• EKONOMIA
  • Egiten ez dugunak ere balio ekonomikoa du

Egiten ez dugunak ere balio ekonomikoa du

Ikusezinaren prezioa da aukera kostua, ahaztutako kontzeptua askorentzat. Baliabide mugatuak ditugunean, erabaki batek aukera batzuk dakartza, baina beste batzuei uko egitea ere esan nahi du

Friedrich von Wieser ekonomialari austriarrak zabaldu zuen aukera kostuaren kontzeptua | Argazkia: iStock
Friedrich von Wieser ekonomialari austriarrak zabaldu zuen aukera kostuaren kontzeptua | Argazkia: iStock
arkaitz urdapilleta irazu
Emaus Gizarte fundazioako controller finantzarioa eta Ekonomisten Euskal Elkargoko Euskara Komunitateko ekonomialaria
2025eko azaroaren 11a - 05:30

Zerbaiten prezioaz pentsatzen dugunean, normalean zenbaki bat duen etiketa bat imajinatzen dugu. Baina bada faktura batean agertzen ez den kostu mota bat, gure radarretik kanpo izaten duguna eta ez dena dirutan ordaintzen. Hala ere, gure erabakietan eragin handia du; hau da aukera kostua.

 

Kontzeptu hori, ekonomian funtsezkoa, jende gehienarentzat ezezaguna da, harrigarria badirudi ere. Gure eguneroko bizitzan, nahiz eta oharkabean igaro, etengabe erabiltzen dugu. Eguneroko erabaki txikienetan ere, zuzenean edo zeharka, aukera kostua aplikatzen dugu. Adibidez: zer ikasi aukeratzen dugunean, lana aldatzea erabakitzen dugunean, paseatzera ateratzea edo etxean geratu eta serie bat ikustea erabakitzean. Erabaki bakoitzak aukera bat dakar, baina baita aukeratutako bidearen atzean uzten dugun beste aukera baten kostua ere.

Hori da, hain zuzen, kontzeptuaren muina: ulertzea ez dela soilik egiten duguna, baizik eta egiten ez dugunak ere balio ekonomikoa duela.

 

Kontzeptua sakon ulertzeak gure pentsatzeko modua errotik alda dezake, bai pertsonalki, bai arlo profesionalean. Bizitza erabaki kate luze bat da, eta ekonomia ikuspegitik begiratzeak aukera ematen digu gure denbora, baliabide eta energia eraginkorrago kudeatzeko. Profesionalen kasuan, gainera, aukera kostua barneratzeak estrategia hobeak diseinatzea ahalbidetzen du, proiektu batean inbertitu aurretik benetan zer uzten ari garen pentsatzea baitakar. Bestalde, baliabide mugatuak nora bideratu erabakitzerakoan aukera errealei aurre egitea errazten du.

Zer da aukera kostua?

Aukera kostua, definizioz, erabaki bat hartzean uko egiten diogun aukera onenaren balioa da, hau da, gure aukeraren atzean ez dagoen bideak izango lukeen balioa. Ez da ordaintzen duguna edo diruz gastatzen dena, baizik eta aukeratutakoaren ordez irabazi, esperientzia edo aukera gisa bizi ahal izango genukeena.

Kontzeptua ulertzea ezinbestekoa da, ekonomiaren muinetako bat baita. Baliabide guztiak mugatuak dira (denbora, dirua, energia, arreta...), eta aukeraketa bakoitzak beste aukera batzuk baztertzea ekartzen du. Horregatik, aukera kostuak ez du soilik zenbaki edo euroetan neurtzen den balio bat adierazten, baizik eta pentsamendu erlatiboa aztertzea eskatzen du, ez absolutua. Garrantzitsua ez da zenbat irabazten dugun, baizik eta zenbat irabazi genezakeen aukeratu ez dugun bidearekin konparatuta.

Garrantzitsua ez da zenbat irabazten dugun, baizik eta zenbat irabazi genezakeen aukeratu ez dugun bidearekin konparatuta

Horrek gure erabakiak modu kritikoagoan aztertzeko gonbita egiten digu: zer galtzen ari naiz hau hautatzeagatik? Galdera hori egitea da aukera kostua ulertzeko lehen urratsa, bai bizitza pertsonalean, bai negozioetan edo politika publikoetan ere.

Esaterako, arratsaldea ikasten ematen baduzu lan egin beharrean, aukera kostua da irabazi zenezakeen soldata. Enpresa batek makineria berrian inbertitzen badu langile gehiago kontratatu ordez, aukera kostua da langile horiek ekarriko luketen produktibitate gehigarria. Bi kasuetan, ez dago galera zuzenik, baina bai uko ezkutua.

Kontzeptuaren historia

Terminoa XIX. mendearen amaieran Friedrich von Wieser ekonomialari austriarrak zabaldu zuen, Eskola Austriar klasikoaren barruan, Carl Menger eta Eugen Böhm-Bawerk pentsalariekin batera. Hala ere, ideia bera lehenago agertu zen Adam Smith eta David Ricardoren eskutik, merkataritzaren eta lanaren produktibitatearen azterketetan.

Wieserrek kontzeptua formalizatu zuen lehenengoz: baliabideak mugatuak direnez, erabaki bakoitzak dakarren aukera galdua neurtzeko modua proposatu zuen. Bere ustez, ekonomia ez da soilik diruari buruzko zientzia, erabakiaren kostu errealei buruzkoa baizik. Horregatik, aukera kostua definitu zuen aukera baztertuen balioaren neurri gisa. Horrek ideia bat finkatzen du, hautatzen duzun aukera bakoitzak esan nahi du beste aukera bati (agian onena) uko egiten diozula.

Garai hartan, pentsamendu klasikoa ekoizpenaren kostu fisikoetan zentratu ohi zen, lan orduak, materialak, kapitala... Wieserrek, ordea, ikuspegi subjektibo eta marjinalista bat gehitu zion. Honela, pertsona bakoitzak balio desberdina ematen dio aukera bakoitzari eta hortik abiatzen da aukeren kostuaren kalkulua.

Kontzeptua funtsezkoa bihurtu zen aukera arrazionalaren teoriaren barruan, erabakiak informazioaren, lehentasunen eta baliabideen arabera optimizatzen dituen ikuspegian eta kostu onura analisiaren oinarri nagusietako bat izatera iritsi zen

Horrek esan nahi du ekonomia ez dela objektiboki zehazten soilik prezio merkatuen arabera, baizik eta pertsonen lehentasun eta balio pertsonalek baldintzatzen dutela. Ondoren, kontzeptua funtsezkoa bihurtu zen aukera arrazionalaren teoriaren barruan, erabakiak informazioaren, lehentasunen eta baliabideen arabera optimizatzen dituen ikuspegian eta kostu onura analisiaren oinarri nagusietako bat izatera iritsi zen.

Gaur egun, aukera kostua bai ekonomia makroan (politikak eta inbertsio publikoak ebaluatzeko), bai mikroan (enpresen eta norbanakoen erabaki estrategikoetan) erabiltzen da.

Adibidez:

  • Estatu batek milioika euro inbertitzen baditu trenbide batean, aukera kostu bezala ikus daiteke milioi horiek ez dituela erabili ospitaleetan edo hezkuntzan.
  • Ikasle batek master bat egitea erabakitzen badu, urte horretan lan egiteari uko egiteak dakarren soldata galera litzateke aukera kostua

Laburbilduz, Wieserrek ez zuen soilik kontzeptu berri bat proposatu. Ekonomiaren ikuspegi moral eta praktiko bat zabaldu zuen, gogoraraziz erabaki bakoitzak bere prezioa duela, baita aukeratutako bidea jarraitu ez dugun kasuetan ere.

Enpresak eta gobernuak: eragin handiko erabakiak

Enpresa munduan, aukera kostua funtsezkoa da baliabideak modu eraginkorrean banatzeko. Demagun kapital mugatua duen enpresa batek erabaki behar duela zertan inbertitu, I+Gn, marketinean edo azpiegituretan. Erabaki bakoitzak beste aukera batzuei uko egitea dakar. Hori dela eta, inbertsioaren arrakasta aukera kostuen kalkulu egokian oinarritzen da.

Gobernuek ere aukera kostuak dituzte: autobide bat eraikitzeko funtsak bideratzean, hezkuntzan, osasunean edo energia berriztagarrietan ez inbertitzea da aukera kostua. Kostu horiek zuzen ebaluatzea oinarrizkoa da kudeaketa publiko egokirako. Esate baterako, osasun krisi batean ospitaleetan inbertitzeak garapen ekonomikoari uko egitea ekar dezake, baina ez egiteak ondorio sozial larriak izan ditzake. Ikus dezakegu, hortaz, bizitzako arlo guztietan duela eragina aukera kostuak.

Aukera kostua ez kontuan hartzeak dakarren prezioa

Askotan erabakiak hartzen ditugu bazterrean utzitako alternatibak kontuan hartu gabe eta, jakina, horrek ondorioak dakartza:

  • Inbertsio eraginkorrak ez egitea: errentagarritasun txikiko proiektuetan gastatzea, alternatiba hobeak aztertu gabe
  • Erabaki pertsonal txarrak: baliorik ematen ez duten jardueretan denbora galtzea, beste gauza produktiboagoak egin ditzakegunean
  • Politika publiko desorekatuak: ikusgarriak diren lanak lehenestea, premiazko baina ez hain “popularrak” diren beharrei uko eginez

Aukera kostua kontuan ez hartzeak efizientzia faltsuaren sentsazioa sor dezake. Enpresa bat publizitatean inbertitzeagatik harro egon daiteke, baina, agian, produktuaren hobekuntzan inbertituz balio handiagoa sortuko luke.

Aukera kostuaren dimentsio berria: ekonomiatik etikara

Gaur egungo testuinguru globalean, aukera kostuak ez du soilik dimentsio ekonomikoa, ikuspegi etiko eta soziala ere hartu du bere baitan. Gero eta gehiago ulertzen da erabaki ekonomiko bakoitzak ondorio moral eta ekologikoak dakartzala. Horregatik, kontzeptu klasiko hori tresna analitiko izatetik erantzukizun sozialaren tresna adierazgarri bihurtu da.

Adibidez, erregai fosiletan inbertitzen jarraitzea ez da soilik aukera finantzario bat, esan nahi du uko egiten diogula energia berriztagarrien garapenari, hots, etorkizun jasangarriago bati. Aukera kostua, kasu honetan, ez da eurotan neurtzen, baizik eta galdu dugun berrikuntzan, garapen teknologikoan eta bizi kalitatean. Hau da, gaur erabakitzen dugunak bihar izango ditugun aukerak mugatzen ditu, eta horrek denboraren faktorea sartzen du aukeren analisian.

Klima aldaketaren aurkako borrokan, erabaki bakoitzak inpaktu anitza du; ekonomikoa, ekologikoa eta soziala. Gobernu batek zentral termiko bat berritzeko funtsak erabiltzen baditu, baliteke atzeratzen aritzea energia garbien azpiegitura edo trantsizio berdearen prestakuntza programak. Aukera kostua, beraz, etorkizun jasangarri baten atzerapena bihurtzen da.

Baliabide urrien aurrean, ez dago neutraltasunik. Aukeratzen ez dugunak ere esanahi morala eta ekonomikoa du

Bestalde, justizia sozialaren ikuspegitik, kontzeptuak balio berria hartzen du: baliabide publikoen erabileren emaitzak kalkulatzerakoan, adibidez, erregai fosilen dirulaguntzetara bideratzen direnean funts publikoak, uko egiten zaie hezkuntza iraunkorrari, garraio publiko berritzaileari edo trantsizio berderako enplegu politikei. Aukera galdua ez da soilik diru-sarrera edo BPGaren hazkunde bat, baizik eta gizarte bidezkoago bat eraikitzeko aukera bera.

Horregatik, aukera kostua tresna etiko eta politiko bihurtu da. Ez ditu soilik ekonomia erabakiak aztertzen, baizik eta zer balio sozial eta planetario lehenesten ditugun erakusten digu. Galdera ez da bakarrik “zer irabazten dugu?”, baita “zer galtzen dugu aukeratzen dugunean?” ere.

Kontzeptuak gogoeta sakonagoa proposatzen du. Baliabide urrien aurrean, ez dago neutraltasunik. Aukeratzen ez dugunak ere esanahi morala eta ekonomikoa du. Horretan datza gaur egungo erronka handienetako bat, erabaki arrazionalak hartzea, baina baita erabaki bidezkoak ere.