Inflazioa %5,9ra igo da elikagaien prezioen garestitzearen ondorioz

Iazko otsailetik elikagaien prezioa %15,8 igo da

Elikagaiak supermerkatu batean | Argazkia: Europa Press Elikagaiak supermerkatu batean | Argazkia: Europa Press

Kontsumo Prezio Indizearen (KPI) urte arteko tasa %5,9ra igo da otsailean, nahiz eta urtarriletik erritmoa apaldu egin duen, %5,6tik %5,8ra egin baitzuen gora orduan. Elikagaien prezioen igoera izan da berriro ere inflazioa haztea eragin duena, eta kezka sortu du, iazko otsailean baino %15,8 garestiago baitaude elikagaiak aurten.

Hala, 2022ko otsailetik aurtengo otsailera gehien garestitu diren elikagaien artean, azukrea (%68,8); olioa (%37,8); esnea (%32,3); arrautzak (%30,3); patata (%23,5); lekaleak eta barazkiak (%17,7); eta esnekiak (%16,8) daude, hurrenez hurren.

Elikagaiak eta energia kontuan hartzen ez dituen azpiko inflazioa ere igo egin da, %7,5ekoa izan baita otsailean, urtarrilean baino bi hamarren handiagoa. Portzentaje altu honek argi uzten du prezioen garestitzea ekonomiaren atal gehienetara zabaldu dela.

Hala ere, erregaien prezioen eta etxeko berokuntza, argiztapena eta uraren prezioen igoera moteltzen ari da pixkanaka. Erregaien prezioen garestitzea nabarmen hazi zen abendutik urtarrilera, %6,2tik %12,5era igo baitzen, Espainiako Gobernuak dirulaguntzari amaiera eman ziolako. Hala ere, prezioen garestitzeak %5,5era egin du behera otsailean. Etxeko berokuntza, argiztapena eta uraren gastuak, berriz, iazko otsailean baino %13,8 merkeago izan dira aurtengo otsailean. Azarotik otsailera etxeko gastu horien inflazioa negatiboa izan da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK