
Arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko ahalegina egin duten entitate eta norbanakoak saritu zituen Bai Euskarari Elkarteak atzo Donostiako San Telmo museoan. Grupo Gisma aholkularitza taldea, Egarri Edariak enpresa eta Azti teknologia zentroa izan ziren sarituak, eta Pello Reparaz musikariak Bai Euskarari Laguna saria jaso zuen. Bestalde, Rober Gutierrezi, Bai Euskarari elkarteko zuzendari ohiari omenaldia egin zioten.
Gisma Donostiako enpresa da, zeinak aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dizkien konpainiei. Euskararen eta ziurtagirien alde lanean jarraitzeko aldarria egin zuten atzoko ekitaldian. Egarri Edariak Euskal Herrian edari artisauak sortu, ekoiztu eta banatzen dituen Baionako taldea da. 2015ean sortua, edari sorta zabala garatu dute urte hauetan, hala nola, garagardoak, sagardoak, zukuak edota ardoak. Enpresatik adierazi dute ez dagoela erraza iparraldea euskara erabiltzea, baina horretarako lanean jarraituko dutela.
Azti zentro teknologikoa itsas ingurunean eta elikaduran espezializatuta dago. Klima aldaketa, arrantza jasangarria edota ozeanografia ikertzen dute, besteak beste. “Urte hauetan guztian zehar euskararen alde egindako lan isilaren aitortza” izan da saria eurentzat. Zientziaren arloan ingelesak duen hegemonian euskarari tokia egitea da erronka nagusia Aztirentzat.
Reparazek, bestalde, adierazi zuen sarritan gauza serioei buruz hitz egiterakoan gaztelaniara jotzeko ohitura dagoela. “Jende askok esaten dit egindakoa euskaraz egiteak duen indarra. Nik uste dut kontrara dela: gauza batzuetan euskaraz besterik ezin litezke egin, horrek ematen duen aukerarekin”, esan zuen.
Horrez gain, atzoko jardunaldian estreinatu zen Bai Euskarari ziurtagiriaren 25. urteurrena ospatzeko egindako dokumentala. Bertan, aitzindarien, orduko kideen eta adituen testigantzen bidez, Bai Euskarari komunitateak arlo sozioekonomikoan izan duen eragina eta bilakaera jasotzen dira.