Gipuzkoako Foru Aldundiak 446,5 milioi euro itzuli eta 354 milioi euro jasotzea aurreikusten du 2025eko errenta kanpainan. Lurraldeko Foru Ogasunaren kalkuluen arabera, kanpainaren azken saldoa 92,5 milioi eurokoa izango da lurraldeko zergadunen alde.
Gaur goizean Itziar Agirre Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak agerraldia egin du, Irune Yarza Ogasuneko zuzendariarekin eta Yolanda Domínguez Zerga Kudeaketako zuzendariordearekin batera eta kanpainari buruzko xehetasunak eskaini ditu.
Gipuzkoako ogasunak 422.000 aitorpen jasoko ditu, horietatik 304.000 itzultzekoak izango dira, eta 118.000 zergadunek ordaintzekoak. Itzuli beharreko emaitza duten zergadunek 1.469 euro jasoko dituzte batez beste, eta ordaindu behar dutenek, berriz, 3.000 euro ordainduko dizkiote batez beste Foru Ogasunari.
Agirrek azaldu du aurten 295.852 autolikidazio proposamen bidali dituztela, aurreko kanpainan baino 10.257 proposamen gehiago. Hala, proposamen horiek 328.833 zergaduni eragiten die (zergadun guztien %70).
Halaber, Ogasuneko eta Finantzetako diputatuak gogorarazi du “lehen aldiz aplikatuko direla erreforma fiskalean onartutako PFEZeko kenkari berriak” eta gehitu du, kalkuluen arabera, neurri horiek zergadunen %80ri egingo dietela mesede. Bere hitzetan, kenkari horiek "eragin berezia izango dute Gipuzkoako gazteengan". Zehazki, kenkari horiek 18 eta 36 urte bitarteko 45.000 gazteri mesede egitea aurreikusten da.