Hizkuntzen arteko bizikidetza: kultur eragile anitzen desafioa

XXI. mendeko lan eremua eleanitza izateak hizkuntza kudeaketa erronka bilakatu du erakunde askorentzat. Kultura esparruan, gainera, hizkuntzak are garrantzia handiagoa hartzen du. Kulturaren baitan hizkuntzaren kudeaketaren nondik norakoez hausnartu eta gogoetatzeko aukera eskainiko du Languages Lanean kongresuak urtarrilaren 19an Guggenheim Bilbao museoan.

Sortzailearen mezua ahalik eta modu zehatzenean helaraztea da itzultzailearen erronka handienetako bat | Argazkia: iStock Sortzailearen mezua ahalik eta modu zehatzenean helaraztea da itzultzailearen erronka handienetako bat | Argazkia: iStock

Hizkuntza kudeaketa egungo erronka handienetako bat da erakunde, enpresa eta bestelako antolakunde ororentzat. Zein hizkuntza lehenetsi, zer leku eman bakoitzari, nola zehaztu bat eta bestearen arteko bizikidetza edota nola neurtu erabilitako hizkuntza bakoitzaren balioa dira egunerokoan edozein esparruko erakundeek izaten dituzten buruhausteak.

Erronka horiek guztiak izango dituzte hizpide urtarrilaren 18 eta 19an egingo den Languages Lanean kongresuan. Bertan izango da, besteak beste, Xabi Paya kultur kudeatzaile eta sortzailea. “XXI. mendeko lan eremua eleanitza da definizioz”, dio Payak. Bere esanetan, egun langileak lan eta enpresa motaren arabera bertakoak diren hizkuntza ofizialak nahiz bestelakoak ere baliatu behar ditu bere egunerokotasunean.

Hizkuntza kudeaketaren erronkei buruz galdetuta, hiru nabarmentzen ditu Payak: “lehenik, enpresa guztiek ulertu behar dute hizkuntza kudeaketa euren egitekoa dela, ezinbestekoa dela gogoeta egitea eta hizkuntzaren aldagaiaren gainean erabakiak hartzea; bigarrenik, erabaki horiek gauzatzeko plana egin behar dute, eta plan hori baliabidez hornitu; azkenik, plan hori gauzatu, ebaluatu eta eguneratu behar dute”.

Xabi Paya: “enpresa guztiek ulertu behar dute hizkuntza kudeaketa euren egitekoa dela, ezinbestekoa dela gogoeta egitea eta hizkuntzaren aldagaiaren gainean erabakiak hartzea”

Izan ere, lana gure bizitzen ardatz nagusietako bat izanik, goitik behera zeharkatzen du gizartea. “Bizitzaren parte handi bat lanean ematen dugu, eta ezinbestekoa da eremu horretan hizkuntzek duten lekuaz eta balioaz jabetzea. Eta gure kasuan, nola ez, euskaraz jarduteko aukerak zabaltzea”, adierazi du.

Kultura esparruko kudeaketa

Hizkuntzen kudeaketak onura ekonomikoak, sozialak eta pertsonalak eragiten dituela uste du Payak. “Irudi korporatibo hobeak, langile inplikatuagoak eta bezero zoriontsuagoak”. Horren harira, kongresuaren helburua hizkuntzen kudeaketa "euren prozesuen erdigunean jarri edo txertatu duten enpresa edota erakundeen praktika eta ezagutzak aztertzea” dela azaldu du.

Payak zehazki kultur esparruko praktika egokiei buruzko mahai inguruak moderatuko ditu. Kulturan, apika, beste esparru ekonomiko batzuetan baino garrantzitsuagoa baita hizkuntza. “Kulturaren behatokiaren datuek erakusten dutenez, euskarazko kontsumoa gaztelaniazkoa baino apalagoa da konparagarriak diren esparruetan, eta horrek are beharrezkoagoa egiten du halako sektoreetako hizkuntza politikaz gogoeta egitea, erabakiak hartzea eta baliabideak eskaintzea”, azpimarratu du.

Xabi Paya: “Kulturaren behatokiaren datuek erakusten dutenez, euskarazko kontsumoa gaztelaniazkoa baino apalagoa da konparagarriak diren esparruetan”

Kultur esparruko hizkuntza kudeaketan, hiru aldagai bereizten ditu: informazio-hizkuntza (nola hitz egiten diegu bezeroei?), lan-hizkuntza (zein hizkuntzatan egiten dugu lan?) eta jarduera-hizkuntza (zein hizkuntzatan dira gure ekitaldiak/produktuak?). Hala, horietako bakoitzean diagnostikoak egitea, erabakiak hartzea eta aurrerapausoak ematea hizkuntza kudeaketa eraginkorra izatearen seinale izango dela dio.

Eta, ekuazio horretan zer leku du euskarak? Balio erantsia al da? Hala iritzi dio sortzaileak, “enpresa bat lehiakorra egiteko bidea” baita. “Zaila egiten zaigun moduan irudikatzea gizon eta emakumeen berdintasuna zaintzen ez duen enpresa bat, hizkuntzaren kudeaketan egiten den lanari esker, gero eta zailagoa izango da topatzea hizkuntza eskubideen arteko berdintasunari erreparatu ez dion enpresa bat”, nabarmendu du.

Xabi Paya: “Euskara txertatuta daukan hiztunak errazago erakarriko ditu euskaldunak, eta gainerako hiztunei transmitituko die bere ingurukoen ezaugarri aniztasuna zaindu eta sustatzeko interesa”

Euskaraz jarduten duen enpresak jendaurrean azaltzen baitu gizartearekiko erantzukizun irmoa duela kultur kudeatzailearen hitzetan. Euskal talentua erakarri eta langileak motibatu, bere ingurunean sustraitua dagoela erakutsiz. “Finean, euskara txertatuta daukan hiztunak errazago erakarriko ditu euskaldunak, eta gainerako hiztunei transmitituko die bere ingurukoen ezaugarri aniztasuna zaindu eta sustatzeko interesa”, bukatu du.

Guggenheim Bilbao Museoa, praktika onen adibide

Languages Lanean kongresuaren baitan, urtarrilaren 19ko mahai inguruan Euskal Herriko lau kultur erakunde eta topaketa ezagunen hizkuntza kudeaketa ezagutzeko parada izango da: Euskadiko Orkestra, Durangoko Azoka, Guggenheim Bilbao Museoa eta Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketa.

Kulturaren industriako askotariko esparruetan praktika interesgarriak garatzen ari dira. Arte garaikidearen nondik norakoak azaltzeko, besteak beste, Guggenheim Bilbao Museoko edizio eta itzulpenen koordinatzailea den Nerea Virto izango da kongresuan. Virtok ere eleaniztasuna jotzen du auziaren iturri nagusi, euren lan eremuan lau hizkuntza erabiltzen baitituzte: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa. Are gehiago, japonierarekin ere ari dira lanean orain.

Urtarrilaren 19ko mahai inguruan Euskal Herriko lau kultur erakunde eta topaketa ezagunen hizkuntza kudeaketa ezagutzeko parada izango da

“Terminologia izan da gure erronketako bat” dio Guggenheimeko langileak. “Euskararen arloan, beste askotan bezala, bide berriak jorratzen aritu gara. Gaur egungo arte modernoa aldatzen doa egunez egun, eta esparru berriak sortzen dira bideo artean, "performance"-an edota instalazioetan, eta horrek denak diskurtso bat sortzen du. Diskurtso hori euskaraz edo beste hizkuntza batean emateak, ikerketa handia egitea ekartzen du”, nabarmendu du.

Era berean, beste egiteko batzuen artean hizkuntzaren kalitateari eustea, naturaltasuna lortzea eta hainbat euskarritara egokitzeko gaitasuna izatea ere aipatu ditu Virtok. “Ez da berdina entzuteko gida baterako testua edo katalogo baterako testua lantzea, edota bisitari bati erantzuteko eskutitza egitea”.

Nerea Virto: “Gaur egungo arte modernoa aldatzen doa egunez egun, eta horrek denak diskurtso bat sortzen du. Diskurtso hori euskaraz edo beste hizkuntza batean emateak, ikerketa handia egitea ekartzen du”

Artean, gainera, sortzailearen mezua ahalik eta modu zehatzenean helarazi beharra dago. “Askotan hildako artistak dira, eta ezin da haiekin ezer kontsultatu”, dio Virtok. Itzulpenak kudeatzerako garaian, “artearen profesional jantziekin” lan egiteak zailtasunak badituela aitortu du. Hala ere, arte arduradunen laguntza dutela dio: “arte erakusketa bat muntatzeko ideia beti da arte arduradun batena, eta hark egiten du ikerketa. Berak gainbegiratzen du katalogoaren, testuaren eta entzuteko gidaren edukia, orduan nolabaiteko laguntza daukagu beti, benetan ziurtatzeko errespetatzen dela artista horrek transmititu nahi izan ziguna”.

Euskarari ikusgarritasuna eman

Guggenheim Bilbao museora gerturatzen diren bisitarien %60 baino gehiago atzerritarrak dira. Hala eta guztiz ere, hasieratik euskara lehenesteko hautua egin zuen museoak. “Gure komunikazio guztietan eta bisitariek ikusten duten euskarri guztietan euskara dago lehenengo. Horrek daukan zailtasuna zera da, batez ere, jatorrizko lan hizkuntza edo guri datozkigun material gehienen hizkuntza ingelesa eta frantsesa direla”.

Virto 1997an hasi zen lanean museoan, eta jada erabakia hartuta zegoela dio. “Hasieratik ulertu zen Guggenheimen Bilbao Museoa erakusleiho bat izango zela munduan, eta euskarari nolabaiteko presentzia eman behar zitzaiola. Agian, ez da errentagarria, baina kultura bera ere ez da errentagarria”.

Nerea Virto: “Hasieratik ulertu zen Guggenheimen Bilbao Museoa erakusleiho bat izango zela munduan eta euskarari nolabaiteko presentzia eman behar zitzaiola”

Euskararen aberastasuna lantzeko bide bat egin dutela dio edizio arduradunak, eta horren adibide jarri du Artitz plataforma, zeinetan orain arte museoak euskaraz landu dituen testu guztiak kontsulta daitezkeen bertan. Horrez gain, euskaraz komunikatu ahal izatea eta informazioa jasotzea bisitarien eskubidea dela gogoratu du. “Gure helburuetako bat euskarari ikusgarritasun bat ematea izan da”, argitu du.

-

Languages Lanean kongresura joan ahal izateko izen ematea zabalik da hemen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK