
Euskal ekonomiaren etorkizunaren fokuari eutsi zion EnpresaBIDEAko II. Topaketaren bigarren mahai-inguruak. Eta foku horretan kokatzen jarraitzeko, Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak egin zion solasaldiari sarrera. Parte horrek Pilar KaltzadaEnpresaBIDEAko fundatzaile eta bazkidea izan zuen moderatzaile, eta Mikel Irujo Nafarroako gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria, eta Jon Ansoleaga SPRI taldeko zuzendari nagusia protagonista. Ansoleagak Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuaren tokia hartu zuen, azken orduko agenda kontuak medio.
Ekitaldiaren babesle izan ziren Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Mondragon Taldea eta Kutxa Fundazioa, eta horretan lagundu zuten, halaber, Adegi, Ayesa, Laboral Kutxa, Krean, Artizarra Fundazioa eta Miryam Artola Kontsultora Estrategikoak.
Anduezak espresuki eskertu zuen mahai-inguru eta solasaldietan euskaraz jarduteko aukera izatea, “hizkuntza ez delako oztopo, baizik eta aukera eta nortasunaren adierazgarri”, aldarrikatu zuen. Lehenengo mahai-inguruari ere egin zion erreferentzia, “ikuspegi publiko-pribatu partekatuaren garrantzia” nabarmenduz eta industriaren erronkak eta aukerak plazaratuz. Anduezaren hitzetan, “trantsizio garaian gaude, bai, baina hori ez da inolako geldialdia”.

Norabide berriak adosteko premia ere azpimarratu zuen, “elkarrekin, konfiantzaz eta ausardiaz”, eta horretan erakundeak “itsasargia” behar dutela izan. “Gure lurraldeko sare ekonomiko sendoak hazteko eta uztartzeko behar duen lurra harrotzea eta ereitea dagokigu, etorkizunean fruituak bildu ahal izateko”.
Horrekin batera, elkarlanerako deia egin zuen, izan ere, erronka partekatuek erantzun bateratuak eskatzen baitituzte, bere hitzetan. “Industria-makina handietan gertatzen den bezala, sistema osoak behar bezala funtzioan dezan, pieza guztiek loturak koordinatuta eta elkarlanean aritu behar dute”.
Industria lege eta planak bideorri
Anduezak nabarmendu bezala, publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana gako izan ohi da politika publikoak gauzatzeko. Aldaketa nabarien garaian izanik, elkarrekintza hori ulertzeko moduaz galdetu zien ezer baino lehen Kaltzadak Irujo eta Ansoleagari, industrian fokua jarrita, batez ere aintzat hartuta EAEko BPGaren %39 eta Nafarroakoaren %31 dela.
Nafarroaren kasuan, bederatzi lantalde sortu zituzten, 2024an zehar buru-belarri aritu direnak industirari loturiko lanketa egiten, besteak beste ekonomia zirkularrari, ekintzailetzari eta abarri loturikoak. Ekarpenak Industria foru legean bildu dituzte. "Lortu dugu sektore guztiekin hitz egitea", adierazi du Irujok. Puntu guztiekin denok ados ez izanik ere, "Nafarroako gobernuarentzat industria lehentasuna da, eta industria lehen mailako zerbait bezala jartzea lortu dugu", zioen.
EAEren kasuan, estrategikoa denaren eta premiazkoa denaren arteko orekan ari dira lanean elkarrekintza horretan. Parte estrategikoan, industria plana aipatu zuen Ansoleagak, Jaurlaritzak aurki aurkeztu dezakeena. Hiru ardatz izango ditu: industria gehiago, industria hobea eta isuri gutxiagokoa. Lehen lerroari bultzada emateko "SPRI bezalako tresnak" plazaratu zituen Ansoleagak, "dirulaguntzak eskaintzeko". Bigarrenaren adibide gisa jarri zuen SPRIkoak industria hobea lortzeko zientzia eta teknologiari loturiko ikerketa programen hazkundea. Hirugarrenaren kasuan, berriz, egun batzuk lehenago hiru aldundiekin aurkezturiko Deskarboniza planaz aritu zen.

Hala ere, premiazkoei ere eusteko garrantzia ez zuen atzean utzi Ansoleagak, eta "muga-zergen" kontuaren testuinguruari loturik sortutako “Industriaren Defentsarako Taldea" nabarmendu zuen, batez ere etor litezkeen zailtasunei aurrea hartzeko. "Eta zer egin behar dugu? Gure partaidetza areagotu". Euskal industriara 500 milioi euro bideratuko direla gogorarazi zuen SPRIkoak. "Hori da gerturatzeko modua elkarlanetik".
Arestian aipaturikoak elkarlanaren kasutzat jo zituzten biek ala biek. Dena den, Irujoren ustetan, egoera hori normaltzat jotzen bada ere, ez da egintzat jo behar. “Momentu ikaragarri batean gaude sartuta”, zioen.
Finantzaziorako gakoa: ekosistema
Joko-arauen aldaketa aurreikusten den testuingurua abiapuntu, finantzazioak pisua har dezake. Zenon Vazquez Elkargiko zuzendari nagusiak ondorengo galdera egin zien parte hartzaileei, bideo bidez: "zein urrats gehiago eman ditzakegu elkarrekin finantza formaziotik hasita finantzazioraino enpresa sendoagoak, lehiakorragoak, izateko?"
“Finantzaziorako, ekosistema da hitza. Hau ez da bakarrik gauzak ekoiztea, munduak gehiago eskatzen duelako", erantzun zuen Irujo zalantza izpirik gabe, ekosistema horrek eskatzen dituen eragile gakoak ere nabarmendu zituen: "Behar dira unibertsitateak, enpresak, zentro teknologikoak, ekintzailetza (talentua) hori dena finantzatu behar dugu”. Pertsonak eta erakundeak sistema baten parte gisa ulertzeko garrantzia azpimarratu zuen.

Historikoki, finantzaketaren esparruan Elkargiren eskutik emandako pausoak plazaratu zituen. "Aipatzekoa da Nafarroan berankortasun tasarik baxuena dugula. Halaber, Artizarra Fundazioarekin eta Stellum Capitalekin Sodenak duen Sustraitze proiektua nabarmentzeko ere aprobetxatu zuen kontseilariak, familia enpresekin lantzekoa bereziki.
Ansoleagak Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ari diren business as usual inbertsioa egiteko dirulaguntzez gain, bi "apustu garbi" nabarmendu zituen. Lehena, "euskal finantza aliantza, lehendakariak orain gutxi aurkeztua. Sekulako apustua izan da". Datozen urteetan 5.000 milioi euroko aurrekontua ezartzea aurreikusten dela gogorarazi zuen SPRIkoak, enpresen errotzea bultzatzeko. "Erabakietan parte hartzea estrategikoa da".

Bigarren apustua BasqueFIK da. "Kluster finantzario bat falta zen. Sektoreak apustu argia egin du horren alde eta eragile nagusiek hartzen dute parte". Izan ere, Ansoleagak argi du: "erkidegoan dauden aurrezkien parte handiago bat bideratu nahi dugu industria ehuna indartzera".
Gauzak hala, baina, solasaldiaren amaieran, Daniel Innerarity filosofoak mahaigaineratutako kontzeptu bati egin zion erreferentzia Irujok: ezinezkoen gizartea. Horrek bestelako departamentuetako finantzazioa indartzeko beharraz hitz egitera eraman zuen. “Oso gizarte exigente batean bizi gara, demografiaren eragina. Zerbitzu horietan esfortzu gehiago jartzen ari gara. Ospitaleak, gizarte zerbitzuak, unibertsitateak… Nafarroan aurrekontu asistentziala asko handitu da", gogorarazi zuen.