• EKONOMIA
  • Gutxieneko pentsioen Herri Ekimen Legegilea atzera bota du Eusko Legebiltzarrak

Gutxieneko pentsioen Herri Ekimen Legegilea atzera bota du Eusko Legebiltzarrak

Pentsiodunen ordezkariak “adarjotze” eta “iruzur antidemokratiko” gisa definitu du erabakia

Proposamenaren aldeko 145.142 sinadura lortu zituzten pentsiodunek | Argazkia: Europa Press
Proposamenaren aldeko 145.142 sinadura lortu zituzten pentsiodunek | Argazkia: Europa Press
2025eko irailaren 25a - 12:23

Eusko Legebiltzarrak ezezkoa eman dio Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako Herri Ekimen Legegileari (HEL), zeinak eskatzen zuen gutxieneko pentsioak 1.189 eurokoak izatea (hamalau pagatan), alegia, Gutxieneko Lanbide-arteko Soldatarekin (GLS) parekatzea.

 

Erabakia “adarjotzea” eta “iruzur antidemokratikoa” dela gaitzetsi du Ana Mezo pentsiodunen ordezkariak. Gogorarazi du 145.142 pertsonek babestu dutela HELa, eta adierazi du “ez dela logikoa” proposamenari ezezkoa ematea. “Ia 100.000 pertsonengan” izango luke eragina HELak, eta, horregatik, “funtsezkotzat” jo du Mezok gutxieneko pentsioak igotzea.

Bestalde, argi utzi du Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) jasotzea ez dela nahikoa: 1.080,82 euro jasotzen dira hamabi ordainsaritan, eta “pentsioak eta soldatak, LGSa barne, hamalau ordainsaritan jasotzen dira”. Hori gutxi balitz, “DBE jasotzen dutenen herena pentsiodunak direla esaten da”, gaineratu du Mezok.

 

Bilduko eta Sumarreko ordezkariek berretsi dute “pentsio duinen aldeko” tramitazioa babesten dutela; kontrara, PNV taldeak esan du igoerak “juridikoki eta ekonomikoki bideraezinak” direla, “gastu iraunkor jasanezinak arriskuan jarriko luketelako babes-sistema osoaren oreka ekonomikoa”, eta gaineratu du pentsioen gaineko erabakiak “Madrilen hartzen direla, eta ez hemen”.