Gizarte Segurantzako afiliazioak gora egin du urrian EAEn eta Nafarroan, enpleguaren joera positiboa sendotuta. Espainiako Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren datuen arabera, EAEk 1.031.670 afiliatu ditu, hau da, irailean baino 13.400 gehiago (%1,32ko igoera). Iazko hilabete berarekin alderatuta, %1,07 hazi da kopurua, 10.910 langile berrirekin.
Nafarroan ere gora egin du afiliazioak. Guztira, 317.152 kotizatzaile izan dira, aurreko hilabetearekin alderatuta, 2.786 gehiago (hau da, %0,89 gehiago). Urte arteko datuei erreparatuta, 2024ko urrian baino 4.408 afiliatu gehiago erregistratu ditu foru erkidegoak, %1,41eko hazkundearekin.
Lurralde historikoei dagokienez, Araban %1,05 egin du gora afiliazioak, iazko urriarekin alderatuta; guztira, 170.323 baitaude alta emanda. Gipuzkoan, igoera %0,72koa izan da, 342.534 kotizatzailera iritsita, eta Bizkaia izan da hazkundearen buru, %1,30 gehiagorekin, 518.813 afiliatura iritsi arte.