Hogeita bederatzi urte geroago, Asiako finantza-krisiaren mamua jaregin zen munduko –baina, orduan bezala, oso bereziki, Asiako– diru-merkatuetan eta ekonomia-giroetan duela hiruzpalau aste. 1997ko uztailean, besterik ezinean, Thailandiako bahtak dolarrarekiko atxikidura utzi egin zuen eta debaluatu egin zen. Ondorioak ez ziren nolanahikoak izan. Ezta mugatuak ere. Izua berehala zabaldu zen Asia Ekialdeko ekonomietara eta munduko diru-mailegatzaile nagusietara, eta tailandiar ekonomia kolapsoan murgildu zen. “1997ko asiar finantza-krisia” deituaren abiapuntua izan zen hura. NDFaren erreskate-plan desberdinekin (17 mila milioi dolarrekoak, Thailandia beraren kasuan, adibidez), hark ezarritako erreforma-plan gordinekin, eta hiru hamarkada geroago sumatzen diren ondorio soziopolitikoekin kitatu zen, nola edo hala, krisialdia. Adituek eztabaidan jarraitzen dute oraindik haren nondik norakoen inguruan.
Hura bezala, isilka etorri da aurtengoa ere, Thailandiatik urruti gabe. Zergatien inguruan, ordea, ez dago horrenbesteko zalantzarik: Persiako Golkoko gerrak erakarritako erregaien garestitzea izan da pizgailua. Baina errekin sukoia lehendik ere hortxe zegoelako, metatuta. Eszenatokia, Indonesia, sumendien herrialdea. Baita krisialdi ekonomikoena ere: 97koak gogorren kolpatu zuenetako bat da. Ez zen txarrerako izan guztia: hogeita hamar urte agintean zeramatzan Suharto diktadoreak ezin izan zuen urtebete gehiago iraun krisi hark sutu zuen ezinegon eta mobilizazio sozialaren aurrean. Ez zen kasu bakarra izan.
Urtarriletik dolarrarekiko baliokidetasuna %9 baino gehiago galduta zegoen Indonesiako errupia aurtengo ekainaren hastapenean. Oso albiste gaiztoa zen joera hori gai asko, baina batez ere biziro garestitutako erregaiak (petrolio-ekoizlea ere bada herrialdea, baina ez ditu inondik ere bere kontsumo-premiak asetzen) inportatu behar dituenarentzat. Hala, hilaren bigarren astean, dibisa defendatzeko, ezusteko tasa-igoera bat —bigarrena hilabetean— ezarri zuen banku zentralak, eta errupiak hobetu zuen zertxobait balioa. Baina neurria motz geratu zen barne-prezioen gorakadaren eta energia-fakturaren zama fiskalaren aurrean. Eta herrialdea pasadizo labainkor eta arriskutsuan sartu da orduz geroztik.
Bost mila kilometro baino gehiago daude Indonesiaren punta batetik bestera, eta nekez suertatuko zaio non edo non hondamendi natural gogorren bat nozitu gabeko urterik
Baina Indonesia ez da nolanahiko herrialdea. Munduko laugarrena da populazioz; India, Txina eta AEB ditu aurretik, soilik. 290 milioi biztanle guztira. Musulman gehien (250 milioi) dituena da, eta hego hemisferioko herrialde populatuena. Eta egia izanik “aurreratuenen” aldean ekonomia apalagoa duela, munduko hamazazpigarrena da bere BPGa halere, Turkiaren parean eta Herbehereen, Saudi Arabiaren edo Poloniaren aurretik. Eta urtean %5 baino gehiagoko hazkundea du 2022az geroztik.
Zenbateko horiek guztiak, ordea, Indonesiaren berezitasunen ikuspuntutik oldoztu behar dira, ikuspegi osatua edukitzeko. Biztanleen erdiak baino gehixeago Javan, munduan dentsitate handiena duen lurralde-unitatean, bizi dira. Jakarta da, NBEk hiri-tasuna definitzeko darabiltzan irizpideen arabera, munduko hirigune populatuena gaur egun: 42 milioi biztanle. Ulergarriagoa egin dezake horrek hiriburua Nusantarara, Kalimantanen, 1.250 kilometrotara aldatzeko darabilten egitasmo korapilatsua. Indonesiarren %60 hirietan bizi da gaur egun; Javan, %65.
Bestalde, Indonesiaren insularitatea (zazpi mila irla dituela biztanledunak esan ohi da) parekorik gabeko zerbait da mundu osoan. Onerako nahiz txarrerako, ekonomiaren zein gizarteen ikuspuntutik. Bost mila kilometro baino gehiago daude herrialdearen punta batetik bestera, eta nekez suertatuko zaio non edo non hondamendi natural gogorren bat nozitu gabeko urterik. Dituen edota izan ditzakeen baliabide naturalen oparotasunaren ifrentzua da, noski, insularitateak eta orografiak garraio- edo energia-azpiegituretarako ezartzen dituzten eragozpen saihestezinak.
Mundu guztiak daki NDFaren erreskateak ez direla doakoak izaten: moneta-politika zurrunak eta gastu sozialen murrizketa gordinak izan ohi dira errezetaren ezinbesteko osagaiak
Bada halako herrialdean, Pertamina, Indonesiako petrolio-enpresa estatalak, %32 garestitu zituen kolpetik, pasa den ekainaren 11n, jende xedeak gehien erabiltzen dituen erregaiak. Noski, burtsak zart egin zuen (gogoan dituelako iazko eta lehenagoko zirrarak, laburrak baina mingarriak), errupiaren balioa amildu egin zen, eta ezinegon soziala agerikoa izaten hasi zen... berriro. Ez baita ahaztu behar iaztik, halaber, abian dela, goraldi eta motelaldiekin, ikasle-mobilizazio zabal bat, sektoreari berariaz dagozkion aldarrikapenekin batera, eskakizun soziopolitiko orokorrak haizatzen ari dena. Indar Armatuek jarduera ekonomiko eta sozialetan gero eta gehiago hartzen ari diren protagonismoa eta poliziaren indarkeria ituan direla, batik bat.

Iazko udazkenean, Prabowo Subianto presidenteak, amore emateko plantak eginez (bost ministro aldatuz, finantza-burua, besteak beste), lortu zuen nolabaiteko menia ikasle protestarien partetik, eta nazioarteko foroetan bere protagonismoa goratzeko aprobetxatu zuen (Indonesiako agintari gorenek batere ohikoa izan ez duten eran, esan dezagun; horrek berak zer pentsatua ematen du haren aginte-estilo txit pertsonalistaz). Baina, sakonean, bereari eutsi dio. Eta orain sektore kaltetu berrien haserreari ere aurre egin beharko dio testuinguru ekonomiko korapilatsu batean.
Kontrako bideak, ordea, amildegi ekonomikora eraman dezake: errupiaren debaluazio erraldoia, kanpo-ordainketen etendura eta, azken batean, NDFaren erreskatea. Dagoeneko batzuk eskatzen hasi direna. Baita haren aurkako adierazpenak ere, kutsu konspiranoikoekin onduak, kasu batzuetan. Jakin, mundu guztiak dakielako NDFaren erreskateak ez direla doakoak izaten: moneta-politika zurrunak eta gastu sozialen murrizketa gordinak izan ohi dira errezetaren ezinbesteko osagaiak. Thailandiako aurrekariak gogoraraziko die, besterik ezean.
Duela hamar egun, Purbaya Yudhi Sadewa finantza-ministroak uko egiten zion NDFk eta Munduko Bankuak jada Indonesiari eskaini bide dioten 20-30 mila milioi dolarreko erreskateari
Indonesiako kasuan, inork ez du zalantza egiten, errezeta horren ezarpenak erakarriko lukeela, hainbat austeritate-neurriren artean, herrialdean gaur egun erregaiei aplikatzen zaizkien hobarien (eta jende xehearen bizimodua, hein batean, eramangarri egiten dutenen) desagerpena. Pertaminak bat-batean hartutako neurria haur-jolasen pare geratuko litzatekeela, alegia. Eta maldan behera, ekonomiarako eta jendearen bizimodurako erosgai guztiak garestituko liratekeela lehendik ereinda dagoen ezinegon soziala leherraraziz.
Duela hamar egun, Purbaya Yudhi Sadewa finantza-ministroak uko egiten zion NDFk eta Munduko Bankuak jada Indonesiari eskaini bide dioten 20-30 mila milioi dolarreko erreskateari. Argudiatzen zuen herrialdeak gordekin nahikoak badituela, egoera fiskal osasuntsua daukala eta hazkunde ekonomiko inbidiagarria duela estutasunari bere kasa aurre egin ahal izateko. Baina errupiak balioa galtzen jarraitu du harez geroztik ere dolarraren aldean, eta urduritasuna inguruko herrialdeetara ere zabaltzen ari da. Isilka oraingoz. Baina Indonesiako banku zentralak interes-tasak are gehiago igotzen baditu, bertako hazkunde ekonomikoa galgatu ez ezik, nazioarteko kapital-mugimenduak baldintzatuko ditu. Eta alor horretan ez daude kontuak txantxetan ibiltzeko, beste zio batzuk medio, Japoniako yena ere hamarkadatako minimotan dabilenean dolar estatubatuarrarekiko.
Edo, are okerragoa dena, AEB eta Txinaren arteko merkataritza-gatazka edozein unetan indarberritu daitekeenean. Oreka artatsua gorde behar baitu (eta hala egin du orain arte), ezinbestez, Indonesiak bi handien talka horretan. Erregaietan eta beste zenbait lehengaietan Persiako Golkoarekiko mendekotasun ikaragarria duen bezala, Mendebaldeko kapital eta teknologiekiko dependentzia larregia baitu; baina baita Txinarekikoa ere azpiegitura-egitasmoetan, energia-trantsizioan, ibilgailu elektrikoetan... Ez da gutxietsi behar, bestalde, hain zuzen AEB-Txina gatazka komertzialak orain arte erakarri dion albo-onura: esportatzen jarraitu ahal izateko sorlekua utzi eta bertaratu diren lantegi txinatarrak.
Saiatu da Prabowo oreka hori gordetzen. Eta haren nortasuna eta, orokorragoan, gaur egungo Indonesiak duen bilbe politikoa da krisiaren kudeaketa baldintzatuko duen beste faktore nagusia. Hein batean, herrialdearen azken hamarkadetako historia politikoa lotzen duen haria delako Prabowo.
Zenbat “Ormuzko itsasarte” sor litezke bertan? Malaka, Sunda, Lombok, Badung, Sape, Karimata... XXI. mendeko merkataritzaren giltzadura zaurgarrienak
Luzaro, bai Sukarnorekin eta bai Suhartorekin, herrialdeko ekonomia eta finantzen kudeatzaile gorena izan zen Sumitroren semea eta jaiotzez elitearen gorenean txertatua, Armadan egin zuen karrera Prabowo Subiantok, oroitzapen gaiztoko Kopassusaren buru izateraino. Timor Lesteko okupazioan gerra-krimenak eta gizateriaren kontrakoak egin izana leporatu ohi zaio, ganoraz. Bizkitartean, Suhartoren alabarekin ezkondu eta elitearekin zuen lotura biderkatu zuen. Baina 1997ko krisiaren ondorioek sortutako ezinegon sozialak Suhartoren akabera politikoa iragarri zuenean, jakin zuen Prabowok hondoratzen ari zen ontzitik ihes egiten.
Harez geroztiko indonesiar “demokrazia” oligarkikoan, presidentetzara heltzea izan da Praboworen xedea. Saiatu da, alafede. 2009an Megawatirekin presidenteorde izateko aurkeztu eta porrot egin ondoren; 2014an Joko Widodoren aurka presidentetzarako hauteskundeak galdu ondoren; 2019an Jokowi berberaren kontra berriro galdu baina, jarraian, haren defentsa-ministro bihurtu ondoren...; 2024an lortu zuen presidentetzara heltzea, Jokowiren semea presidenteorde duela. Auzoko Filipinetako Marcos-Duterte tandemaren atzera, baina gozotasun gehiagorekin. Indonesiako goi-politika nolakoa den nahiko argi erakusten du ibilbide horrek guztiak. Baina, baita ere, agintean bi urte baino gutxiago daramatzanean Prabowok ez duela hura galdu nahiko orduan aitaginarreba zuen Suhartok galdu zuen bezala.
Eta kidetasunak kidetasun, Indonesia ez delako Thailandia: askoz arriskugarri latzagoa du. Bien artean legokeen ezberdintasun handiena, mapak erakusten duen horixe da. Indonesia osatzen duen irla-sokak aldebanatzen ditu, fisikoki, ia saihesbiderik gabe, Itsaso Barea eta Indiako Ozeanoa. Herrialdea ezegonkortasun politiko eta sozial sakon eta iraunkorrean murgilduko balitz... zenbat “Ormuzko itsasarte” sor litezke bertan? Malaka, Sunda, Lombok, Badung, Sape, Karimata... XXI. mendeko merkataritzaren giltzadura zaurgarrienak.
Munduak onartu behar ez lukeen erupzioa da, itxuraz, Indonesiakoa.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta