• EKONOMIA
  • Ia 4.000 plazako Lan Eskaintza Publikoa onartu du Jaurlaritzak

Ia 4.000 plazako Lan Eskaintza Publikoa onartu du Jaurlaritzak

Administrazio Orokorreko plazak izango dira, datozen hiru urteetan esleituko direnak. 1.900 Osakitzako lanpostuak izango dira eta 1.000 pasatxo hezkuntzakoak

Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Argazkia: Eusko Jaurlaritza
2024eko abenduaren 17a
Eg. 2024eko abenduaren 17a

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 3.949 lanpostuko Enplegu Eskaintza Publikoa onartu berri du. Datozen hiru urteetan gauzatuko diren deialdiak dira, 2025-2027 epean. Jaurlaritzak argitu duenez, Administrazio Orokorreko plazak izango dira, eta horietatik eratorritako beste erakunde autonomoetakoak (420 plaza).

 

1.106 plaza hezkuntzakoak izango dira, 23 plaza segurtasun arloko zerbitzu laguntzaileetara bideratutakoak eta 525 Ertzaintzakoak. Halaber, beste 1.935 plaza zuzenbideko erakunde publikoetakoak izango dira.

Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Maria Ubarretxena bozeramaileak zehaztu du 1.935 plaza horietatik 1.896 Osakidetzari zuzenduta daudela, lau Euskalmeti, 25 EJIE Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteari, bi plaza Visesa alokairuko etxebizitza babestuak sustatzeko sozietate publikoari eta zortzi Euskadiko Orkestrari.

 

Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, "helburua enplegu publiko egonkorra sustatzea da, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzen jarraitzeko".

Bestalde, egonkortzen prozesuei dagokionez, Jaurlaritzak gogoratu du EAEko Administrazio Orokorreko 3.400 lanpostu inguru behin betiko esleitzeko prozesua urtea amaitu baino lehen gauzatuko dela.