• EKONOMIA
  • Indarrean dira AEBera esportatzeko muga-zerga berriak

Indarrean dira AEBera esportatzeko muga-zerga berriak

Erdieroale eta txipen gaineko %100eko muga-zergarekin mehatxua egin du Trumpek

Automobilen esportazioari aplikatuko zaie, besteak beste | Argazkia: iStock
Automobilen esportazioari aplikatuko zaie, besteak beste | Argazkia: iStock
2025eko abuztuaren 7a - 11:06

Martxoan Trumpek AEBra inportaturiko produktuen gaineko muga-zerga unibertsala iragarri zuen, eta horren inplementazioa egiteko data atzeratzen joan da geroztik. Azkenean, baina, iritsi da eguna: gaur bertan, abuztuaren 7an, sartu dira indarrean AEBra produktuak esportatzeko askotariko herrialdeei aplikatuko zaien muga-zerga sistema, Trumpek sinatutako agindu betearazlean jasotzen denez. Automobilgintzako edota bestelako produktuen gaineko %10 eta %41 bitarteko muga-zerga ordaindu beharko dute enpresek AEBra esportatzen dituzten produktuengatik. Zerrendan ia 70 herrialde jasotzen dira, nahiz eta denei aplikatuko zaien gutxieneko %10, eta Europar Batasunaren kasuan, %15ekoa izango da muga-zerga, Von der Leyenek eta Trumpek uztailaren 27an iragarri zutenez. Horretarako, baina, 648.000 milioi euroko gastua egin beharko du Europar Batasunak AEBko energia sektorean, beste 510.000 milioi euroko inbertsioak askotariko eremuetan eta armamentua ere erosi beharko dio herrialdeari, bestela %35ekoa izango baita tarifa, AEBko presidenteak elkarrizketa baten esan zuenez.

 

Portzentaje horretan, baina, ez dira produktu guztiak sartzen. Altzairu eta aluminioaren gaineko muga-zerga %50ekoa izango da. Era berean, atzo bertan iragarri zuen Trumpek erdieroale eta txipen gaineko %100eko muga-zerga ezarriko duela AEBn ekoizten ez diren kasuetan. Produktuak herrialdean bertan produzitu daitezen bultzatzeko presioa egin nahi du errepublikarrak. "AEBn ekoizten baduzu, ez da gainkosturik izango", adierazi zuen agerraldian, eta dagoeneko ekoizpena herrialdera mugitzen ari diren enpresak badaudela ere esan zuen harro. Applek, adibidez, azaldu du 100.000 milioi euro inbertituko dituela "ekoizpen nazionala" bultzatzeko.

Produktu farmazeutikoetan %250 bitarteko muga-zerga ezartzearekin ere mehatxatu die Trumpek 17 enpresari. Sektore horretan ari diren enpresa europarren kasuan, aldiz, %15ekoa izango da —momentuz— muga-zerga hori, arestian aipatutako hitzarmenean adostutakoaren arabera.

 

Gainera, zenbait herrialde bereziki "zigortu" nahi ditu Trumpek. Horien artean da India, zeinari %25eko muga-zerga gehigarria aplikatu dion Errusiari "zuzenean edo zeharka" petrolioa erosteagatik.