretiroa kobratzen dutenen kopuruak Hego Euskal Herrian azken urtean. 2023ko urtarrilean 713.366 lagunek jasotzen zuten pentsioa, % 49 emakumezkoak, batez besteko pentsioa 1.453 eurokoa izanda. Batez bestekoaz haratago, baina, nabarmentzekoa da gizon eta emakumeen pentsioen zenbatekoaren arteko aldea, hots, genero arrakala. Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea dira estatuan pentsioetan genero arrakalarik handiena duten erkidegoak, Asturiasekin batera. Hala, EAEn gizonek 708 euro gehiago kobratzen dute erretiro pentsioetan eta Nafarroan 637 gehiago. Arrakala, hortaz, % 36,10koa da EAEn eta % 35,4koa Nafarroan.

EAEn gizonek 708 euro gehiago kobratzen dute erretiro pentsioetan eta Nafarroan 637 gehiago. Arrakala, hortaz, % 36,10koa da EAEn eta % 35,4koa Nafarroan

Nabarmentzekoa da genero arrakala handiagoa dela pentsioetan soldatetan baino. Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera 2020an emakumeen soldatak gizonezkoak baino % 17,9 baxuagoak ziren EAEn eta % 23,21 Nafarroan. Genero arrakala, hortaz, pentsioa kobratzeko orduan areagotu egiten da.

UGT sindikatuak emandako datuen arabera EAEko gizonek kobratutako pentsioen % 27,29  lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik dago. Portzentajea, baina, % 72,71era igotzen da emakumeen kasuan. Pentsio altuenei dagokionez, ordea, arrakala are nabariagoa da: 2.500 eurotik gorako erretiro ordaina jasotzen dute gizonen % 20,93k eta soilik emakumeen % 5,34k. Zergatia ez da bakarra. Oinarri anitzak dauzka, eta egiturazko arrazoiekin lotuta dago.

Lan egiteko, senarren baimena

Arrakalaren oinarria azaltzeko ez dago denboran oso atzera joan beharrik. Badira, halere, historikoak izan diren hainbat arrazoi. Espainiar estatuan emakumeek lan merkatuan izan duten bazterketak jatorri politikoa du. Adibiderik gordinena 1975eko maiatzaren 2a bitartean indarrean egoen zen ezkontza-lizentzia zen. Ezkondutako emakumeak senarren gatibu bihurtzen zituen lizentziak eta hainbat jarduera burutzeko senarraren baimena behar zuten emazteek, lana egiteko, besteak beste.

Frankismo garaian lan egiten zuten emakumeen portzentajea oso txikia izan zen lizentzia horren ondorioz, eta egun kobratzen dituzten pentsioak alarguntasun pentsioak dira, erretiroagatik kobratutakoak baino baxuagoak

Frankismo garaian lan egiten zuten emakumeen portzentajea oso txikia izan zen lizentzia horren ondorioz, eta egun kobratzen dituzten pentsioak alarguntasun pentsioak dira, erretiroagatik kobratutakoak baino baxuagoak. Egun, emakumeek kobratzen duten alarguntasun pentsioa 1.057 eurokoa da EAEn, eta 963 eurokoa Nafarroan. Alarguntasun pentsioa ezkontideak izandako kotizazioaren arabera kalkulatzen da eta kotizatu ez duten ezkontideak kobratzen du.

Kotizatu gabeko langileak

Munduan badira etxeko lanetan dabiltzan 75,6 milioi langile, Lanaren Nazioarteko Erakundearen datuen arabera, eta % 90 emakumeak dira. Soilik % 45,4k dute erretiro pentsioa kobratzeko eskubidea. Langabezia jasotzeko eskubideari dagokionez, pisua % 28,6ra jaisten da. Espainiar estatuan 2022ko irailean onartu zen etxeko langileek langabezia kobratzeko eskubidea, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ebazpen baten bidez behartu eta gero.

Pentsioa jasotzeko eskubidea, berriz, lehenago onartu zitzaien, baina urte askotan kontratu barik lan egiten zuten, gizarte segurantzako kotizaziorik ordaindu gabe eta, hortaz, kotizaziopeko pentsiorik kobratzeko eskubiderik gabe. Gaur egun ere, kontraturik gabe lan egindakoen artean arrakala nabaria da. Hala, Eustatek emandako datuen arabera, EAEn, bikoitza baino gehiago dira lan-kontraturik gabe lan egin zuten emakumeak gizonen aldean (5.700 emakume eta 2.300 gizon).

Arrakala lanbide feminizatuetan

Oro har, genero arrakala lanbide feminizatuetan kontzentratu da nagusiki. Zaintza lanetan eta etxeko zerbitzuetan ematen da batez ere, soldatarik baxuenak eta prekarietate handiena duten sektoreak. Zientzia eta industriaren alorretan ordaintzen dira soldatarik altuenak, gaur-gaurkoz emakumezkoen pisu txikia duten sektoreak. Emakundek emandako datuen arabera industrian lanean ari diren beharginen % 24,6 baino ez dira emakumeak.

Orohar, EAEko emakumeen % 87 zerbitzuetan ari dira lanean eta soilik % 11,2 industrian. Nafarroan egoera antzerakoa da: 111.100 emakumek egiten dute lan zerbitzuen alorrean eta 23.700k industrian. Lan egin bitarteko genero arrakalak, hortaz, isla izango du etorkizuneko pentsioen arrakalan.

EAEko emakumeen % 87 zerbitzuetan ari dira lanean eta soilik % 11,2 industrian. Nafarroan egoera antzerakoa da: 111.100 emakumek egiten dute lan zerbitzuen alorrean eta 23.700k industrian.

Gainera, Nafarroako langileen % 6,5k eta EAEkoen % 7,5k jasotzen dute lanbide arteko gutxieneko soldata, etxeko langileak eta emakumeak nagusiki. Gobernuak % 47 igo du gutxieneko soldata azken bost urteotan. Azkena, 2023ko otsailean, 1.080 eurotaraino. Igoerak eragina handiagoa izan du emakumeengan, soldata baxuagoak dituztelako. Hala, 2019ko igoerak emakumeen soldatetan % 3,19ko igoera eragin zuen bitartean, gizonezkoengan igoera % 0,73koa izan zen, aurreko urtearekin alderatuz. Genero arrakala murrizte aldean, hortaz, garrantzi handiko neurria izan da.

Lanaldiek ere eragiten dute. EAEn lanaldi partzialeko kontratu batekin lan egiten duten emakumeen ehunekoa gizonena baino hiru aldiz handiagoa da. 2020an, esaterako, emakume landunen % 22,7k lanaldi partzialean lan egiten zuten, eta gizonen % 7k. Kontratu motari begiratuta ere aldea nabaria da. Hala, batez beste, 273.000 emakumek sinatu zuten kontratu mugagabe edo finko bat 2022an, eta 303.700 gizonek. Aldi baterako kontratuetan, ordea, proportzioa aldatu egiten da: 115.200 emakume eta 88.200 gizon.

Zaintzaren erronka

Zaintza izan dute ardatz aurtengo Martxoak 8ko aldarrikapen nagusiek Euskal Herrian eta mugimendu feministak iragarri du greba orokor baterako prozesua abiatuko duela. Zaintzak historian zehar izan duen balioari ez zaio inoiz aitortzarik egin, eta ordaindu gabeko jarduera izan da homo economicusaren kontzeptua gailendu delako, ekonomiaren erdigunean gizon, zuri, heldu, heterosexuala, osasuntsu eta irabazi maila ertainekoa kokatzen duena.

Zaintzaren pisua, berriz, emakumeen esku geratu da batik bat, haiek izan direlako etxean egin beharreko lan guztiez arduratu direnak. Ez da, hortaz, sistema ekonomikoan duen garrantzia aintzat hartu, balio monetariorik onartu barik.

Emakundek editaturiko ikerketa baten arabera EAEn 20.000 enplegu sortu beharko lirateke emakumeek, batez ere, egiten duten zaintza lanen zama % 10 arintzeko

Emakundek editaturiko ikerketa baten arabera EAEn 20.000 enplegu sortu beharko lirateke emakumeek, batez ere, egiten duten zaintza lanen zama % 10 arintzeko. Balio horren aitortza monetarioan urrats garrantzitsua eman zuen 2023ko otsailean Pontevedrako audientzia probintzialak, bikote ohiari 35.000 euro ordaintzera behartuta, ezkondu bitartean etxea eta seme alaben zaintzagatik.

Arrakalarik gabe, BPGk % 18,5 gora

Munduko Ekonomia Foroak 2006an neurtu zituen lehen aldiz herrialdeen arteko aldeak Genero Arrakalaren Indize Globalaren bidez. Emakumeen eta gizonen arteko arrakalaren tamaina neurtzeko osasuna, hezkuntza, ekonomia eta hainbat adierazle politiko erabili zituen indizea osatzeko. 2022ko rankinean Islandiak lortu zuen lehen postua, arrakala txikienari dagokiona, Finlandiak bigarrena eta Norvegiak hirugarrena.

Euskal Herriari dagokionez frantziar estatuak 15. tokian kokatu zen. Espainiar estatua, ordea,  bi urrats beherago, 17. postuan. Bi estatuen bilakaera ikusita agerian gelditzen da arrakala eta egoera ekonomikoarekin arteko lotura. 2008ko finantza krisiaren aurretik Espainia 10. postuan bazegoen ere, 2013an 30. postura jaitsi zen. Koronabirusak eragindako krisiak ere aztarna sakona utzi zuen arrakalan, 8. Postutik 14.era eroriz. Frantzian ere 2008ko krisiak atzeraldia ekarri zuen genero arrakalaren aldetik.

emakume eta gizonen lan partehartzea berdinduta BPGk % 10 gora egingo zuela nabarmentzen du. Lan egindako orduak ere berdinak izango balira (zaintzarakoak aintzat hartuta), BPG % 7,5 haziko litzateke

Espainiar estatuaren kasuan, PwC aholkularitza etxeak genero arrakalaren izaera ezberdinak aztertu eta kuantifikatu ditu Closingap ikerketan, 2019ko datuak aintzat hartuz. Alde batetik, emakume eta gizonen lan partehartzea berdinduta BPGk % 10 gora egingo zuela nabarmentzen du. Lan egindako orduak ere berdinak izango balira (zaintzarakoak aintzat hartuta), BPG % 7,5 haziko litzateke. Azkenik, lan arloko banaketa berdintzeak BPGn % 1eko eragina izango lukeela dio ikerketak. Genero-arrakala desagertzeak, hortaz, BPGk % 18,5 gora egitea ekarriko luke.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK