Ilea jartzea negozio

Nabarmen gorantz doan merkatua da ile-transplanteena. Turkiara ez ezik, Euskal Herriko zein munduko osoko kliniketara ere geroz eta jende gehiago joaten da buruko eremu soiletan ilea txertatzera

Ilea-transplantatzeko klinika baten iragarkia | Argazkia: EnpresaBIDEA Ilea-transplantatzeko klinika baten iragarkia | Argazkia: EnpresaBIDEA

XX. mendearen erdialdean hasi zen ile-inplantearen historia modernoa. Negozioaren benetako iraultza, baina, 1990ko hamarkadan iritsi zen. Izan ere, hainbat herrialdeetako mediku ugariren ikerketei esker, egun gehien erabiltzen diren teknikak (FUSS eta FUE) deskubritu baitziren mende bukaeran. Egun, mundu mailan milioi bat ile-inplante egiten dira urtean Ilea Berreskuratzeko Kirurgiaren Nazioarteko Sozietatearen arabera, eta 2 milioi dolar euro mugitzen ditu negozioak.

Aski ezaguna da orain arte Turkia izan dela ile-inplanteak gauzatzeko paziente askoren etxea, merkeagoa izanagatik. Astean 200 eta 500 kirurgia bitarte egiten dira herrialdean, Osasun Ministerioaren arabera, eta osasun turismorako munduko hamar leku bisitatuenen artean dago Turkia, turismo kapilarragatik, hain zuzen. Dena den, Espainiar estatua nabarmen gorabidean dagoen merkatua da, eta haren alternatiba bihurtzen ari da nazioarteko bezero potentzialentzat. 60 klinika espezializatu baino gehiago aurki daitezke estatu osoan zehar, hilean batez beste ehun bezero izanik. 3.000 euro inguruko kostua du ebakuntzak eta gutxi gorabehera, 3,5 milioi euro inguru fakturatzen ditu halako klinika batek.

Cristiano Ronaldo futbolari portugaldarra izan da negozioan sartzen azkena Insparya Hair Clinicekin. Klinika horrek otsailaren 23an Bilbon kontsulta pasako du, doakoa. Baina Euskal Herrian ere badira punta-puntako teknika baliatuz ilea buruaren eremu okzipitaletik (atzealdetik) atera eta soilgunean txertatzen duten klinikak.

Sei eta zazpi ordu bitarte

Fakturazio zein bezero zifra handiak eskuratzeko baliabide zein pertsonal ugari behar izaten da. Izan ere, ile-transplanteen ebakuntza batek sei eta zazpi ordu bitarteko iraupena izan ohi du, eta ilea atera eta gero txertatzerako prozesuan medikua bakarrik ez, erizainak zein laguntzaileak behar dira, ateratako ilea egoki zaindu eta sailkatu ahal izateko. Hala esan dio EnpresaBIDEAri Arrate Lobatok, Bilboko Ercilla klinikako medikuak. Bertan, egunero bizpahiru ile-inplante burutzen dituzte. “Goizeko 8:30etan hasten gara lehenengo kirurgiarekin, eta 14:00etan bigarrenarekin. Gure klinikan bi mediku gara beraz, batek goizez eta besteak arratsaldez egiten dugu lan, baina eskari handia dagoenez batzuetan biotako batek bi kirurgia egiten ditu egunean”, azaldu du.

Arrate Lobato: “Buruaren aurreko soilgunea bete behar bada 3.900 euro inguru dira, baina aurreko soilguneaz gain, beste eremuren bat ere bete behar bada 4.800 eurokoa izan daiteke operazioa”

Iaz esaterako, urtea amaitu aurretik ia 300 ile-inplante egin zituela adierazi du Lobato medikuak, eta aitortu du pandemia garaitik eskaria nabarmen handitu dela. “Garai hartan jendeak ez zuen bidaiatzeko aukerarik izan, eta asko aurreztu zuen”. Ebakuntzaren prezioaz galdetuta zera esan du: “buruaren aurreko soilgunea bete behar bada 3.900 euro inguru dira, baina aurreko soilguneaz gain, beste eremuren bat ere bete behar bada 4.800 eurokoa izan daiteke operazioa”. Hala eta guztiz ere, bezero bakoitzaren kasua desberdina da eta prezioak ere ebakuntzaren zailtasuna eta atera behar diren folikulu-unitateren arabera aldatu daitekeela dio. Gainera, bezero batzuek bi ebakuntza egitea beharrezkoa dute, beraz, aurrekontua bi zatitan banatzen da, guztizkoa kasik 7.000 eurokoa izanik.

Aitzitik, berez estetika eta irudiarekin lotu dugun negozio honek osasunarekin ere badu zerikusia: “bezero asko dermatologoak bideratuta iristen zaizkigu klinikara, azaleko zauriak babestu, eguzkia ekidin eta minbiziak ez sortzeko pertsona askori buru-azala ilearekin estali behar zaiolako. Adineko pertsonak izan ohi dira normalean”.

Asteburu pasa Istanbulen

Hemengo kliniken bezero kopurua handitu bada ere, Turkiara bidaiatzea erabakitzen dutenak ere badira. Centro de Estética Leioa izeneko klinikak, esaterako, bitartekari lanak egiten ditu Istanbuleko Berkay Tulpar klinika ezagunarekin. Zentroko arduraduna eta erizaina da Jussimara Dos Reis. Hark azaldutakoaren arabera, bi hiletean behin euren zentrotik pasatzen da Berkay Tulpar mediku turkiarra eta nahi duenari doako kontsulta pasatzen dio.

Tulparren oniritzia jasoz gero —kasu guztietan ile-inplantea ez baita posible—, bezeroak medikuaren Turkiako klinikara joan ahal izango du. “Gu Turkiako klinikarekin harremanetan jartzen gara, eta aurrekontua ematen diogu bezeroari. Hiru eguneko bidaia antolatzen diegu, hegaldia, hotela eta ebakuntza barne. Denera 2.500 euro dira”, azaldu du zentroko arduradunak. Turkiara iristean bezeroak itzultzaile bat du zain aireportuan. Lehenengo egunean ebakuntza egiten zaio, bigarrenean ebakuntza osteko lehen sendaketa eta gero Istanbul bisitatzeko egun osoa du.

Jussimara Dos Reis: “Gu Turkiako klinikarekin harremanetan jartzen gara eta aurrekontua ematen diogu bezeroari. Hiru eguneko bidaia antolatzen diegu, hegaldia, hotela eta ebakuntza barne”

Berkay Tulparrek Leioan kontsultak egiteko estetika zentroa erabiltzean alokairua ordaintzen du, eta aldi berean, zentroak ebakuntza osteko jarraipena egiten die bezeroei. Aitzitik, tratamenduaren prezio osoa Belkay Tulpar klinikarentzat da.

Turkiar mediku horrek, ordea, bere herrialdeko beste askok bezalaxe, Estatu Batuak, Alemania edota Brasilera ere bidaiatzen du bezero berriak bereganatzeko asmoz. “Mundu osoan zehar ditu bezeroak medikuak eta eskari handia du. Bezeroak baiezkoa ematen digun unetik hogei egun gutxienez itxoin behar izaten ditu Turkiara bidaiatu ahal izateko”, esan du Dos Reisek. Azken urtean 50 bat paziente bidali dituzte Turkiara, eta pandemia aurretik jende gehiago joaten bazen ere, COVID-19 garaian beherakada bat izan zela aitortu du.

Negozioa bor-bor izanda, askotariko marketin estrategiak ikus daitezke zenbait kliniketan, negozio aukera ikusita. Madrilgo Hospital Capilarrek, adibidez, turistei zuzendutako eskaintza deigarria du: 3.700m euroren truke, kirurgiaz gain, lau izarreko hotel batean lo egin eta Real Madrilen partida ikusteko packa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK