
Mugarriz mugarri egiten omen da bidea eta EnpresaBIDEA, hiru urte bete berritan, mugarri handira ailegatu zen atzo bere bigarren topaketa antolatuta. Donostiako Eureka! Zientzia museoan bildu ziren Euskal Herriko hainbat eragile ekonomiko, asko hedabidearen bidelagun izan diren entitateak. Denera, ehun bat gonbidatu. “Gaur denok hemen bilduta izatea guretzat pauso benetan handia da, eta lortu dugun harrera proiektu honek duen herri-konpromisoaren isla iruditzen zaigu”. Karolina Sainz de Bikuñaren hitzak dira. EnpresaBIDEAko kudeatzaile eta negozio arduradunak abiatu zuen Euskal ekonomiaren etorkizuna, zer eta nola lelopean egindako ekitaldia.
Hiru urteko bide “malkartsuan”, hedabideak 2022an jasotako Rikardo Arregi Komunikazio Saria gogoratu zuen Sainz de Bikuñak, baita 2023an eginiko lehen topaketa ere. Atzokoa, bigarren ekitaldia, orain arte egindakoa ospatzeko eguna izan zen. “2022aren apirilaren 25ean argitaratu botoia sakatu genuenean, ziurgabetasun ekonomikoaz hitz egiten genuen, pandemiatik atera berritan. Hiru urte beranduago, ziurgabetasun hori areagotu besterik ez da egin. Badakigu zergatik: mundua aldatzen ari da. Eta mundua aldatzen ari den garai hori kontatzea egokitu zaigu”, kontatu zuen negozio arduradunak.
Karolina Sainz de Bikuña: “Lortu dugun harrera proiektu honek duen herri-konpromisoaren isla iruditzen zaigu”
Eskertzeko eguna ere izan zen. EnpresaBIDEA babestu duten eragile publiko eta pribatuei, zein atzoko topaketa posible egin zuten entitateei ere: batetik, horren babesle izan diren, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Mondragon Taldea eta Kutxa Fundazioari; bestetik, ekitaldiaren antolaketan lagundu duten Adegi, Ayesa, Laboral Kutxa, Krean, Artizarra Fundazioa eta Miryam Artola Kontsultora Estrategikoari.
Etxeko "konponketak"
EnpresaBIDEArentzat beste mugarri garrantzitsua izan da orain gutxi martxan jarritako web orriaren diseinu berria, eta atzoko ekitaldia baliatu zuten hura aurkezteko. Maite Reizabal egunkariko zuzendariak adierazi zuen erakargarriagoak izateko asmoz, bi oinarri nagusi dituela webgune berriak: nabigazioa intuitiboagoa eta itxura garbiagoa. “Iruditzen zitzaigun elkarrizketatuei eta erreportajeetako parte hartzaileei ez ezik, egileei, eta bereziki, iritzigileei ere eskaintzen zitzaien espazioak aldaketa bat eskatzen zuela, egileen argazkiei eta izenei protagonismo handiagoa emanda”, gehitu du Sainz de Bikuñak.
Hedabidearen kolaborazio sarea osatzen dutenak gogoratu nahi izan zituen Reizabalek: “Egunero-egunero produktua ateratzeko gaitasuna izan badu, hiru urteetan eraiki duen kolaboratzaile sare zabalari esker izan da. Ahots horiei ikusgarritasun handiagoa ematean webgunean ez da aitortza bakarrik, dagokien lekua ematea baizik”.
Maite Reizabal: “Egunero-egunero produktua ateratzeko gaitasuna izan badu, hiru urteetan eraiki duen kolaboratzaile sare zabalari esker izan da”
Webguneaz gain, sare sozialetako eta buletineko diseinua ere aldatu du EnpresaBIDEAk. Egunero-egunero 1.200 harpidedunek jasotzen dute buletina, egunkariaren komunitatea sendotuz. "Irakurleari zuzenean hitz egiteko eta komunitatea egiteko buletina aproposagoa nahi genuen", gaineratu du zuzendariak.
Etorkizuneko ekonomia, gaurko erabakiak
Ospatzeko eta eskertzeko topaketa izateaz gain, hausnarketarako plaza ere izan nahi izan zuen atzokoak. Eta horretarako bi mahai-inguru izan zituen, bakoitza sarrera propioarekin. Lehen mahai-inguruaren sarrera Iñaki Ruiz Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Europako Funtsen sailburuordeak egin zuen, eta ekonomiak bizi duen egoerari buruzko erradiografiari heldu zion. Bere esanetan, “etorkizuneko ekonomiari buruz hitz egitea, gaurko erabaki eta norabideei buruz hitz egitea da”. Sailburuak gogoratu zuen EAEko ekonomia %2,2 hazi zela iaz, eta aurtengo lehen hiruhilekoan %2ko hazkundeari eutsi diola. Lan merkatuaren bilakaera “positiboa” ere nabarmendu zuen: “17.000 enplegu berri baino gehiago sortu ziren, eta 2025eko hastapenean joera horri eutsi zaio, urte arteko %1,5eko hazkundearekin lanaldi osoko enplegu baliokidean”.

Hori bai: dena ez da positiboa. Ruizek aitortu zuen kanpoko eskariak ez duela lagundu eurek espero bezala, ezta nazioarteko ziurgabetasunak ere. "Merkataritza-gerra bigarren hiruhilekoko adierazleetan dagoeneko islatzen has daiteke. Horrek eragin zuzena du eragile ekonomikoen konfiantzan, eta Nazioarteko Diru Funtsaren eta beste erakunde batzuen aurreikuspenak beheranzko joera izaten hasi dira ekonomia askorentzat”.
Ruizen hitzak testuinguru, oholtzara igo ziren Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Pello Rodriguez Mondragon Taldeko presidentea, Amaia Jugo Artizarra Fundazioko zuzendari nagusia eta Estibaliz Goñi I-DE Iberdrola Taldeko Prozesu eta Teknologia zuzendaria.
Pello Rodriguez: “50 nazionalitate dauzkagu kooperatiba batean, eta horren integrazioa lortu behar dugu”
Goñik hartu zuen hitza lehenbizi, “etorkizuna elektrikoa” dela aldarrikatuz. Bere esanetan, elektrifikazioa da autonomia energetikoa eta lehiakortasun industriala lortzeko bide bakarra. “Egungo sarea askoz ere konplexuagoa da, eta beste era batera kudeatu behar da. Berrikuntza sartu behar da sarean, adimentsuagoak izateko”, nabarmendu zuen.
Etorkizuneko ekonomiaren harira, eraldaketa demografikoa aipatu zuen Rodriguezek. “50 nazionalitate dauzkagu kooperatiba batean, eta horren integrazioa lortu behar dugu. Demografia eraldaketa sakona dago eta gehiago etorriko da. Lanketa handia dugu egiteko”. Era berean, sektore berriak probestearen garrantzia azpimarratu zuen: “Eraldaketa klimatiko-teknologikoak ere aukera asko emango dizkigu. Industria horretan ez gaude, eta bertan inbertitu beharra dago”.
Moderatzaile lanak Maite Reizabalek egin bazituen ere, hark mahaigaineratutako galderei bideo bitartez ehun ekonomikoko eragileen bideoak ere txertatu ziren solasaldian zehar. Lehena Xabier Eroa Ayesako Osasungintza Merkatuko eta Industriako zuzendariak bide bitartez eginikoa: eraldaketa digitalaren aurrean euskara zein egoetaran ikusten duten. Bada, Aldasororen arabera, euskara “erronka eta aukera” da. "Jaurlaritzarentzat lehentasunezko erronketako bat da adimen artifiziala elikatu eta sortzea, hor atzean ere industria bat dago. Ikerketa zentroak ditugu, Europan eredu direnak, eta euskararen ezagutza gero eta zabalagoa izanik, EnpresaBIDEA bezalako erremintak edukitzea aukera dira bidea egiteko”.

Rodriguezentzat, euskararekin ez dago eztabaidarik. “Gu euskara gara, eta ikusi behar duguna da euskararekin nola hobetu dezakegun lehiakortasunean. Espainiako Estatuko seigarren enplegatzaileak gara eta, oro har, euskaraz egiten dugu, arazorik gabe”. Jugok ildo beretik jo zuen, euskarak “berezitasuna” ematen duela zehaztuz. “Leku askotan berezitasunak aukerak dira, eta teknologia berriek euskara ulertarazteko erreminta gisa funtzionatuko dute euskaraz hainbeste egiten ez den lekuetan”.
Errotzea ere ez zuten alde batera utzi. Lehiakortasuna eta errotzea nola uztartu? Artizarrako zuzendariak zera adierazi zuen: "Bereziki Euskal Herriko enpresetan inbertitzen dugu, nahiz eta munduari begira egon behar garen. Errotzea hiru aldetatik hausnartu dugu: enpresaren errotzea (egoitza hemen egotea eta hornitzaileak) kapitalaren errotzea eta talentuaren errotzea”.
Mahai-inguruko azken galdera Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Foru diputatuak egin zuen, bideo bitartez. "Zein da behar dugun talentuaren profila, bai ezagutza teknikoaren ikuspegitik, bai abilezien ikuspegitik?", galdetu zuen. Parte hartzaileen erantzuna, baita gainontzeko hausnarketak ere, bihar EnpresaBIDEAk argitaratuko duen mahai-inguruari buruzko kronikan.
Hego Euskal Herrirako estrategia partekatuak
Bigarren mahai-inguruaren sarrera Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuari egokitu zitzaion. Aurreko mahai-inguruan aipaturiko zenbait ideiei erreferentzia egiteaz gain, solasaldirako gako zen ideia bat plazaratu zuen: “Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak erronka partekatuak ditugu eta horiek erantzun bateratuak behar dituzte. Estrategiak partekatu, baliabideak koordinatu eta elkarren osagarri izateko gaitasuna dugu”, azaldu zuen Anduezak. Izan ere, Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria eta Jon Ansoleaga SPRI taldeko zuzendaria aritu ziren solasean. Bigarrenak Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria sailburua ordezkatu zuen topaketan, azken orduan Lehendakariak deituriko Japoniarako bidai bat tarteko.

Irujo eta Ansoleagaren eztabaida Pilar Kaltzada EnpresaBIDEAko sortzaile eta bazkideak gidatu zuen. Lankidetza publiko-pribatuaren gakoak zeintzuk diren galdetu zien Kaltzadak, industriak bizi duen egoera gorabeheratsuaren testuinguruan. Irujo, argi: “Nafarroarentzat industria lehentasun bat da”. Foru erkidegoko BPGaren %31 da industria. Bere hitzetan, “industria une ikaragarri bat” bizitzen ari da, eta gogoratu zuen Nafarroako Gobernuak industria plana abiatu zuela orain hiru urte, sektoreko askotako eragileekin lanean.
Mikel Irujo: “Industria ez da gauzak ekoiztea soilik. Behar dira unibertsitateak, enpresak, zentro teknologikoak, ekintzailetza... hori dena finantzatu behar dugu"
Ansoleaga ere jakitun da industriak bizi duen garaiaz. Argitu zuen Jaurlaritzak laster aurkeztuko duela industriaren gaineko plan estrategikoa eta aurreratu zuen hiru ildo nagusi izango dituela: “industria gehiago, industria hobea eta isuri gutxiagoko industria”.
Mahai inguru horretan, Zenon Vazquez Elkargiko zuzendari nagusiari egokitu zitzaion bideo bitartezko galdera egitea. Finantzazioaren eztabaida mahaigaineratu zuen. Euskal enpresak oro har txikiak izanik, eta hazi eta sendotzeko finantzazioa funtsezkoa dute. Irujok, hein horretan, ekosistema jo zuen giltzarritzat: “Hau ez da gauzak ekoiztea soilik. Behar dira unibertsitateak, enpresak, zentro teknologikoak, ekintzailetza... hori dena finantzatu behar dugu. Munduak eskatzen diguna oso exigentea da eta erantzuteko prest egon behar dugu”.

Ansoleagak, era berean, orain dela gutxi aurkeztutako Euskal Finantza Aliantza aipatu zuen, zeinetan Euskal Herriko hainbat finantza erakunde dauden, eraldaketa industriala sustatzeko asmoz. Bestelako ideiak ere izan zituzten eztabaidagai, bihar EnpresaBIDEAk argitaratuko duen solasaldiko kronikan topatu ahalko direnak.
Egunkaria izaten jarraitzeko
Topaketa osoan zehar Miryam ArtolaMuxote Potolo Bat ekimen eta enpresaren sortzaile eta zuzendari nagusia aritu zen panel batean ekitaldiaren kontzeptu nagusiak marrazki bihurtzeko lanean. Topaketaren laburpen panela ondu zuen, zeinetan esandakoak bildu zituen irudi eta kontzeptu bidez. Argia ematen duen lantalde batetik abitatuta, komunitatea, euskara, egiteko moduak, digitalizazioa, berrikuntza teknologikoa, lankidetza, tokikoa eta globala, lehiakortasuna, jasangarritasuna, ongizatea, etorkizuneko euskal ekonomia, erronkak eta aukerak bezalako hitzez bete zuen arbela.

Kaltzadak itxi zuen ekitaldia, bertaratutako guztiei eskerrak emanez. “Bereziki eskerrak hasieran egunkaria izango zenik ere ez genekienean, egitea bazegoela esan zenutenei. Orain dela hiru urte gure buruari esan genion euskal ekonomia euskaraz euskal komunitateari zabaltzeko ea tokia bazegoen, erakutsi diguzue baietz”. Euskal Herriko ekonomiaz euskaraz egiten duen egunkaria jaio zen, badago eta izaten jarraitu nahi du. Eta euskal ekonomiaren etorkizuna kontatuko du.