Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek, ostegun gauetik igandera arte, lanuzteen hirugarren zikloa egingo dute. Beren lan-baldintzen negoziazioa dela eta, protestan dira beharginak azken hilabeteetan.
LABeko bost ordezkarik eta ELAko hiruk osatutako Enpresa Batzordeak ohar bidez jakinarazi du langileek greba egingo dutela osteguneko 22:00etatik igandeko 22:00etara.
Lanuzteek Oiartzungo AP-8ko bi zerbitzuguneei eragingo die, bai Frantziarako bai Bilborako noranzkoan; baita Aritzetako (Usurbil) AP-8ko bi gasolindegiei, Donostiarako eta Bilborako noranzkoan.
Langile batzordeak adierazi du langileek hilabeteak daramatzatela enpresarekin ituna negoziatzen, eta konpainiak ez dituela nahikoa urrats eman langileei baldintzak “duinak” eskaintzeko. Hori dela eta, udan bi greba ziklo egin dituzte, eta "ia erabateko jarraipena" izan dute. Hau hirugarrena izango da.
Langileek aldarrikatzen dute eurek “sortu eta enpresak lapurtutako gainbalioa berreskuratzea”, baita lanaldia murriztea eta kontziliazio neurriak hartzea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta