Historian osoan zehar zerbaitengatik bada ezaguna Grezia filosofiaren jaioterria izan delako da, egun ezagutzen dugun mendebaldeko kulturaren jatorria. XXI. mendean, ordea, herrialdea kolpatu zuen krisiagatik gogoratzen dugu. 2008an, eurogunean sartu ostean, egundoko finantza krisiak egin zuen eztanda herrialdean, eta 2015era arte euroa eta bere sistema osoa kolokan jarri zuen atzeraldi ekonomikoan murgildu zen.
Greziaren zor publiko erraldoiak nazioarteko merkatuen konfiantza galera ekarri zuen, eta 2009ko abenduan, Atenasko burtsak %6 egin zuen behera. Eurogunetik at geratzeko arrisku handian izan zen, eta gobernuak hainbat neurri hartu zituen defizit publikoari aurre egiteko. Egoera, ordea, oso larria zen, eta herrialdea erreskatatzeko eskaera egin behar izan zien Europako Batasuna, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsari, artean Troika deitutakoari.
Hiru programatan banatutako 240.000 milioi euroko erreskatea jaso zuen Greziak, baina neurri zorrotzeko baldintzak ezarri zitzaizkion. Besteak beste, zergen igoera edota sektore publikoaren erreforma sakona egin zen, enpresa ugarik porrot egin zuten, aktiboak saldu behar izan zituzten, enpresetako langile ugari kalean geratu ziren eta soldatak nabarmen murriztu ziren. Estatuko gutxieneko soldata gordina 751 eurotik 580 eurora murriztu zen, hots, % 22ko jaitsiera jasan zuen.
Hiru programatan banatutako 240.000 milioi euroko erreskatea jaso zuen Greziak, baina neurri zorrotzeko baldintzak ezarri zitzaizkion
Austeritate neurri horiek defizita murriztea eragin zuten, baina, 2008 eta 2013 artean, Greziako BPGa %25 uzkurtu zen, eta langabezia tasa %27,5eraino heldu zen. Gazteen arteko langabezia (15 eta 24 urte artekoena) %50etik gora kokatu zen, eta, 2,5 milioi pertsona pobrezian bizi ziren.
Herrialdearen metamorfosia
Gezurra badirudi ere, krisiak eztanda egin zuenetik 15 urtera, Greziaren egoera ekonomikoak nabarmen egin du hobera. Hainbat adierazle makroekonomiko maila baxuan egonda ere, egun, bertako ekonomia euroguneko beste herrialdeak baino azkarrago hazten ari da. Iaz %2 hazi zen BPGa, eta 2024ko lehen hiruhilekoan %0,7. Are gehiago, 2022tik Greziako burtsak Euro Stoxx 50k baino portaera hobea izan du. Bere burua finantzatzeko gai da, eta herrialdeko industria berpizten ari da.
Kontsumo pribatuak nahiz inbertsioak eragin du Greziaren bilakaera ona. Inflazioaren presioa apalduta, eta enplegua eta biztanleen erosahalmena handituta, kontsumo pribatua herrialdeko BPGaren %76,9 izan da urteko lehen hilabeteetan. Halaber, 2009tik langabezia tasa baxuena du herrialdeak, %10,8koa, hain zuzen. Hori gutxi balitz, banku sektorearen osasunak ere nabarmen egin du hobera, berankortasun tasa jaitsi delarik. 2016an, %50etik gertu zebilen; 2023ko lehen hiruhilekoan, aldiz, %8,8an.
Greziako ekonomia euroguneko beste herrialdeak baino azkarrago hazten ari da. Iaz %2 hazi zen BPGa, eta 2024ko lehen hiruhilekoan %0,7
Bilakaera positiboa ikusita, 2024an eta 2025ean BPGaren %2,1eko superabita sortzeko helburua ezarri du Greziak, eta badirudi 2023ko emaitza onak kontuan hartuta, helburua lortu dezakeela. Era berean, zor publikoaren ratioa bederatzi puntu jaitsi du 2024ko lehen hiruhilekoan, %159raino, 2021ean BPGaren %200 baino gehiago zenean, eta hurrengo hiruhilekoetan berriro nabarmen jaistea aurreikusten du gobernuak.
Egoera ekonomiko berriak atzerriko inbertsioa berriz erakarri du herrialdera, eta merkatuek konfiantza irabazi dute. Aitzitik, badira zenbait desoreka eta ahulgune Greziaren ekonomian. Herrialdeko BPGa egun 2009ko mailatik oso urrun dago, eta 2022an, esaterako, 20 puntu beherago zegoen; kontu korronteko defizitak oso handia izaten jarraitzen du (BPGren ia %10 2022an); arestian aipatu bezala, BPGren gaineko zor publikoaren ratioak ere maila altuetan dirau (EBko altuena da); eta langabezia-tasa azken urteetako baxuena bada ere, %10 inguruan da oraindik. Halaber, Greziako gizarte kohesioa nabarmen hobetu daiteke, pobrezia arriskuan dagoen biztanleria maila handiena duen Europako Batasuneko (EB) hirugarren herrialdea baita Errumania eta Bulgariaren atzetik.
Herrialdearen diru-sarrera nagusiak itsas garraioa, nekazaritza, zerbitzuak eta turismo sektoretik datoz egun. Turismoa, esaterako, herrialdeko BPGaren %15 baino gehiago da. 36 milioi turista izan ziren Grezian iaz. Krisiaren urte gogorrenetan, zorrari aurre egiteko, irlaren bat saldu beharko zuela proposatu zuten EBko zenbait agintarik. Ez zen halakorik gertatu. Herritarrek sufritu zuten krisiaren alde gogorrena, ez herrialdeko 6.000 uharteek. Orain horiek guztiak dira herrialdearen ekonomia eusten dutenak, besteak beste.