• EKONOMIA
  • Gipuzkoako Ganberak eta aldundiak elkarlanerako hitzarmena luzatu dute

Gipuzkoako Ganberak eta aldundiak elkarlanerako hitzarmena luzatu dute

Enpresa txiki eta ertainen nazioartekotzea bultzatu nahi dute, 500.000 euroko dirulaguntzaren bidez

Javier Zubia eta Unai Andueza, gaur, Donostian | Argazkia: GFA
Javier Zubia eta Unai Andueza, gaur, Donostian | Argazkia: GFA
2025eko azaroaren 25a - 15:37

Gipuzkoako Ganberak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ekonomia Sustapena eta Proiektu Estrategikoen departamenduaren bidez, euren artean indarrean zegoen hitzarmena luzatu dute, 2026an zehar lurraldeko enpresen nazioartekotzea sustatzeko asmoz.

 

Akordioaren luzapena gaur goizean izenpetu dute Gipuzkoako Ganberaren egoitzan, Donostian, eta bertan izan dira Unai Andueza Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua eta Javier Zubia Ganberako zuzendari nagusia. Azaldu dutenez, akordioaren baitan 500.000 euroko dirulaguntza eskainiko da, bi faseetan esleituko dena: 225.000 euro enpresen jarduerak hasterakoan, eta gainerako 275.000ak jarduerak amaitzean.

Anduezak nazioartekotzeak "hazkunderako motor" gisa duen garrantzia azpimarratu du, eta "enpresen erresilientzia bermatzeko giltzarria" dela adierazi. "Hitzarmenaren luzapen honek enpresa txiki eta ertainei (ETE) plangintza, inbertsioa eta laguntza espezializatua behar duen prozesu batean laguntzeko konpromisoa berresten du. Ez dugu merkatu berrietan saltzea bakarrik bilatzen, mundura irekitze horren bidez, baita ikastea, berritzea eta indartzea ere", azaldu du.

 

Ekonomia Sustapeneko diputatuak nabarmendu duenez, "etengabe aldatzen ari den ingurune bati egin behar diogu aurre, non egokitzeko gaitasuna funtsezkoa den", eta Gipuzkoak "aurrea hartzeko eta elkarrekin lan egiteko gaitasuna erakutsi” duela esan du. "Gure helburua munduari irekita egongo den ekonomia bultzatzea da, sendoa, prestatua eta hazkundea laguntzen duten erakundeek babestua", gaineratu du.

Bestalde, Zubiak hitzarmenak lurraldearen garapen ekonomikoan duen eragina mahaigaineratu nahi izan du. "Nazioartekotze-estrategiak ez die enpresei soilik mesede egiten, baita lurralde osoari ere", argitu du.

Hitzarmenaren luzapenak 2025-2026rako plan estrategiko bat jasotzen du, esportazioen kopurua handitzeko, ETEen nazioarteko proiekzioa sendotzeko eta haien lehiakortasuna indartzeko, besteak beste. Aurreikusitako ekintzen artean, enpresa-misioak egingo dituzte.