• EKONOMIA
  • EAEko industria prezioak %2,0 beheratu dira urtebetean

EAEko industria prezioak %2,0 beheratu dira urtebetean

Apirilaren aldean, %2,8 txikitu dira prezioak maiatzean, Eustaten arabera

Energiaren prezioak %8,9.beheratu dira | Argazkia: Europa Press
Energiaren prezioak %8,9.beheratu dira | Argazkia: Europa Press
2025eko ekainaren 24a
Eg. 2025eko ekainaren 24a

Eustaten arabera, industria-prezioak %2,8 beheratu dira 2025eko maiatzean, aurreko hilabetearen aldean; 2024ko maiatzaren aldean ere, %2,0 txikitu dira prezioak.

 

Apirileko prezioekin alderatuta, beherakadarik nabarmenena ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta oinetakogintzaren sektorekoa izan da (-%15,5), baita energia elektrikoa, gasa eta lurrunaren sektorekoa ere (-%14,3). Kontrara, hiletik hilerako igoera handiak izan dituzte erauzketa-industriaren sektoreak (%8,5) eta farmazia produktuen fabrikazioarenak (%6,3).

Helburu ekonomikoaren araberako ondasunen arabera sailkatuta, 2025eko apirilaren aldean energiaren prezioak jaitsi dira (-%5,4), baita ekipo-ondasunen (-%4,5) eta bitarteko ondasunen prezioak (-%0,9) ere. Kontsumo-ondasunen prezioek ere behera egin dute (-%2,1), batik bat, kontsumo ez-iraunkorreko ondasunen prezioak beheratu direlako (-%2,4).

 

Aurreko urteko maiatzaren aldeko zifrei erreparatuta, ikus daiteke prezioen igoera nabarmena izan dela honako sektoreetan: farmazia produktuen fabrikazioan (%8,1) eta produktu informatiko, elektroniko eta optikoen fabrikazioan (%8,0). Aldiz, urte artean prezioen jaitsiera pairatu dute ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta oinetakogintza adarreko prezioek (-%15,2) eta koke-lantegiak eta petrolio-fintzea adarrekoek (-%14,5).

Helburu ekonomikoaren arabera sailkatuta, aurreko urteko maiatzean baino prezio altuagoak dira aurtengoak bitarteko ondasunen kasuan (%0,2), baina, gainerako kasuetan, prezioek beheranzko joera izan dute: ekipo-ondasunen kasuan %1,8 jaitsi dira, kontsumo-ondasunen kasuan %0,8, eta energiaren prezioen kasuan %8,9.