• EKONOMIA
  • Igor Villarreal: "Mubil talentua erakartzeko eta finkatzeko gai izaten ari da"

Igor Villarreal: "Mubil talentua erakartzeko eta finkatzeko gai izaten ari da"

Mubilen ekosistema gero eta sendoagoa da: Eskuzaitzetako eraikin berriak jauzi kualitatiboa ekarri du, nazioarteko konpainien eta tokiko 'start-up'en arteko aliantzak sortzen ari baita

Igor Villarreal Mubileko zuzendari nagusia | Argazkia: Foku / Gorka Rubio
Igor Villarreal Mubileko zuzendari nagusia | Argazkia: Foku / Gorka Rubio
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko urriaren 3a - 05:30

2023ko azaroan hartu zuen Igor Villarrealek (Donostia, 1972) Mubil mugikortasun zentroko zuzendaritzaren ardura. Ordutik, zentroak aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu: maiatzean Eskuzaitzetako (Donostia) Mubil Center inauguratu zen, hamar urte beteko dira laster Mubil Mobility Expo lehen aldiz antolatu zenetik, eta urriaren 23an ezagutuko dira Mubil Mobility Awards sarien bosgarren edizioko irabazleak. Mubil ekosistema etengabe handitzen ari da, tokiko zein nazioarteko enpresak erakarriz eta talentua Euskal Herrian errotzeko apustua eginez. Gauzak horrela, Mubilen egungo egoeraz eta etorkizun hurbilaz hitz egin du Villarrealek EnpresaBIDEArekin.

 

Maiatzean Mubil Centerren inaugurazioa, urrian Mubil Mobility Awards sariak, 2026ko martxoan Mubil Mobility Expo azoka… Garai esanguratsuak dira Mubilentzat?

Bai, garai garrantzitsua izaten ari da. Mubil Centerren inaugurazioa bera oso puntu esanguratsua izan da, salto kualitatiboa egiteko aukera eman digulako eta Mubilen estrategiaren bidean urrats handia izan delako. Aldi berean, bultzada eman digu ekosistema industrial eta teknologikoarekin dugun harremanean sakontzeko.

Mubil Mobility Awardsen kasuan, bosgarren edizioa izango urrikoa. Sari horiek oso funtsezkoak eta gero eta esanguratsuagoak dira, bertara aurkezten diren proiektuen eboluzioan antzeman daitekeen moduan. Urte hauetan start-up asko igaro dira gure ekosistematik, eta Mubil Mobility Expo ere bada horretarako oinarri garrantzitsua; osasunez oso ondo dagoen azoka da, are gehiago, 2026an hamar urte beteko dira lehen edizioa egin zenetik.

 

Eskuzaitzetako zentroaren inaugurazio ofiziala egin zenetik, zein da orain arteko zure balorazioa? 

Bost hilabete hauen balorazioa oso positiboa da. Hiru laborategiak martxan daude jada. Energia-biltegiratze laborategiak hasieratik eskari handia izan du eta aurreikuspenak bikoiztu ditugu. Hidrogeno-pilen laborategia eta trakzio elektrikoko laborategia martxan jartzen ari dira eta dagoeneko baditugu lehen bezeroak. Inaugurazioan hamar enpresa sartu ziren, eta horiek dinamismoa ematen diote zentroari. Eta, nola ez, eraikinak berak potentzial handia du eta ekosistema indartu du; jarduera ugari egiten ari gara, bai tokiko enpresekin, bai nazioartekoekin. 

"Zuzeneko 350 lanpostu sortuko dira, zeinak oinarri izango duten mugikortasuna eta teknologia"

Beraz, helburuak betetzen ari garela esan dezakegu: enpresei zerbitzu aurreratuak eskaintzen dizkiegu, merkaturatze denborak azkartzen laguntzen diegu eta EAEko beste laborategiekin elkarlana sustatzen ari gara. Pixkanaka, hiru laborategiak erreferente bihurtzen ari dira industriarentzat, eta Europako beste enpresekin ere sarea osatzen ari gara, interkonexioak sortzen.

Zentroaren inaugurazioan enpleguan izango duen eraginaz eta talentuaren erakartzeaz hitz egin zen. Ikusten al da emaitzarik bost hilabete beranduago?

Bai. Emaitzak gure eraikinean bertan ikus daitezke, baina baita Mubil ekosistema osoan ere. Eraikinari dagokionez, inaugurazioaz geroztik hamar enpresa (bi laborategi talde eta zortzi enpresa) ari dira gurekin bertan lanean, eta jarduera gero eta handiagoa da. Baina, eraikinaz haratago, Eskuzaitzetako Mubilen eremuan beste hainbat zentro teknologiko eta enpresa ere elkartzen ari dira. Aurreikuspenen arabera, zuzeneko 350 lanpostu sortuko dira, zeinak oinarri izango duten mugikortasuna eta teknologia. Mubil ekosistema bera ere zabaltzen ari da; erlazio zuzena du mugikortasun adimentsuaren eta jasangarritasunaren balio-kateekin, eta horietan ere eragina izaten ari gara.

250512 MUBIL ZUBIETA 107
Mubil Center, Eskuzaitzetan (Donostia) | Argazkia: Irekia

Bestalde, Mubil talentua erakartzeko eta finkatzeko gai izaten ari da. EPower Labs start-upa da horren kasu argia: sortzaileak Europako beste enpresetan ari ziren lanean, baina hona erakarri eta Mubilen ekosisteman sartzea lortu dugu, hemengo potentzial teknologiko, enpresa-sare eta posizionamendu estrategikoagatik.

Mubil Centerren 25 milioi euroko inbertsioa egin zen. Zuen kalkuluen arabera, noiz “amortizatuko” da inbertsio publiko hori?

Garrantzitsua da ulertzea amortizazioa ez dela soilik ekonomikoa, alegia, estrategikoa eta soziala ere badela. Mugikortasunaren arloan gauza asko gertatzen ari dira: teknologia berrien garapena, beste teknologia batzuen kontsolidazioa (bateriak, adibidez), aldaketa klimatikoaren ondorioak eta jokalari berriak, batez ere Asiakoak. Aldaketa horiek guztiak kontuan izanik, gure helburua da Gipuzkoa eta EAE mailan industria garatzeko eta trantsizio teknologikoa bizkortzeko mekanismo gisa funtzionatzea, eta, hala, lurraldeak indarra izaten jarraitzea mugikortasunaren sektorean.

"Mubilentzat 'start-up'ak oso garrantzitsuak dira, teknologia eta negozio-eredu berriak ekartzen dituztelako"

Horregatik, amortizazioa ez da soilik ikuspegi ekonomikotik begiratu behar, hori ere garrantzitsua izanagatik: industria-garapenari esker balio-katean eragin handia dugu, trantsizio energetikoan urrats sendoak ematen ari gara, enpresa berriei fakturazioa handitzen laguntzen diegu, nazioarteko konpainien eta tokikoen artean akordio komertzialak bultzatzen ditugu…

Mubil Centerren tokiko ETEak eta nazioarteko enpresak elkarrekin bizi dira. Nola lantzen duzue oreka hori?

Bi errealitateak ezinbestekoak dira. Mubil Centerren gehienak tokiko enpresak dira, baina nazioartekoekin ere egiten dugu lan. Kanpoko enpresak erakartzea oso garrantzitsua da tokiko balio-katea sendotzeko, harreman eta proiektu estrategikoak sortzeko aukera ematen duelako. Eguneroko lana hemengo ETEekin egiten dugu, hauek indartzea baita gure lehentasuna, baina horretarako kanpoko enpresekin konektatzea beharrezkoa da.

Mubil Mobility Awardsen bosgarren edizioko irabazleei urriaren 23an emango dizkiezue sariak. Saridunek aprobetxatzen dituzte eskaintzen dizkiezuen baliabideak?

Bai. Azken finean, Mubilentzat start-upak oso garrantzitsuak dira, teknologia eta negozio-eredu berriak ekartzen dituztelako, eta sariekin saiatzen gara negozio horiek gure ekosisteman errotzen, tokikoak izan edo nazioartekoak izan. Hori lortzeko helburuarekin, sariek hiru laguntza-ardatz dituzte: ekonomikoa (dirulaguntza), estrategikoa (zentroekin eta enpresekin harremanak sortzea), eta ekosistemakoa (Mubilen espazioa eta Mubil Mobility Expon parte hartzea).

n770 MUBIL MOBILITY AWARDS 18
Mubil Mobility Awards 2024 | Argazkia: Irekia

Madrileko Wattson start-upak, esaterako, Mubil Mobility Awardsen bigarren saria irabazi zuen 2021ean, eta gaur egun gure artean kokatuta dago. Iazko irabazleek ere –Novac eta Battbelt– erlazio akordioak sinatu dituzte eta 2026ko Expo azokan egongo dira.

Sariak bosgarren urtez eman izana Mubil ekosistemaren egonkortasunaren adierazle da?

Nik uste dut helburu nagusiak ondo definituta ditugula: lurraldeko balio katearekin erlazioak sakontzea, start-upei hazten laguntzea, eta, arestian esan bezala, enpresak Mubil ekosisteman errotzea. Halere, hiru ildo horiek are gehiago indartuko nituzke.

Mubil Mobility Expo ere bosgarrenez egingo da. Zein helburu dituzue edizio berrirako?

Aurten hamar urte beteko dira Mubil Mobility Expo lehen aldiz egin zenetik, bi urtean behin egiten den ekimena baita. Urte horietan zehar beste feria batzuk desagertu egin dira, baina gurea osasuntsu mantentzen da. Gainera, kontuan izan behar da gure helburua ez dela publiko orokorreko bisitari gehiago lortzea, profesionalei, zentro teknologikoei eta enpresei bideratutako azoka den heinean.

"Erakusketari frantses kopurua handitzea eta profesional frantsesak erakartzea lortu nahi dugu"

Hala, mugikortasun adimendun eta jasangarriaren topagune gisa, esan daiteke gure helburua bisitari profesionalak erakartzea dela, baita enpresentzako erakusleihoa izatea ere. Eta profesionalen kopurua handitzea baino are garrantzitsuagoa zaigu bisitari horien interes profesionala sustatzea. Aldi berean, fokua jarri nahi dugu nazioarteko bisitari eta konpainietan.

n770 20240417 TAPIA MUBIL 46
Mubil Mobility Expo 2024 | Argazkia: Irekia

Horregatik izendatu duzue Frantzia Partner Country?

Hori da. Kanpo presentzia sendotu nahi dugu, kanpo bisitariak eta hemengo profesionalak elkar daitezen eta akordio profesionalak sina ditzaten. Horregatik erabaki dugu Frantzia Partner Country (herrialde bazkidea) izatea, eta aliantza sinatu dugu hiru klusterrekin –ID4 Mobility, NextMove eta CARA– zeintzuen bitartez erakusketari frantses kopurua handitzea eta profesional frantsesak erakartzea lortu nahi dugun.

Zer berrikuntza ekarriko ditu azokaren edizio berriak?

Frantzia herrialde bazkidea izatea garrantzitsua da, baina berrikuntza nagusia da Expoa esperientzia integrala bihurtuko dugula. Ez da soilik erakusketa bat izango, baizik eta lurraldeko gaitasun industrialak eta teknologikoak ezagutzeko aukera ere izango da, horretarako prestatutako lau ibilbideren bitartez. Horrela, kanpoko bisitariek gure ingurune industriala hobeto ezagutzeko aukera izango dute tokiko enpresa eta zentro teknologikoak bisitatuz.