Gipuzkoako metalaren hitzarmen berria sinatu dute Adegik eta ELA eta UGT sindikatuek

Lau urteko hitzarmenak 30.000 langileri eragingo die

Hitzarmen eske egindako protestetako bat | Argazkia: ELA Hitzarmen eske egindako protestetako bat | Argazkia: ELA

Adegi patronala eta ELA eta UGT sindikatuak Donostian bildu dira Gipuzkoako metaleko hitzarmen berria sinatzeko. Pasa den maiatzaren 11n itxi zuten 2023-2026 aldirako akordioa, eta gaur irudikatu dute. 30.000 langile ingururi eragingo dien hitzarmena da.

Sinatutako hitzarmenak 2023ko tauletan %5eko soldata igoera jasotzen du, 2024rako KPIaren igoera eta beste %0,7a, eta KPIaren adina 2025erako eta 2026rako.

Lanaldiari lotuta, berriz, 2024an bi orduko murrizketa izango dute, benetako lanaldia 1.695 ordukoa izanik lanaldi zatitua dutenen kasuan, eta 1.680 ordukoa lanaldi jarraia dutenean. Hogei urte baino gehiago daramatzate lanorduak murriztu gabe.

Halaber, soldataren %100 irabaziko dute lanarekin zerikusia duen gaixotasun bat duten langileek eta lan istripuren bat izan dutenek. Hala ere, etxetik lanera edo lanetik etxera bidean izandako istripuak ez dira talde horretan sartuko.

ELAren arabera, hitzarmen berria “Hego Euskal Herriko metalaren hitzarmen onena da, soldata igoera eta eskubideen hobekuntza nabarmenak dituena”.

LAB eta CCOO sindikatuak ordea oso kritiko agertu dira hitzarmen berriarekin eta ez dute sinaduran parte hartu. Hobekuntza gehiago behar zirela salatu dute, eta jada sinatuta, aukera hori galdu egin dutela uste dute. CCOOen arabera, hitzarmen berriak zenbait eduki positibo baditu ere, akordio zabalagoa lor zitekeen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK