Euskal Gizarte Ekonomiak bilakaera positiboa izan duela jakinarazi du Elena Perez Berredok, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak. Gizarte ekonomia pertsonen ongizatea eta helburu sozialak irabazi ekonomiko indibidualen gainetik jartzen dituen sektorea da, zeina ordaindutako 98.009 enplegu izatera iritsi den, hau da, EAEko enpleguaren %10,4. 75.500 enplegu merkataritza erakundeek biltzen dituzte eta irabazi asmorik gabeko erakundeek 22.510. Datu horiek 2024ko Gizarte Ekonomiaren Estatistikan eta 2025eko Aurrerapenean islatu direla azaldu du sailburuordeak Gasteizen egindako aurkezpenean.
2022tik 2024ra bitartean, gizarte ekonomian enplegua %4,7 hazi da. EAEko lan merkatu osoan emandako %3,7ko igoera gainditu da sektore honetan. Gizarte Ekonomiako zuzendari Jokin Diazek azpimarratu du ia adierazle garrantzitsu guztietan ikusi dela hazkundea: enplegua, establezimenduak, jarduera ekonomikoa, inbertsioa eta nazioartekotzea. "2025erako aurrerapenaren arabera, bilakaera positibo horrek jarraipena izango du, eta horrek berretsi egiten du euskal gizarte-ekonomiako erakundeen indarra eta egokitzeko gaitasuna”, azaldu du Diazek.
Gizarte ekonomiaren enpleguaren indargune nagusia kooperatibak dira. Ia 58.800 lanpostu dituzte eta horien atzetik enplegu zentro bereziak daude 10.560 enpleguekin. Perez Barredok nabarmendu du: "Gizarte Ekonomia ez da gure ekonomiaren errealitate osagarri bat; ekonomiaren funtsezko zati bat da, eta pertsonak erdigunean jarriz haztea posible den adibide bat". Kooperatiben eta lan sozietateen arloen artean, zerbitzuak dira enplegua sortzeko eragile nagusia; bertan %6,5eko hazkundea eman da eta 35.896 enplegu lortu dituzte. Eraikuntzan %16,1eko egoera izan da 2.978 enplegurekin, lehen sektorea %4,4 igo da 381 lanposturekin eta industria %1,7 hazi da 25.559 enplegurekin.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta