• EKONOMIA
  • Hegaluzearen kanpaina erritmo onean doa Gipuzkoan

Hegaluzearen kanpaina erritmo onean doa Gipuzkoan

Jada 6.869.116 kilo hegaluze jaso dituzte arrantzaleek, eta horietatik 3.586.953 kilo zuzenean lehorreratu dira Gipuzkoako portuetan

Argazkia: Kofradia
Argazkia: Kofradia
2026ko abuztuaren 21a - 09:58

Uda osoa lanean pasa ondoren, emaitzak iristen hasi dira, emaitza baikorrak. Arrantzaleak pozik daude, eta ez da harritzekoa: hegaluze nahikoa harrapatzen ari dira, iaz baino gehiago, eta aurreikuspenak onak dira. Gipuzkoako Baxurako Arrantza Ekoizleen Erakundeak egin du aurtengo hegaluzearen kanpainaren orain arteko balantzea, eta aurreikuspenen arabera, harrapaketa erritmoak ona izaten jarraituko du. 

 

Gaur egun arte Gipuzkoako arrantzaleek ia 6.869.116 kilo hegaluze jaso dituzte orotara; iaz, aldiz, une berean deskargatutako hegaluze kopuruak 6.223.259 kiloko pisua zuen. Arrantzatutako kopuru osoaren erdia baino pixka bat gehiago (3.586.953 kilo) zuzenean lehorreratu da Gipuzkoako portuetan, eta salmenta kiloa 3,77 eurokoa izan da batez beste.

Bada beste datu baikor bat ere: Gipuzkoako baxurako flotak kontsumitu du Espainiako Estatu mailan esleitutako hegaluze kuota osoaren %24,7. Estatuko kontsumo orokorra %47,02koa dela kontuan izanik, ondorioztatzen da Gipuzkoarrek egin dituztela orain arte harrapaketen erdiak. "Horrek agerian uzten du kanpaina honek garrantzi handia duela tokiko sektorearentzat", gaineratu du elkarteak. 

 

Hori gutxi balitz, elkartekoek gogorarazi dute Gipuzkoako baxurako arrantza ontziek eskuz harrapatzen dituztela arrainak, banan banan, produktua hondatzea saihestuz eta haragiaren freskotasuna bermatuz. "Teknika tradizional horrek nahi ez den edozein harrapaketa mota ezabatzen du, itsas ekosistemaren biodibertsitatea babestuz".

Oraindik ere hilabete batzuk falta dira aurtengo kanpaina amaitzeko, eta arrantzaleek lanean jarraitu beharko dute, Jaurlaritzak uztailean egin zituen aurreikuspenen arabera, urriaren erdialdera arte. Hala ere, bide onean doaz, eta aurreko ekitaldian lortutako zifretara (8.402.099 kilo harrapatu zituzten) iristeko ez da askorik falta.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain