Inflazioa %3,4ra jaitsi da Hego Euskal Herrian

Beheranzko bidea hartu du erregaien eta argindarraren merkatzearen ondorioz

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Kontsumo Prezio Indizearen (KPI) urte arteko tasa %3,4ra jaitsi da martxoan Hego Euskal Herrian, urte hasierako goranzko joera atzean utzita. Hala, 2021eko abuztutik erregistratu den daturik baxuena da, orduan %3,3koa izan baitzen inflazioa.

2022ko uztailean goia jo zuen, %10,7raino iritsita, eta urte amaierara arte pixkanaka apaltzen joan bazen ere, 2023a hastearekin batera berriro goranzko bideari ekin zion,  urtarrilean %5,6tik %5,8ra igo baitzen, eta otsailean %5,9ra. Martxoarekin batera amaitu da hori.

Espainiako Estatistika Institutuaren arabera (INE), argindarraren eta erregaien merkatzea izan da inflazioa jaitsi izanaren arrazoi nagusia. Baina, elikagaiak dira inflazioa gehien handitzen duten produktuak, duela urtebete baino %16,5 garestiago baitaude. Hil arteko datuei erreparatuta, berriz, elikagaiak %0,6 garestitu dira martxoan Euskal Autonomia Erkidegoan, eta %0,1 Nafarroan.

Arrainaren, mariskoaren, esnearen, gaztaren, arrautzen, olioen eta gantzen garestitzea iazko martxoan baino apalagoa izan da aurtengoan Hala ere, lekaleen eta barazkien prezioen gorakada 2022ko martxokoa baino handiagoa izan da.

Azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena, hamarren bat jaitsi da martxoan, % 7,5raino, aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuta. Hala ere, 4,2 puntuko aldea du KPI orokorrarekin alderatuta. Otsailetik martxora, berriz, igoera 0,7 puntukoa izan da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK