Imanol Pradales: "Enpresen hazkundea garatzeko funts subirano bat martxan jartzeko unea heldu da"

Indargunea den industria sektorean espezializazioa beharrezkoa dela aldarrikatu du EAJren lehendakarigaiak. Trantsizio energetikoa nahiz digitala "urratsez urrats" egin behar direla dio, lurraldeko industria ehuna kolokan jarri gabe

Argazkia: Marisol Ramirez / Foku Argazkia: Marisol Ramirez / Foku

Iazko azaroan hautatu zuten Imanol Pradales Gil (Santurtzi, Bizkaia, 1975) Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJren lehendakarigai. Orain arte zenbait ardura postu izan ditu Bizkaiko Foru Aldundian, eta 2019tik Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatua izan da. Orain arteko ibilbidean pilatutako eskarmentua aintzat harturik, euskal ekonomiaren egungo egoera eta etorkizuneko erronken inguruan mintzatu da EnpresaBIDEArekin.

EAE industria-herria izan dela kontuan harturik, trantsizio energetikoa eta teknologikoa arrakastaz gauzatzeko zein ahulezia eta zein erronka zehaztu dituzue legegintzaldi berrira begira?

Trantsiziotaz hitz egiten dugunean, nik aukerak ikusten ditut. Tren bat pasatzen ari da, bai trantsizio energetikoan nahiz digitalean, eta aukera pilo bat dauzkagu. Gure indargunea industria ehun sare sendo bat da, eta energiaz hitz egingo bagenu, hemen produktuak, teknologiak eta energia banatzeko sareak dauzkagu. Mundu mailan lehian dauden enpresa potente pila ditugu, ez bakarrik Iberdrola bat, baizik eta transformadore munduan Arteche, Ormazabal, Ingeteam eta beste hainbat enpresa ditugu, erregai klasikoetan, gasa eta petrolioaren inguruan, Petronor dugu, eta hodiak egiten dituzten konpainiak ere baditugu, hala nola, Tubacex edo Tubos Reunidos.

Enpresa guzti hauek trantsizioari begira ari dira eta oso garbi dute hori egin behar dutela. Horretarako, ekoizpen sistemak deskarbonizatu behar dira, baina erakundeen eta enpresen arteko lankidetzaz pausuz pausu egin behar dugu, inbertsio izugarria eskatuko duela. Fiskalki laguntza batzuk ematea eskatuko du. Hau da, nolabait aurrera egiteko gogoa dago, helburuak garbi daude, epeak ere bai, baina inbertsio oso potenteak behar direnez, erakunde publikoetatik eta gizartetik nolabait lagundu behar dugu. Bestetik, kontuan hartu behar dugu ezin dugula kolokan jarri momentu honetan dagoen industria ehun hori, eta enpresa horietatik bizi diren pertsonak, hau da, enpleguak. Pragmatismo puntu hori kontuan hartu behar dugu, norabidea garbi edukita, baina urratsez urrats.

Trantsizio energetikoak ere, eta energiarekin jarraituz, digitalizazioaren beharra du. Hainbat prozesu berrik adimen artifiziala edota teknologia kuantikoa eskatzen dute, beraz, horretan ere fokoa jarri behar dugu.

"Kontuan hartu behar dugu ezin dugula kolokan jarri momentu honetan dagoen industria ehun hori, eta enpresa horietatik bizi diren pertsonak, hau da, enpleguak"

Etxebizitza eskubidea bermatu ahal izateko eta etxebizitza politika eraginkor bat gauzatu ahal izateko gakoak zeintzuk dira zure ustez? Zentzu horretan, alokairuen prezioari muga jartzea eraginkorra al da?

Etxebizitza eskubide subjektiboaz hitz egiten denean gogoratu nahiko nuke EAJk eraman zuela Legebiltzarrera gai hori, baina legeak alde batera utzita, gogoeta bat egin nahiko nuke. Momentu honetan etxebizitza arazo bat dago EAEn, baina ez da gure arazoa bakarrik, estatu mailan ere ematen ari da. Egia da emantzipaziorako tresnak beharrezkoak direla, gazteentzat, batez ere. Esfortzu ikaragarria egin da azken urteotan, ez legea dagoenetik baizik eta azken hamarkadetan, eta etxebizitza parke handia dugu. Horrek esan nahi du politika eta esfortzu bat egon dela, baina ez da nahikoa. Alokairuan ere oraindik arazoak daudela ikusten dugu. Beraz, etxebizitza gure politiken erdigunean jarri beharra dago. Gazteek etxebizitza bat behar dute, familiak osatzeko oso inportantea baita. Merkatuan eskaera bat dago eta eskaintzak ez du betetzen.

Nik uste dut hemen gauza asko nahasten direla. Alokairuaren ikuspuntutik, merkatuan dagoen arazoa da Espainiako lege berriak eskaintzaren desagerpen puntu bat ekarri duela, eta geroz eta etxebizitza gutxiago daude merkatuan alokatzeko, beraz, legeak lortu nahi dituen onura horiek momentuz ez dira agertzen ari, eta prezioak igo egin dira. Etxebizitza eskaintza publiko bat garatzeko gaitasuna dugu, eta, formula berriak bilatu behar ditugu. Baremoak momentu honetan ez dira nahikoak, familia gazte bateko bikoteek, biek lana egiten badute, soldata arrunt batekin, normalean jada baremo horietan ez dira sartzen. Baremoak handitu behar dira. Orain Emantzipa programa ere martxan jarri da, eta ikusi behar dugu zeintzuk diren programaren ondorioak.

Beste formula batzuk bilatu behar ditugu udaletxeekin eta ekimen pribatuarekin batera. Formula berritzaileak bilatu beharko ditugu promotore pribatuekin lurzoruaren garestitze hori merkatzeko eta etxebizitza batzuk beste prezioetan merkaturatzeko, non alokairua ezin den izan guk eskaintzen dugun gauza bakarra. Pertsona bakoitzak erabaki behar du zer nahiago duen. Nik uste dut ikuspegi zabala eduki behar dugula, batzuetan ideologia gehiegi sartzen dugu etxebizitzaren politiketan. Eskaintza zabal bat behar dugu, eta gero bakoitzak bere baliabideak eta beharrak kontuan izanik, erabakiko du. Jabetzari begira ere, etxebizitza bat erosteko mailegu bat eskatu behar dute gazteek, eta %80 bakarrik ematen du banketxeak, eta beste %20 hori bermatzeko abal lerro bat martxan jartzea begi onez ikusten dut. Arazoa konplexua da, eta ez dugu soilik alokairuaren inguruan fokalizatu behar.

Zer egin daiteke nekazarien eskaerei erantzuteko, sektoreko konpetentzia gehienak EBk dituela jakinda?

Euskal erakundeetatik beti oso garbi eduki dugu lehen sektorea oso sektore estrategikoa dela gure herriarentzat. Elikagaien sektorea da, hortik jaten dugu eta gainera kanpora goazenean, horren publizitatea egiten dugu, euskal produktuaren inguruan. Gure nortasunean sukaldaritza, gastronomia, euskal produktua oso presente dago. Gainera, lehen sektoreak gure natura zaintzen du. Duen garrantzia eman behar zaio, eta zaindu, babestu eta lagundu beharra dago. Euskal erakundeetatik eskumen gutxi ditugu eta PACa dugu Europa mailan. Egin dituzten protesta batzuetarako arrazoiak badituzte. Nik uste dut burokratizazio itzela eman dela, administrazioen artean, baita euskal erakundeetan ere, eta hori onartu beharra dago. Desburokratizatu behar dugu lehen sektorea eta beste hainbat sektore ere, esango nuke. Bermeak eta bermeak eskatzen ditugu eta arautu nahi izan dugu dena.

"Nik uste dut lehen sektorean burokratizazio itzela eman dela, administrazioen artean, baita euskal erakundeetan ere, eta hori onartu beharra dago"

Bestetik, fokoa erreleboan jarri behar dugu. Momentu honetan arazo nagusietako bat da pertsona gazteen falta da. Askok ez dute ikusten bizitza proiektu propio eta duin bat izateko aukera. Aldundien eta Jaurlaritzaren artean dekalogo bat aurkeztu zen orain dela gutxi. Sektorearekin partekatu da eta begi onez ikusten da, eta hor hartzen dira hainbat neurri zehatzagoak. Gure eskumenetatik dirulaguntzak jartzea, eta Europan gauza batzuk euskal herritik ere defendatzeko ahots propioa lortzea. Orain arte Espainiaren bitartez egin dugu, eta Espainiako arazoak eta gureak normalean ez dira berdinak. Gainera, sektore txikia da, Araban apur bat kualitatiboki apur bat garrantzitsuagoa, baina gure sektorea Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroako iparraldean baserritarrak eta lur txikiak dira. Erronka handia dugu, eta hurbil egotea inportantea da. 

Orain gutxi onartu da trantsizio energetikorako legea Eusko Legebiltzarrean. Hidrokarburoek gure ekonomian duten pisua kontuan hartuz, izan al daiteke trantsizio hau mehatxu bat?

Mehatxu bat izango litzateke trantsizio hitza ahaztuko bagenu. Epe batzuk daude, baina urratsez urrats joan behar dugu, gaurko enpresen lehiakortasuna arriskua jarri gabe euren eskutik egitea garrantzitsua da. Euskal lege berri honetan parte hartu du sektoreak. Atzo bertan energia arloko 15 bat enpresekin egon nintzen eta pozik zeuden legearekin. Legean ez dute ikusten mehatxurik.

Frantzian eta Alemanian Europako funtsetatik orain hilabeteak dira guk egin nahi ditugun gauza batzuk egiteko dirua jaso zutela, deskarbonizazioren inguruan eta gas intentsiboaren inguruan. Proiektuak egiteko gu bezala aurkeztu ziren pasa den urtearen hasieran, eta hasi dira prozesua martxan jartzen, hemen, ordea, gaur da eguna ez dakigula ezer. Espainiako gobernua gai ez bada, eta ez da gai izaten ari Europako funtsak ondo banatzeko eta industriara bideratzeko, EAEri eman diezaiola funts horiek eta guk bideratuko ditugu. Proiektuak badauzkagu, eta momentu honetan proiektu batzuk geldituta daude, funts horiek oraindik heldu ez direlako. Inbertsio izugarri handiak egin behar dira batzuetan trantsizio energetikoaren inguruan. Gas intentsiboa duen enpresa bat bihar ez da hidrogenora pasako, hidrogenoak oraindik heldutasun puntu bat eskatzen du teknologia berri bezala, baina badago biometanoa, gasa ordezkatu dezakeen osagaia da, baina hori guztia egiteko egiteko inbertsio potente bat behar dugu. Trena galtzeko arriskua dagoela ez nuke esango, baina bai besteen atzetik joateko, eta beste horiek Europan daude, eta gure enpresekin ari dira lehiatzen.

"Trena galtzeko arriskua dagoela ez nuke esango, baina bai besteen atzetik joateko, eta beste horiek Europan daude, eta gure enpresekin ari dira lehiatzen"

Pobrezia datuak argitaratu ditu orain gutxi INEk. Pobrezia arriskuan bizi dira EAEko biztanleen %10 baino gehiago. Berme-sistema indartu behar dugu?

Tresnak baditugula uste dut eta badago herri hitzarmen bat horren inguruan. Orain dela gutxi, lege berri bat onartu da eusko legebiltzarrean umeen pobreziari buruzkoa. Ziurrenik politiken lerrokatzea inportantea da. Batzuetan, baliabide falta ez da arazoa, baizik eta Eusko Jaurlaritzak, aldundiek edo udaletxeek egindako politikak ondo lerrokatzea. Gini koefizientea kontuan hartzen badugu, EAE oso posizio onean dago estatu mailan eta baita Europa mailan ere. Baina batzuetan lerrokatze faltak ez ditu emaitza onak ekartzen. Neretzat erronka erakundeen arteko lerrokatze horretan dago.

bb 202403147295
Argazkia: Marisol Ramirez / Foku

Egungo ekonomiaren kezka handienetako bat enpresen errotzea da. Hemengo enpresa askok atzerrira alde egin dute azken urteetan eta atzerriko enpresak hona etorri dira. Nola eman diezaiokegu buelta joera honi? Eta zer da zure ustez ekonomikoki hemen errotzea?

Niretzat errotzea erabakiguneak, erabakitzen duten taldeak, hau da, zuzendaritza taldeak eta egoitza soziala eta fiskala hemen izatea da. Hiru horiek hemen edukitzeak ekarriko du lantegiak hemen mantentzea. Nik uste dut momentu on batean gaudela, orain arte posible izan ez dena egiteko. Kapital pilo bat daukagu, dirua dago BGAEtan, banketxe fundazioetan, aurrekontu publikoetan tresna batzuk daude orain urte batzuk ez zeudenak, Finkatuz edota Finantzen Euskal Institutua. Eskumen fiskala eta euskal family office-ak ere baditugu. Nire ustez, momentua heldu da funts soberano bat martxan jartzeko, energia guzti horiek lerrokatuz. Zertarako? Errotze eta hazkunde politikak garatzeko, eta baita atzerrian euskal enpresentzako interesgarriak izan daitezkeen proiektuetan parte hartzeko ere. Hau da, ez bakarrik daukaguna babesteko baizik eta daudenak hazteko eta kanpoan egon daitezkeen aukerak ere harrapatzeko.

Banketxe fundazioetan 1.000 milioi euro daude oraintxe, eta BGAEtan 27.000 milioi euro egongo dira. BGAEkin gertatzen dena da normalean ez dakigula non egiten diren inbertsioak, baina ziurrenik buelta bat eman beharko diogu araudiari gutxieneko bat eskatzeko eta euskal enpresetara bideratzeko. Beraz, momentu onean gaude, fokoa eta lerrokatze politika bat garbi egiten behar dugu eta gai izan behar gara osagai guzti hauekin funts subirano bat egiteko.

Erreforma fiskala dator laster. Zer osagai izan beharko luke zerga erreformak EAE enpresentzako lurralde lehiakorra izateko eta justizia soziala bermatzeko?

Azken urteetako erreformen errebisioa egin da. Dudarik ez dago, trantsizioei dagokienez, horien isla erreforma berrian ere egongo dela. Trantsizio energetikoan inbertsio potenteak egin behar baldin badira, enpresen artean deskarbonizazio prozesuak aurrera eramateko, pizgarriak bilatu beharko dira fiskalki ere hori bultzatzeko.

Erronka demografikoaz hitz egiten dugunean, etxebizitzen inguruan buelta bat eman behar zaio fiskalitateari. Ni momentu honetan dauden pizgarriak mantentzearen aldekoa naiz. Hau da, etxe bat erosteagatik daude kenkari batzuk, ni horiek mantentzearen aldekoa naiz, baina alokairuaren inguruan buelta bat eman behar zaio eta beste pizgarri batzuk ere jarri behar dira, merkatuan ikusten ez diren etxe horiek ateratzeko ere.

"Erronka demografikoaz hitz egiten dugunean, etxebizitzen inguruan buelta bat eman behar zaio fiskalitateari. Ni momentu honetan dauden pizgarriak mantentzearen aldekoa naiz"

Trantsizio digitalean ere gauza bera. Garrantzitsua da zer erronka eta helburu dauzkagun zehaztea, eta horiek ere fiskalki nola edo hala lantzea. Gero zein den neurri zehatza ikusiko dugu. Horretarako 6-8 hilabeteko epe bat eman da, aldundiak ari dira hitz egiten, eta Jaurlaritzak ere parte hartuko du.

Emakumeen presentzia enpresa munduan areagotu bada ere, ardura postuetan oraindik gutxiengo nabarmena direla diote datu guztiek. Nola bizkortu dezakegu genero berdintasunaren prozesua ekonomian?

Nik ere nire aurreko eginkizunetan sustatu ditut berdintasuna bultzatzeko programak aldundian. Enpresarien arteko harremana gizonezkoen artekoa izan da historikoki herri honetan, eta apurka-apurka irudia aldatzen ari da. Bereziki emakumearen presentzia aginte posizioetan lortzeko bide berriak bilatu behar dira. Emakumeak hainbat sektoretan normaltasunez ari dira, baina ardurak hartzen eta zuzendaritza lanak egiten oraindik oso gutxi daude, eta orain arte ez dugu asmatu. Ziurrenik arrazoi askoko azalpenak daude. Batzuetan aukera izan badute ere, familiako egoera, egoera pertsonala edo zaintza dela eta ez dut ardura postua hartu.

Enpresa oraindik gizartean dauden egiturazko arazoen ispilua da. Gauza asko aldatu behar dira oraindik, eta kostatzen ari da bai enpresan, bai politikan bai beste jarduera batzuetan. Kultura aldaketa hau ez da egun batetik bestera egingo, beraz, esperimentatzea ere garrantzitsua da. Ziurrenik ez da gauza bat bakarrik egin behar, gauza asko baizik. Pedagogia egin behar da ardurak dauzkagunon artean. Enpresa munduan daude gizonak ere egoeraz pentsaraztea.

bb 202403147313
Argazkia: Marisol Ramirez / Foku

Euskararen presentziari dagokionez, nola ikusten duzu enpresa munduan eta zer politika behar ditugu gure hizkuntzaren erabilera indartzeko? Garrantzia ematen al diete euskal enpresek gure hizkuntzaren kudeaketa on bati? Era berean, enpresen errotzean laguntzeko tresna izan behar al du euskarak?

Enpresa munduak aukera ezin hobea ematen dio euskarari bultzada emateko. Hezkuntzan gauzak ondo egin dira, eta horrek ekarri du euskaldun gehiago egotea erkidegoan. Epe luzeko apustua izan zen, hezkuntza sisteman daudenen artean euskaraz ikasten dutenen ehunekoa oso altua da, eskola publikoan, kontzertatuan edo ikastoletan. Enpresa munduan erronka antzekoa daukagu. Hainbat pertsona gaude enpresa munduan euskaldunak garenak, baina erdaraz egiten genuenak. Konpromiso eta kontzienziazio puntu bat behar da. Lortuko bagenu euskaldunok gure egunerokotasunean eta lan munduan euskaraz egitea, horrek ekarriko luke izugarrizko saltoa gizarte mailan euskararen erabileran. Nik uste dut enpresak egin dezakeela bide oso interesgarria euskararen erabilera hobetzeko eta zabaltzeko. Horregatik, enpresa munduan planteatzen diren ekimenak sustatzea inportantea da. Hasi ziren enpresa batzuei kalitatezko ziurtagiri batzuk ematen, baina beste bide batzuk bilatu beharko genituzke. Euskaraldia sortu zen bezala, enpresa munduan ere bilatu beharko genituzke bide berriak euskararen presentzia sustatzeko.

Euskararen gizarte erabilera enpresetatik oso inportantea da, eta euskaldun pilo bat daude enpresetan. Euskal Herrian dugun erronka nagusiena erabilera nola handitu da, espazioak sortu behar ditugu hau lortzeko, eta lan mundua da, oso egokia horretarako. Izan ere, lan munduan lortzen badugu, gizarte mailan zuzenean gertatuko da. Enpresetan ordu pila bat igarotzen ditugu astean zehar, hor erabilera indartzen bada naturaltasunez hedatuko da beste hainbat tokietara.

Euskal ekonomiaren indarguneak energia, automozioa eta industria direla aipatu izan duzu, eta nolabait “zaindu” behar ditugula, baina horiek ahaztu gabe teknologia eta adimen artifizialak aipatu zenituen industria berriak eta kalitatezko enplegua lortzeko aukera gisa. Nola uztartu ditzakegu orain arte gure zutabeak izan diren jarduerak, teknologia joera berriek ematen dizkigun aukerekin?

Herri txikia gara, indarguneak dauzkagu industria mailan, baina espezializazioa lortu behar dugu eta urrats bat eman advanced manufacturing edo manufaktura aurreratu horretan. Fokoa gure ekonomia espezializatzean jarri behar dugu, abantailak eduki ditzaketen hainbat sektoretan. Datorrena ere aprobetxatu behar dugu. Ekonomia digitalean, herri honetan gune potente bat sortzeko aukera dugu, bestela, kanpotik erosi beharko dugu teknologia eta zerbitzu guzti horiek. Esaterako, energiaz ari garenean, Bizkaian daukagu Iberdrolak ematen duen estatu mailan elektrizitatea banatzeko konexio puntu bat. Horrek ehunka milioi euroko diru-sarrerak ekartzen dizkigu gure ogasunera.

"Herri txikia gara, indarguneak dauzkagu industria mailan, baina espezializazioa lortu behar dugu eta urrats bat eman advanced manufacturing edo manufaktura aurreratu horretan"

Datuen munduan konexio puntuak egongo dira, eta non egongo dira konexio puntu horiek? Datuen lantokiak dauden tokietan. Guk momentuz ez daukagu gunerik, data center handi bat egiten ari da Araban, eta beste txikiago bat Abantoko parke teknologikoa. Baina munduan hub horiek non jartzeko lehia dago eta guk konexio puntu berriak lortzeko beharra dugu, etorkizunean diru-sarrera berri horiek etorriko direlako.

Baina ez horregatik soilik, horren inguruan ekosistema bat sortzen da, hezkuntzarekin zerikusia duena, unibertsitateak, heziketa profesionala, zentro teknologikoak… Hortik ere profil berriak sortuko dira, gure enpresetan beharko ditugunak. Beraz, ekonomia berriaren eta digitalizazioaren inguruan hitz egiten dugunean, gauza horietan ere fokoa jarri behar dugu epe ertainera begira. Nola posizionatu herri hau erakargarriagoa izateko eta horrelako proiektuak erakartzeko. Aukerak ditugu horretarako Euskal Herrian ere bai, eta tren hori ezin dugu utzi pasatzen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK