Hegaluzearen kanpaina, zalantzaz betea

Erregaien prezioen gorakadak eta garraiolarien mobilizazioak tarteko, euskal arrantzaleak kezkati daude hasi berri den hegaluzearen kanpainari begira

Arrantzale batzuk, Getarian, hegaluzearen kanpainan | Argazkia: Itsas Etxea Kofradia Arrantzale batzuk, Getarian, hegaluzearen kanpainan | Argazkia: Itsas Etxea Kofradia

Arrantzaleak itsasoan daude hegaluzearen bila. 2022. urtean kuota maximo historikoekin, kanpaina honetarako Espainiako arrantzarako aukerak arrain honen 18.000 tona inguru izango dira. Hala ere, gasolioaren prezio handiak eta horrek ontziei dakarkien gainkostuak zalantzan jartzen du baxurako flotaren errentagarritasuna. Urte bukaera arte itxaron beharko da kontuak ateratzeko.

Hegaluzea ICCAT (Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordea) nazioarteko erakundeak kudeatzen duen arraina da. Erakunde honek erabakitzen du urtero dagokion TAC edo kupoa, eta gero herrialde artean banatzen da. Espainiari zehazki 18.126 tona dagozkio aurten. Beste arrain mota batzuk Espainian barkuka edo modalitateka banatzen dira, eta erkidego bakoitzak du arrain hori kudeatzeko gaitasuna. “Baina hegaluzearen kasuan ez da hori gertatzen, ez da banaketa lurraldeka egiten; gero eta barku gehiago daude hegaluzea arrantzatu nahian, eta arrantza esfortzua asko handitzen ari da”, azaldu du Miren Garmendiak, Gipuzkoako Arrantzale Kofradiako idazkariak. 2021eko kanpainan, Gipuzkoako arrantzaleek 8.000 tona inguru arrain harrapatu zituzten eta 28 milioi euroko fakturazioa izan zen.

Erregai gehien kontsumitzen duen kanpaina

Hegaluzea migrazio handiko arraina da, eta Bizkaiko golkora janari bila hurbiltzen da. “Marea baten egunak 10-15 egunekoak izan daitezke, segun eta zenbat denbora behar diren izozkailuak betetzeko, eta kostatik zenbat milietara dauden”, gehitu du Garmendiak. Gaur egun, flota euskal portuetatik 20 bat ordura dagoela esan du. Gasolioa eta gasolina litroa 2 eurotik gora egonik —ezin dugu ahaztu gasolioa funtsezko osagaia dela gure itsasontzietarako—, ontzien errentagarritasuna faktore askoren araberakoa izango da aurtengo kanpainan, hala nola kanpainaren amaieran jasotako kopurua, edo enkantean saltzen den arrainaren salmenta-prezioa. Honekin guztiarekin oso kezkatuta azaldu da kofradiako idazkaria. “Erregai gehien kontsumitzen duen kanpaina da hegaluzearena, eta gastu oso handia izaten da barkuentzat. Bestalde, gure salmenta enkantean egiten denez, kostu honen igoera ezin zaio arrainaren prezioari gehitu. Enkantean arrainak duen prezioan gure esku ez dauden faktore askok eragiten dute, eta arrantza olinpiko sistemak ez du batere laguntzen. Gure kuota propioa izango bagenu, prezio hobea lortzeko aukera negoziatu eta planifikatu ahal izango genuke, baina gaur egungo baldintzekin hau ez da posible”, gaineratu du.

Miren Garmendia: “Erregai gehien kontsumitzen duen kanpaina da hegaluzearena, eta gastu oso handia izaten da barkuentzat”

Eusebio Arantzamendi Ondarroako Arrantzale Kofradiako buru eta Bizkaiko Arrantzale Kofradien Federazioko lehendakaria da. Bizkaiko arrantzaleak ekainaren 10-11ean itsasoratzen hasi zirela esan du, eta aurtengo kanpainarekin kezkatuta dago. “Erregaiaren koste izugarriei beste arazo bat gehitu behar diogu: garraiolariak bilerak egiten ari dira eta ez dute baztertzen greba egitea. Epe motzean badirudi ez dituztela kamioiak geldituko, baina epe luzean ez dakigu zer gertatuko den, eta grebara badoaz horrek ere guri kalte ikaragarria egingo liguke. Arrantzatutako arraina nork banatuko luke? Garraiolariek gelditzea erabakitzen badute, akabo hegaluzearen kanpaina; gureak egin du”.

Azken urtetan, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlan estuan ari dira arrantzaleen ordezkariak, arazo orokorrei nola aurre egin aztertzeko. “Eusko Jaurlaritzarekin harreman handia dugu, eta argi dugu denok kuotaren banaketa ezinbestekoa dela kanpaina errentagarria izan dadin eta lan baldintzak hobetu daitezen”, dio Garmendiak. Arantzamendik, bestalde, irtenbideak bilatzeko harago joan behar dela gehitu du, Europara, alegia. “Bruselatik etorri behar du erantzunak, erregaiaren prezioan eragiteko ezer gutxi egin dezakete gure erakundeek. Europako Merkatu Bakarrean gabiltzan guztion arazoa da, ez soilik gurea: Frantzia, Italia… denok gaude egoera berdinean”. Hegaluzearen prezioari dagokionez, une honetan nahiko txukun dagoela gehitu du, baina ez du luzaro iraungo. “Kiloa 6-8 euroan, eta 10 euroan ere ordaintzen ari dira. Ez da prezio txarra, ados. Baina mantenduko al da prezio hau kanpaina aurrera joan ahala? Hortxe koxka! Kanpaina egonkortzen doan heinean, arrantzatutako kopurua handitzen joan ahala, prezioak behera egingo du”.

Itsasora bai ala bai

Arrantzaleek hilabeteak daramatzate erregaien prezioaren inflazioak bultzatutako zurrunbilo betean, errentagarritasuna bilatzen eta ahalik eta gehien saltzen. Garmendiak azaldu duenez, Gobernuak "egunero topeak jartzera" behartzen ditu. Horregatik, gremioko gain kostuak arintzeko proposatzen dituzten neurri guztien artean, asteko kupoak aldatzea dago, “hau da, egun batean lau egunetan arrantzatzen dena jasotzea, adibidez. Hala, baxurako flotak murriztu egingo luke asteko itsasora isurtzen den erregaiaren gastua”. Bizkaiko ordezkariak bideragarri ikusiko luke halako irtenbideren bat, baina “zer gertatuko litzateke prezioekin? Nola egingo genuke hauek mantentzeko? Kopuru asko batera arrantzatuz gero, arrainaren prezioak behera egingo luke. Arazoa oso konplikatua da”.

Eusebio Arantzamendi: “Kiloa 6-8 euroan, eta 10 euroan ere ordaintzen ari dira. Ez da prezio txarra, ados. Baina mantenduko al da prezio hau kanpaina aurrera joan ahala?"

Egoera irauli ezin bada mobilizaziorik egitea ala ontziak ez itsasoratzea aurreikusten ote duten galdetuta, ezezko borobila eman diote biok EnpresaBIDEAri. “Arraina dagoenean arrantzatu behar da, eta orain da garaia”, esan du Garmendiak. “Ez itsasoratzeak arrantzale guztiek 0 irabazi izatea ekarriko luke, eta egoera are larriagoa izango litzateke”. Arantzamendik ere ez du uste ontziak portuan uzteak ezer konpontzeko balioko lukeenik. “Atera egin behar dugu, eta egoera zein den ikusi. Antxoarekin kanpaina polita egin dugu, eta hegaluzearekin edozer gerta daiteke. Faktore eta aldaera askok eragiten dute hegaluzearen arrantzan: ez dakigu nora joan beharko dugun bila. Ez da gauza bera arraina kostatik gertu egon edo 300 milatara joan behar izatea. Kanpaina ahalik eta txukunena egiten saiatu beharko dugu.”.

Arazoak arazo, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen arteko elkartasuna azpimarratu nahi izan dute batak nahiz besteak. Aurreikuspenak onak ez badira ere, bi lurraldeetako kofradiek oso garbi dute hartu beharreko erabakiak eskutik helduta hartuko dituztela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK