FICOBAn elkartu ziren urriaren 21ean Gipuzkoako Lanbide Heziketako 200 ikasletik gora Ikasenpresa ekimenaren barruan antolatutako ikasleen topaketan, Bizkaiko Lanbide Heziketako ikasleek urriaren 7an BECen eta arabarrek urriaren 14an Euskadiko Parke Teknologikoan egin bezala. iTlent Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutuko arduradunen gidaritzapean, gazteek beren ekinbidean baliagarriak izango dituzten gaitasunak eta baliabideak ezagutzeko eta lantzeko aukera izan zuten.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Ikasenpresa EAEko Lanbide Heziketako 2. mailako ikasleak ekintzailetzan trebatzeko programa da. Horren bidez, ikasleek beren intereseko enpresa ideia bat garatu eta enpresaren sorrerarako urratsak (merkatuaren analisia, bideragarritasun plana, marketina, produkzioa…) lantzen dituzte.
Hala, pasa den asteko jardunaldiaren helburu nagusiak eskola eta arlo desberdinetako ikasleak elkar ezagutzea eta ikuspuntuak trukatzea izan ziren. Horretarako, egungo gizartean eta merkatuetan lehiakorrak izateko gaitasunak eta ezagutzak jorratzeko saioak antolatu ziren. Komunikazioa bezalako zeharkako gaitasunak lantzeaz gain, arreta berezia jarri zitzaien adimen artifizialari, errealitate birtualari eta STEAM arloei, berrikuntza eta digitalizazioa izan baitaitezke enpresa baten arrakastaren gako. Halaber, ez zituzten ahaztu balioak, izan ere, iTlenteko José Ramón Gómezek itxiera ekitaldian aipatu bezala, Ikasenpresak bultzatzen duen ekintzailetzak gizartea hobetzeko balio behar du.
Jardunaldia mahai inguru batekin itxi zen. Bertan ikasleek aukera izan zuten ekintzailetzarako tresnak eta baliabideak ezagutzeko eta Ikasenpresatik ateratako enpresak ezagutzeko. Zehazki, Makasi Travel enpresako Jonek eta Patrickek beren esperientzia ezagutarazi zuten. Sare sozialetarako argazki bilduma egitean oinarritzen den turismoaren garaian, talde txikitan egiten diren kirola eta kultura uztartzen dituzten bidaiak eskaintzen dituzte haiek. Bidaiari jaio bezala, ekintzailetzaren bidaiara salto egiteko gonbidapena luzatu zieten Gipuzkoako gazteei, helmuga edozein dela ere ikaskuntza asko eskuratuko baitituzte.
Orain, Ikasenpresan parte hartu zuten ikasleek beren enpresa ideiak garatzeko lana hartu beharko dute, otsailean Eibarren ospatuko den azoka jendetsuan beren proiektuen emaitzak aurkeztu ahal izateko.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta