Inflazioa %4,2ra igo da Hego Euskal Herrian

Hala ere, elikagaien prezioen igoera eten egin da hilabete askoan goranzko joera izan ostean

Elikagaiak supermerkatu batean | Argazkia: Europa Press Elikagaiak supermerkatu batean | Argazkia: Europa Press

Kontsumo Prezio Indizearen (KPI) urte arteko tasa %4,2ra igo da apirilean Hego Euskal Herrian, martxotik %0,8 hazita, INE Espainiako Estatistika Erakundeak zabaldu berri dituen behin betiko datuen arabera.

Erregaien garestitzeak eta elektrizitatearen prezioaren jaitsiera txikiagoak eragin dute inflazioaren igoera hori. Aldiz, elikagaien prezioaren igoerak apaldu egin dira lehen aldiz, 2021eko urriaz geroztik goranzko joera etengabea izan ostean.

Elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak 2,4 puntu igo ziren 2022ko martxotik apirilera, eta aurten, 3,1 puntu jaitsi dira hilabete tarte berean. Prezioak jaitsi badira ere, iazko apirilean baino %12,7 garestiago jarraitzen dute.

Apirilean elikagaien prezioek izandako jaitsierak ere eragina izan du azpiko inflazioan, elikagai freskoak eta erregaiak kontuan hartzen ez dituenean, %7,5etik %6,8ra jaitsi baita. 2021eko maiatzetik behera egiten duen lehen aldia da, nahiz eta oraindik ere oso goian jarraitzen duen.

Aurreikuspenen arabera, inflazio orokorrak beheranzko joera hartuko du datozen hilabeteetan, iaz maiatzetik ekainera erregaien eta energiaren prezioak igo egin zirelako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK