
Euskal Autonomia Erkidegoan soldata arrakala murrizten ari dela gogoratu du Eusko Jaurlaritzak. Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu du genero arteko soldata arrakala ia lau puntu murriztu dela azken urtean, %12,81era arte.
Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko IV. Kongresua egin dute gaur Bilboko Euskalduna Jauregian eta bertan hitz egin du Torresek. Orain arteko bilakaerarekin ez konformatzea eskatu du eta arrakalarik ez izatea dutela helburu gogoratu.
INEren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako soldata arrakala %,16,47koa zen 2022an, urtebete beranduago, aldiz, %13 baino gutxiagokoa da. “Lorpen hori ez da kasualitatea: politika publiko iraunkorren, zorroztasunez diseinatutako estrategien, enpresetako berdintasun planen, soldata ikuskapenen, ordainsarien gardentasunaren eta sindikatuen eta patronalaren konpromisoaren emaitza da”, adierazi du Torresek.
Hala ere, ohartarazi du “oraindik ere bidegabekeria” dela % 12,81eko arrakala, eta hori elikatzen duten egiturazko arrazoiak azpimarratu ditu: emakumeak lanaldi partzialeko kontratuetan pilatzea, zainketen banaketa desorekatua, ordainsari baldintza okerragoak dituzten sektoreen feminizazioa eta sabai ikusezinen iraunkortasuna erantzukizun handieneko postuetan.
Era berean, Torresek defendatu du beharrezkoa dela ordainsarien gardentasuna indartzea, enpresetan berdintasun planak eraginkor eta lotesle egitea, negoziazio kolektiboan genero ikuspegia txertatzea eta berdintasunezko baimenetan, benetako malgutasunean eta familiei laguntzeko zerbitzu publikoetan aurrera egitea.