“Inperioek ez dute interesik egungo nazioarteko sistemetan, eurek izan nahi dute nazioarteko sistema”. Munduaren egungo antolaketa ekonomikoa azaldu dezake esaldi horrek, globalizazioaren enegarren aurpegia. Stephane Garelli Lausanako (Suitza) Unibertsitateko ekonomilariaren hitzak dira, zeinak atzo Donostiako Tabakaleran Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Lehiakortasun ekonomikoa komunitatearen zerbitzura ingurune globalizatuan izeneko topaketan parte hartu zuen.
Globalizazioak aurpegi asko erakutsi dizkigu Theodore Levitt ekonomilariak 1983an kontzeptu hura lehen aldiz aipatu zuenetik, eta orain dela urte batzuetatik ziurgabetasuna du bisaiaren ezaugarri nagusi: “40 urtez parekorik gabeko denbora tartea izan genuen, zeinetan mundua ireki egin zen. 1978tan Txinaren geopolitika hedatu zenetik (erreforma ekonomiko handi bat egin zuten herrialdean), Covidaren pandemia iritsi arte mundua erabat zabaldu zen, eta edonora bidaiatu, edozertan inbertitu eta edonon salerosi zitekeen”, gogoratu zuen Garellik.
Bere hitzetan, orain gutxi arte, herrialde, eskualde edo enpresa baten tamaina gorabehera, edozeinek joka zezakeen “globalizazioaren jokoan”. Baina, testuinguru ireki batek zaurgarritasuna ekarri du, eta hau bai ekonomikoki bai sozialki hedatu da munduan. “Lehiakortasun handia dago eta horrek gure lana suntsituko duela pentsatzen dugu”.
Stephane Garelli: “40 urtez parekorik gabeko denbora tartea izan genuen, zeinetan mundua ireki egin zen. 1978tan Txinaren geopolitika hedatu zenetik, Covidaren pandemia iritsi arte mundua erabat zabaldu zen"
Nahiz eta oraindik mundua globala izan, joko-arauak dagoeneko ez direla halakoak zioen ekonomialariak, eta “zatikatutako” ingurune batean gaudela iritzi dio: “kontrol politikak areagotu dira leku guztietan. Esaterako, ordainketa sistemak aldatu egingo dira herrialdez herrialde, eta laster ezingo da kreditu txartel bera erabili edonon”.
Testuinguru honetan, herrialde txikiek, Euskal Herriak barne, zailtasunak izango dituzte lehiakor mantendu eta ongizate mailari eusteko, izan ere, herrialde handiak ari dira munduko arau berriak ezartzen: “Inperioen garaira itzuli gara, Txina eta AEB dira horren adibide; euren arauak inposatu nahi dituzte”
Garellik uste du inperioen aro berri honetan, komunitate balioetan oinarritzea ezinbestekoa dutela herrialde nahiz eskualde txikiagoek. “Komunitate balioak aktibo garrantzitsuak dira, bake soziala sekulako aktiboa da”, nabarmendu zuen.
Herrialdeen arteko akordioak
Nazioarteko instituzioak desagertuko ez badira ere, horien zilegitasuna kolokan jartzen duten indarrak badira munduan, eta Garellik uste du herrialdeen arteko akordioak areagotuko direla etorkizunean, “herrialdez herrialde, blokez blokeko adostasunak". Txinak, esaterako, gaur egun mundu osoan 29 aldebiko akordio dituela gogoratu zuen.
Hein horretan, “ad hoc osatutako koalizioak” aipatu ditu, zeinak etorkizunean gako izango diren herrialdeen artean: “gure antzekoak diren herrialdeekin egingo ditugu akordioak, demokrazia liberalaren sinesmen bera partekatzen dugun herrialdeekin, adimen artifiziala edo defentsa bezalako sektoreetan inbertitzeko”.
Garelli: “Ezin dugu itxaron nazioarteko erakunde handienak ados jartzera 8.000 milioi biztanle dituen planeta batean”
Horrekin batera, egungo globalizazioaren beste ezaugarri bat azkartasuna dela esan zuen ekonomialariak. “Ezin dugu itxaron nazioarteko erakunde handienak ados jartzera 8.000 milioi biztanle dituen planeta batean”. Erakunde horiekiko menpekotasuna arindu daitekeela uste du suitzarrak, herrialdeen arteko itunak eratuta, eta beraz, ziurgabetasun handiko mundu batean, “harremanak biderkatu” behar direla zioen. Horren adibide jarri zuen Singapur edota Arabiar Emirerri Batuek bultzatutako hainbat herrialde txikiren arteko nazioarteko sarea.

Administrazio eraginkorrak, enpresa hibridoak
Administrazio "lehiakor, indartsu eta eraginkor” bat izatea da giltzarria Garelliren ustetan. “Suitzan, Genevako bankuko langile batek eta Alpetako mendietan lan egiten duen baserritar batek ez dute hizkuntza bera erabiltzen, ez dute erlijio bera… oso diferenteak dira, baina biak administrazio eraginkor beraren pean daude". Hau da, tokiko nahiz nazioarteko lehiakortasuna eta komunitate baten ongizatearen arteko lotura behar du izan administrazioak, eta eraginkortasunez aritzeak egiten du herrialdea arrakastatsu, adituaren aburuz.
James Wilson Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendari nagusiaren galderak erantzuten aritu zen Garelli, eta besteak beste, egungo enpresak globalizazioaren testuinguruan nola jokatu behar duten hausnartu zuten. “Enpresa hibridoaz” aritu ziren, hau da, errentagarritasunaz gain, gizarte inpaktuari geroz eta zentralidade handiagoa ematen dion erakunde motaz. “Erakundeok soluzioaren parte dira", argitu zuen Garellik, aitzitik, aitortu zuen “oso zaila" dela gaur-gaurkoz erakundeentzat lehiakortasunari eustea, eta, era berean, gizartean eragin positiboa sortzea.
Garelli: "Enpresek ikuspegi globala behar dute izan, hots, nazioartera irekita daude, baina ezinbestekoa da euren komunitatera errotzea, tokiko balioak ez alboratzea"
Belaunaldi gazteen balio eta portaera aldatu egin da, eta konpainiak euren balio sistema berarekin lerratuta egotea bilatzen dute. “Enpresak ez badira egokitzen belaunaldi berrien balio sistemetara, ez gara izango gai talentu onenak erakartzeko”, azpimarratu zuen, eta erakunde "hibrido" horrek ere beste ñabardura baduela gaineratu zuen. "Egun enpresek ikuspegi globala behar dute izan, hots, nazioartera irekita daude, baina ezinbestekoa da euren komunitatera errotzea, tokiko balioak ez alboratzea".
Egoera ezegonkorretan, aurreikuspen hutsalak
Josu Ferreiro Aparicio EHUko irakasle eta ekonomialariak politika ekonomikoak gizarte baten ongizatean nola eragin dezakeen aztertu zuen atzoko topaketan. Globalizazio eta etengabeko ziurgabetasunaren garaian, ekonomialariek ekonomiaren bilakaera aurreikusteko dituen zailtasunaz aritu zen, besteak beste, eta zera esan zuen: “ekonomialariak oso onak dira iragana aurreikusten”. Etorkizuna aurreikustea, ordea, ameskeria ote?
Bada, nola gauzatu lehiakortasuna eta ongizatea areagotuko duen politika ekonomiko eraginkor bat? Belaunaldi zahar eta berriak hobeto bizitzea ahalbidetuko duen eredu ekonomiko bat? “Ekonomiaren egoera ezegonkorretan zailagoa izatean da eragile desberdinen portaera aurreikustea”, zioen Ferreirok, eta "informazio asimetrikoaren kontzeptua" aipatu zuen: “ekonomialariok etorkizuna aurreikus dezakegu normaltasun eta egonkortasun egoeretan, agente ekonomikoen portaera egonkorra eta errepikakora denean. Kasu hauetan, etorkizuna planteatzen da soilik arrisku terminoetan, eta probabilitate objektiboak aztertzen dira".
Josu Ferreiro: “Norbaitek ba al daki 2026ko azaroan zein izango den Trumpen muga zergen gaineko politika?"
Arazoak, ordea, normaltasun egoerarik ez dagoenean datoz. "Batzuetan ez gara gai errealitate berria interpretatzeko; bestetan ez dugu informazio nahikorik. “Norbaitek ba al daki 2026ko azaroan zein izango den Trumpen muga zergen gaineko politika?", galdetu zuen EHUko ekonomilariak.
Zisne beltzak
Ekonomian zisne beltzez hitz egiten da eragin ekonomiko larriak izan ditzaketen etorkizuneko gertakariez hitz egitean, betiere etorkizuneko egoera horiek errealitate bilakatzeko probabilitatea oso txikia denean. Horiek gertatzeko aukera hain da txikia non gizartearen jokabidea ez den baldintzatzen. Meteorito batek lurra jotzea jarri zuen adibidetzat Ferreirok.
Bada, 2008ko finantza krisia edota globalizazioren azken aurpegia azaleratu zuen Covid pandemia lirateke zisne beltzak. “Normaltasun egoera batean, politika ekonomikoa egitea nahiko sinplea da. Interes tasetan, gastu publikoan eta zergetan aldaketa txikiak eginda, gizartea norabideratzen da gastu edo ekoizpen ohiturak aldatzera.
Ferreiro: “Egungo ekonomiek aurre egin behar diete erronka batzuei, eta erronka horiek zalantzan jartzen dute ekonomien gaitasuna ez soilik lehiakortasuna areagotzeko, baizik eta duguna mantentzeko ere”
Baina, orain ez gaude normaltasun egoera batean, eta ez da nahikoa interes tasak igo edo jaistea, zor publikoa handitzea edo dirudunei zergak igotzea. “Egungo ekonomiek aurre egin behar diete erronka batzuei, eta erronka horiek zalantzan jartzen dute ekonomien gaitasuna ez soilik lehiakortasuna areagotzeko, baizik eta duguna mantentzeko ere”.
Globalizazioak sortutako erronka guztiei aldi berean aurre egiten ari garela gogoratu zuen Ferreirok: teknologia berriak, aldaketa klimatikoa, biztanleriaren zahartzea, desindustrializazio prozesuak, inflazioa, balio-kate globalen apurketa, protekzionismo ekonomikoaren gorakada, ezegonkortasun politikoa, Europako herrialde handienen geldialdi ekonomikoa... "Arazo asko ditugu, eta horien jatorriak oso desberdinak dira. Horren aurrean komunitate bezala erantzun eraginkorra eman behar dugu", bukatu zuen.