• EKONOMIA
  • Hainbat mugimendu sozialek bat egin dute martxoaren 17ko greba orokorrarekin

Hainbat mugimendu sozialek bat egin dute martxoaren 17ko greba orokorrarekin

Salatu dute patronalak aberastasuna banatzeko edozein neurri blokeatzen duela, gutxieneko soldata propioarena tartean

Argazkia: LAB
Argazkia: LAB
2026eko otsailaren 18a - 12:59

Euskal Herriko hainbat mugimendu sozial, kolektibo eta eragilek martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat egin dute. Gutxieneko soldata propio bat eskatzeko aldarria egin dute egun horretan Hego Euskal Herriko sindikatuek. Zehazki, hilean 1.500 euroko soldata eskatzen dute, uste baitute gaur egun ezarritako Lanbidearteko Gutxieneko soldatak (LGS) ez duela bizitza duinik bermatzen.

 

Gaur Bilbon egin dute agerraldian hainbat mugimendu sozialek, sindikatuekin bat eginik adierazi dute “dena gelditu” eta “borroka irabazteko” ordua dela. Langile klasearentzat garai zailak direla gogoratu dute, eta era berean, nabarmendu dute sistema kapitalista “patriarkal eta arrazistak” hankaz gora jarri duela mundua, “joera autoritario eta faxistak” hauspotuta.

Eragileen hitzetan, boterea geroz eta esku gutxiagotan pilatzen da egun, eta langile klasearen zati handi bat alboratuta geratzen da, gizartearen marjinetan. Adierazi dute patronalak botere politikoa duela eta aberastasunaren banaketa ahalbidetuko lukeen edozein neurri blokeatzen duela. Gutxieneko soldatarekin hori gertatzen dela jakinarazi dute.

 

Manifestua irakurri dute eragileek, eta “krisi ekonomiko, sozial eta ekologikoaren testuinguruan pobrezia eta prekaritatea hedatzen” ari dela nabarmendu. Hala, gutxieneko soldata izan ezik, beste hainbat aldarri haizatuko dituzte martxoaren 17ko greban, hala nola, genero arrakala ezabatzea, jatorriarekin edo arrazarekin zerikusia duen diskriminazio ororekin amaitzea, aniztasun funtzionala duten pertsonen bizitza hobetzea, zerbitzu publikoen defentsa, jende guztiarentzako etxebizitza duina bermatzea, pentsio eta prestazio sozialen hobekuntza, euskararen eta erabakitzeko eskubidearen defentsa edota lan prekaritatearen aurka borrokatzea.