Hego Euskal Herriak banku-bulegoen ia erdia galdu du azken 15 urteetan

2.673 sukurtsal izatetik 1.374 izatera igaro da, bulegoen %48,57 itxi dira. Sukurtsalen %80 bost banketxeren eskuetan daude

Sukurtsalen %80 bost banketxeren eskuetan daude | Argazkia: iStock Sukurtsalen %80 bost banketxeren eskuetan daude | Argazkia: iStock

Banketxe eta bulego gutxiago daude urtez urte Hego Euskal Herrian. Hori ondorioztatu du, ostiral honetan EITBk eta Tokikomek abian jarritako Saretzen proiektuak, izan ere, EAEn eta Nafarroan banku-bulegoek izan duten bilakaera aztertu dute. Argitaratutako datuen arabera, bi lurraldeek duela 15 urte zituzten banku-sukurtsalen ia erdia galdu dute; 2008an hasi zen beherakada, eta, pandemiaren ondoren, areagotu egin da. Zehazki, Hego Euskal Herria 2.673 banku-sukurtsal izatetik 1.374 izatera igaro da. Ehunekoetan, %48,57 bulego itxi dira.

Denera, 2008az geroztiz, Euskal Autonomia Erkidegoan 1.034 bulego gutxiago daude, %51 egin du behera. Nafarroaren kasuan, 317 bulego gutxiago daude, %44. 

Lurraldeka, Bizkaian itxi dira sukurtsal gehien, kopuru osoaren erdia baino gehiago (530), Gipuzkoan 266 eta Araban 186. Hiriburuetaz gain, urte hauetan bulego gehien itxi dituzten herriak Barakaldo, Getxo, Portugalete, Durango, Irun eta Eibar izan dira. Oro har, EAEn, udalerri guztiek galdu dituzte sukurtsalak, Iruña Oka ezin ezik (bulego bat gehiago du). Halaber, EAEn 21 udalerrik sukurtsal guztiak galdu dituzte.

Sukurtsalen %80a, bost banketxeren esku

Espainiako Bankuak jasotako datuen arabera, Hego Euskal Herrian dauden sukurtsalen %80a Caixabank, Kutxabank, Nafarroako Rural Kutxa, Laboral Kutxa eta BBVAaren bulegoak dira. 2015ean, krisi ekonomikoa pasa eta gero, 40 entitate zeuden Hego Euskal Herrian. Bederatzi urteren buruan, 27 banketxe daude. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK