• EKONOMIA
  • Ia sei milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak tokiko enplegu eta garapen planetara

Ia sei milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak tokiko enplegu eta garapen planetara

Eusko Jaurlaritzak apiriletik aurrera zabalduko ditu planak 20.000 biztanletik gorako udalerrietan

Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
2026eko otsailaren 13a - 12:55

Eusko Jaurlaritzak ia 5,8 milioi euro bideratuko ditu 2026an Enplegu eta Toki Garapeneko Planak zabaltzera. Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak Irungo Bidasoa Bizirik garapen agentzian egindako agerraldian jakinarazi du datorren urtea izango dela plan horiek orokortuko diren urtea, eta aurrekontu horrekin bertan jasotako ekimenak martxan jarriko direla.

 

Hedapena bi fasetan egingo da. Apirilean hasiko da 20.000 biztanletik gorako udalerrietan, eta horrek hamalau plan berri eta 48 udal hartuko ditu barne. Ondoren, urrian, 10.000 eta 20.000 biztanle arteko erakundeetara zabalduko da egitasmoa, beste hamazazpi plan eta 36 udalerrirekin.

Torresek azaldu duenez, Enpleguaren 15/2023 Legea indarrean sartzeak aldaketa sakona ekarri du enplegu politikak ulertzeko eta antolatzeko moduan. Haren hitzetan, tokiko enplegu eta garapen planak dira “enplegu duin, inklusibo eta lurralde bakoitzaren errealitatera egokitutako ereduaren motorra”, eta udalerri zein aldundiak sistemaren erdigunean kokatzen dituzte, "inor atzean gera ez dadin".

 

2025ean abiatu zen fase pilotuak 1,56 milioi euroko aurrekontua izan zuen, eta 31 udalerri bildu zituzten hamaika plan jarri ziren martxan, tartean, Irun eta Hondarribia. Lehendakariordeak nabarmendu du lan hori ez dela teoria hutsa: “Abian da dagoeneko. Eta hemen, Irunen, errealitate bihurtzen ari da”, adierazi du, tokiko eragileen arteko lankidetza eta diagnostiko partekatuetan oinarritutako eredua azpimarratuz.

Gaurko aurkezpena Irunen | Argazkia: Irekia
Gaurko aurkezpena Irunen | Argazkia: Irekia