Hizkuntzen kudeaketa eremu sozioekonomikoan: euskara lehiakortasunerako aldagai

Geroz eta enpresa gehiagok txertatzen dute euskara beren barne nahiz kanpo komunikazioan. Hizkuntza bat baino gehiago kudeatu beharrak badu bere kostua, baina lehiakortasuna areagotzeko modua ere bada. Euskara erabiltzeak gainera, gizarte erantzukizuna erakusten du, baita erakundearen jatorri geografikoa errespetatzea ere

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Esparru sozioekonomikoan euskarak egin du bere tokia azken urteotan. Aitzitik, espazio ugari ditu oraindik hartzeke. Enpresa nahiz erakundeen egunerokoan hizkuntza hegemonikoak erabiltzen dira gehienbat, bai barnera begira, baita kanpora, merkatura, begira ere. Hizkuntzen kudeaketan euskara txertatzeak ostera, ekarri dizkie enpresa askori abantailak, eta lehiakortasun nahiz jasangarritasunerako bide bilakatu da gure hizkuntza. Gainera, euskara jardueraren erdigunean jartze hori sarritan langileen sustatutako egitasmoetatik etorri da, enpresaburu edo zuzendaritzaren partetik baino.

Ana Urkiza Bankoa – Abancako euskara arduradunaren ustetan, enpresa batean euskara txertatzeko bi gako daude nagusiki: gogoa izatea eta lan eremua euskaraz garatu nahi izateko helburu argia ezartzea. Langileen eta zuzendaritzaren aldetik bi alderdiak beharrezkoak direla iritzi dio. “Normalean masa kritiko bat dagoenean ematen da galdera, eta erabakiguneetara eramaten da. Euskara dakitenen kopurua lantalde erdia baino gehiagokoa den langileen artean sortzen da halako nahi eta ezinegon bat”.

Halako zerbait pasa zen GKN Driveline nazioarteko enpresaren Zumaiako lantegian. Ianire Flores giza baliabideen departamentuko langileak azaldu duenez, nazioarteko enpresa izan arren, 2006an lehen euskara plana egin zuten langileek bultzatuta. “Paisaia aldatu” zuten lehenengo, karteldegi guztiak euskaraz jarri. Gero, lan tresnak euskaratu zituzten. Planoak edota langileek egunero bete behar zituzten fitxak esaterako. “Benetako aldaketa lan tresnak euskaratzean eman zen. softwareak, nominak eta ordutegi kontrolerako erremintak euskarak ezarri genituen. Automobilgintza hiztegia ere sortu genuen”, dio Floresek.

Ianire Flores: “Benetako aldaketa lan tresnak euskaratzean eman zen. softwareak, nominak eta ordutegi kontrolerako erremintak euskarak ezarri genituen"

Egun, GKN enpresa britainiarrak euskara gainerako beste hizkuntza bat bezala kudeatzen du Zumaian. Floresen esanetan, dokumentazio guztietan euskara ere azaltzen da, txinatarra, ingelesa edota portugesarekin batera, “eta ez da oztoporik egon”. Nahiz eta kostu bat ekarri, langileek “negoziagarria ez zela” esan zuten, eta hizkuntza politika argia ezarri zen: dena euskaraz egitearena.

Hizkuntzaren industria "indartsu"

Enpresetako hizkuntzen erabilera baina, beste alderdi bat besterik ez da hizkuntzaren industria osoan. Lohitzune Txarola Langune Hizkuntzen Industrien elkarteko zuzendariaren hitzetan, lau arlo nagusi bereizten dira: irakaskuntza, itzulpengintza, edukiak eta teknologia, azken hau aurreko hiruren zeharkakoa delarik.

“Gaztelerarekiko euskararen berdintasuna aintzatesteko indar handia egin da” dio Txarolak, eta Euskal Herriko hizkuntza sektorea “indartsua” dela uste du. Itzulpengintzak kostu handiak ekarri dizkie erakundeei, eta hori ikusirik soluzioak bilatu ditu industriak, hala nola, itzulpen neuronalak. “Europako beste hizkuntza batzuk oraindik ez dute itzulpen neuronala eta euskarak bai”, dio.

Lohitzune Txarola: "Ingelesa hitz egingo duten enpresak nonahi daude, baina segur aski euskara hitz egingo dutenak ez dira hainbeste. Hori da gure balioa”

Horren harira, euskara, baliabideei dagokienez, norvegiarraren pare dagoela adierazi du Languneko zuzendariak, eta Europan ofiziala den Maltera “okerrago dago teknologikoki”. Dena den, ingelesaren nagusitasuna ez da ezbaian jartzen. Are gehiago, Europako Batasuna kezkatuta da, lan munduan hizkuntz anglosaxoiak duen presentzia izugarria dela eta, beste hizkuntzak alboratzen dituelarik. “Ingelesa hitz egingo duten enpresak nonahi daude, baina segur aski euskara hitz egingo dutenak ez dira hainbeste. Hori da gure balioa”, dio Txarolak.

Ingelesaren nagusitasuna

Shakespearen hizkuntzaren nagusitasunaz ere mintzatu da Karin van der Worp EHUko irakaslea. 2016an,  Multilingualism in the workplace: the voice of professionals (Eleaniztasuna lantokian: profesionalen ahotsa) izeneko tesia ondu zuen, enpresetako arduradun nahiz ikasleak elkarrizketatuz. “Beste herrialdeetan lan egiteko beste hizkuntzak behar direla badakiten arren, praktikan ikusten duguna da gehien erabiltzen den hizkuntza ingelesa dela”, dio.

Karin van der Worp: "Hizkuntza bat baino gehiagotan hitz egiten badugu, hori guztia ordaindu egin behar da, eta enpresak alderdi ekonomikoari begiratzen dio”

Ingelesa, batik bat, nazioartera begira erabiltzen da. Dena den, erakunde oroko eleaniztasunaren garrantziaz jabe direla ondorioztatzen du EHUko irakasleak, nahiz eta horrek kostu bat suposatu: "hizkuntza kudeatzeak nolabaiteko kostu edo esfortzu ekonomikoa dakar, eta enpresentzat kontuan hartzeko gauza da. Hizkuntza bat baino gehiagotan hitz egiten badugu, hori guztia ordaindu egin behar da, eta enpresak alderdi ekonomikoari begiratzen dio”, azaldu du.

Enpresak konbentzitzea

Bada, kostu ekonomiko horrek merezi duela azaltzeko enpresaburuak konbentzitzeko lanketa beharrezkoa da. Hein horretan, Urkizak “norbere mugetatik harago begiratuko beharko genukeela” dio. Euskarak onurarik ez dakarkiola pentsatzen duenak, segur aski, hizkuntza bakarrean bizi diren pertsonak direla adierazi du. “Ikuspegi oso murriztailea iruditzen zait, hizkuntza batek ez baitu sekula merkatua mugatzen”.

Ildo beretik jotzen du van der Worpek. Bere tesian elkarrizketatutako ikasleen profila zenbat eta eleanitzagoa izan, orduan eta garrantzia handiagoa ematen diote hizkuntzaren kudeaketari eta euskara bertan txertatzeari. Hala, gero eta inguru eleanitzago batean, etorkizunean euskara garrantzitsua izango dela iritzi dio.

Fernando Nebreda: “Enpresei ikusarazi behar zaie hizkuntzak berebiziko garrantzia duela. Eragile sozial izanik, erantzukizuna dutela, eta ahalegintzen gara ikus dezaten hizkuntza beharrezkoa dela kalitatezko zerbitzu bat eskaini ahal izateko”.

Halaber, Fernando Nebreda Oarsoaldea Garapen Agentziako zuzendariak, enpresak, oro har, hizkuntzen kudeaketa egitearen garrantziaz eta zehazki euskara erabiltzearenaz konbentzitu beharraz ere aritu da. “Enpresei ikusarazi behar zaie hizkuntzak berebiziko garrantzia duela. Eragile sozial izanik, erantzukizuna dutela, eta ahalegintzen gara ikus dezaten hizkuntza beharrezkoa dela kalitatezko zerbitzu bat eskaini ahal izateko”.

Lehiakortasuna jasangarritasunaren aiekatik

Ildo berean, Oarsoaldeako Garapen Agentziak lehiakortasuna XXI. mendean jasangarritasuna bezala ulertu behar dela uste du. Jasangarritasunak hainbat alderdi ditu, eta alderdi ekonomiko-finantzario oso garrantzitsua bada ere, ikuspegi “holistiko edo integralagoa” beharrezkoa da, jasangarritasuna gizartearen balioekin oso lotuta baitago, eta balioen artean hizkuntzak “berebiziko garrantzia” du.

Nebredaren esanetan, lehen enpresa edo ekintzaileengana jotzean, “eredu tradizionaletan oinarritutako faktore ekonomiko finantzarioak” hartzen ziren soilik kontuan, orain, ordea, hizkuntza ere hartzen da “bideragarritasun aldagai” gisa.

Ana Urkiza: “Edozein eremutan ere euskaraz jarduteak erakunde horrek bere jatorri geografiko horretako kultura babestearen alde egiten duen konpromisoa erakusten du”

Errentagarritasun ekonomiko soilaz harago, hizkuntzaren kudeaketa aurreratuak balio eransten baitio hura jorratzen duen erakudeari. “Gure hizkuntza zaintzeak egiten gaitu ezberdin”, dio Txarolak. Era berean, Urkizak zera dio: “edozein eremutan ere euskaraz jarduteak erakunde horrek bere jatorri geografiko horretako kultura babestearen alde egiten duen konpromisoa erakusten du”. Gainera, Bankoa - Abancako euskara arduradunaren arabera, halako hizkuntzen kudeaketa aurreratu bat egiteak, bestelako prozesuak ere maila berean kudeatzen dituen enpresatzat hartzea dakar.

Bai Urkiza, Flores, Txarola, van der Worp eta Nebreda urtarrilaren 18an eta 19an egingo den Languages Lanean kongresuan izango dira. Bakoitzak bere esparrutik, hizkuntzen kudeaketaren nondik norakoak aztertu eta azalduko dituzte hainbat mahai inguruetan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK