• EKONOMIA
  • Indarrean da etxebizitza arloko premiazko neurrien legea

Indarrean da etxebizitza arloko premiazko neurrien legea

Etxebizitza gehiago eraikitzeko asmoz, lurzoruak mobilizatzea eta administrazio-prozedurak bizkortzea du helburu araudi berriak

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2025eko abenduaren 30a - 10:24

Etxebizitzen eraikuntza azkartu eta horren gaineko araudia malgutzea helburu duen lege berria indarrean da dagoeneko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Pasa den abenduaren 11an Eusko Legebiltzarrean onartu zen etxebizitzaren, lurzoruaren eta hirigintzaren arloko legea, EAJ eta PSE-EEren babesarekin, eta atzo Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.

 

Etxebizitza libre zein babestuak eraiki ahal izateko lurzoruak mobilizatzeko (alokairurako, batik bat), administrazio-prozedurak bizkortzeko eta erabilera turistikoko pisuen ugaritzea mugatzeko asmoz ondu da legea, eta besteak beste, helburu du etxebizitza promozio berrietan babestutako etxebizitzen ehunekoa murriztea. Egun, ehuneko hori %75ean dago eta %60ra jaitsi nahi da.

Hala, gutxienez %55 gizarte-babeseko etxebizitzak izango lirateke, eta gainerako %5 babes tasatukoak.

 

Legeak "premiazkotzat" jotzen du "neurri integralak eta egiturazkoak" hartzea, egungo bizitegi-larrialdiari aurre egiteko, eta berehala neurriak ezartzea eskaintza handitzeko, bereziki etxebizitza babestuaren modalitate guztietan.

Horrekin batera, araudiak kontrol zorrotzagoa ezarriko du alokairu-merkatuaren eta etxebizitza turistikoen inguruan. Izan ere, gaurtik automatikoki ezetsiko dira erabilera turistikoko etxebizitza eta logela berrien jarduera, tentsionatutako gune izendatuta dauden herri eta hiri guztietan.