• EKONOMIA
  • Iñaki Larraya (Sodena): "Nafarroan potentzial handiko sektore berriak aztertzen jarraitzen dugu"

Iñaki Larraya (Sodena): "Nafarroan potentzial handiko sektore berriak aztertzen jarraitzen dugu"

Larraya, Sodenaren 40. urteurren ekitaldian, iaz | Argazkia: utzita
Larraya, Sodenaren 40. urteurren ekitaldian, iaz | Argazkia: utzita
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko abenduaren 30a - 05:30

Sodena sozietate publikoko zuzendari gerentea da Iñaki Larraya Garayalde. 2026an inbertsio-jarduerak enplegua sortzen jarraitzea espero du eta ziurgabetasun politikoak iraungo badu ere, lurraldeko enpresak lehiakorragoak izango direla uste du. Nafarroako konpainia txiki eta ertainen hazkundea bultzatzen jarraitu nahi du Sodenak.

 

Zein da Sodenarentzat 2025eko albiste ekonomikorik garrantzitsuena?

Nafarroako Gobernuaren finantza-tresna izanik, 2025ean garrantzitsuena izan da Nafarroako enpresa-sareari etengabeko laguntza ematea, bai proiektu sortu berriei, baita enpresa txiki eta ertainei eta enpresa handiei ere. Nabarmentzekoa da 12,5 milioi euroren desinbertsio arrakastatsuak, 3,7 milioiko gainbalioa izan dutenak, eta administrazio-kontseiluak 33 milioi eurotik gorako finantza-laguntza berriak baimendu izana. Horrek guztiak, Nafarroatik kanpoko enpresa-proiektuak erakartzearekin eta tokiko erabakiguneak ez dituzten enpresei laguntza ematearekin batera, Sodenako eragin ekonomikoa indartzen du. Gainera, aurrera egin dugu S4 espezializazio adimenduneko estrategia eguneratzen eta Navarra Zirkularri lotutako jardueretan.

 

2026ra begirako titularra edo albistea aldatu ahal izango bazenu, zein gustatuko litzaizuke izatea berri hori?

Europako politikak gai izatea sektore estrategikoak babesteko eta indartzeko, hala nola, energia garbiak edo automobilgintza, tokiko eta nazioko balio-kateak indartuta, eta Nafarroako enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzen lagunduta. Eta Europak atzera egin dezala 2035etik aurrera gasolinazko edo dieselezko ibilgailuen fabrikazioa baimentzeko erabakian.

Nola ikusten duzu 2026a?

Ziurgabetasun geopolitikoa gorabehera, espero dugu gure inbertsio-jarduerak enplegua sortzen jarraitzea, eta 2025ean enpresa berriak ezartzeko egindako ahaleginak emaitzak ematen hastea. Gure laguntzarekin, lurraldeko enpresek aurrera egiten jarraituko dute eredu iraunkorragoak eta lehiakorragoak lortzeko bidean.

"Europak atzera egin dezala 2035etik aurrera gasolinazko edo dieselezko ibilgailuen fabrikazioa baimentzeko erabakian"

Sodenaren lan-ildoen barruan, Nafarroako enpresa-ehuna sustatzeko eta hazteko Nafarroako Gobernuaren enkargua dago. Nola ari zarete horretan lanean?

Nafarroan enpresa-hazkundea bultzatzen jarraitzen dugu, eta potentzial handiko sektore berriak aztertzen, hala nola, aeroespaziala, elektronikoa, biologia sintetikoa edo eraikuntza industrializatu eta jasangarria. Finantza-arloan, Nafarroako inpaktu sozioekonomikoari lotutako tresna berriak baloratzen ari gara. Horren guztiaren osagarri, iraunkortasuna, ekonomia zirkularra, S4 estrategia eta foru erkidegotik kanpoko inbertsioa erakartzea indartu dira.