Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna den honetan, hainbat eragilek ardatz ekonomiko eta laborala jarri dute erdigunean. Testuinguru horretan, arlo ekonomikoan eta lan-esparruan agertzen diren arrakalek kezka berezia sortu dute eragileen artean.
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak duela egun batzuk jakinarazi zuen Lan Ikuskaritzak 582 jarduera burutu zituela iaz laneko indarkeriarekin lotuta, eta horietatik 19 arau hauste eta 153 errekerimendu sortu zirela. Torres sailburuak ohartarazi zuen datuok “icebergaren punta” baino ez direla, lantokietako indarkeria askotan ezkutuan geratzen delako.
Sindikatuek ere gabeziak salatu dituzte enpresetan indarkeria matxistaren aurka ezartzen diren neurrietan. LABek esan zuen neurriak derrigorrezkoak diren arren, praktikan “oso azalekoak eta antzuak” direla. ELAk, bere aldetik, herrialde osoko mobilizazio feministen parte hartzera deitu du, arazoari aurre egiteko politika publiko eraginkorrak behar direla azpimarratuta. Torres sailburuak, halaber, konpromisoa berretsi du “emakumeen aurkako edozein indarkeria mota” desagerrarazteko, eta lantokietan arreta berezia jartzeko eskatu du.
Iaz mundu osoan 50.000 emakume hil zituzten, izan bere bikotekideek, izan bere senideek
Osakidetzaren datuek ere erakusten dute indarkeria matxistak gora egiten jarraitzen duela: ia sei emakume artatu zituzten iaz egunero indarkeria matxista zela medio, hau da, guztira 2.121 kasu, aurreko urtean baino %3,2 gehiago. Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, iaz mundu osoan 50.000 emakume hil zituzten, izan bere bikotekideek, izan bere senideek.
Eguneko mobilizazioak
Egunean zehar hainbat eta hainbat mobilizazio egingo dira eta kaleak jendez betetzea espero da. Euskal Herriko Mugimendu Feminista ‘Zuen hipokrisia indarkeria da!’ lelopean aterako da; Bilbo Feminista Saretzen taldeak erakundeen ardura azpimarratuko du, “indarkeria patriarkal instituzionala” salatzeko. Bestalde, Itaiak ere ohartarazi du indarkeria ez dela eten, eta azken hilabetetako kasu larrien berri eman du: “Egunak joan eta egunak etorri gure aurkako indarkeriak emakume langileon errealitate gordina izaten jarraitzen du: Iruñeko talde bortxaketa, Zarauzko erailketa matxista, Angelun izandako erailketa saiakera eta Euskal Herriko txoko ezberdinetan izandako eraso matxistak adibide.” Era berean, Itaiak azpimarratu du arazo nagusietako bat matxismoa ukatzen duten diskurtsoen “inpunitatea” dela.
Hala, mobilizazioak izango dira egun osoan zehar. Goizean, 11:00etan, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen egingo dira elkarretaratzeak, instituzioen egoitzen aurrean, LAB sindikatuaren eskutik. Arratsaldean, Itaiak 18:00etan deitu du mobilizaziora Iruñean eta Baionan, eta 18:30ean Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Mugimendu feminista ere 19:00etan aterako da kaleetara lau hiriburuetan: Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Baionan, Sutan kolektibo transfeministak ere 18:30ean egingo du bere mobilizazioa.