• EKONOMIA
  • Inflazioa eta Argentina: txanpon beraren bi aldeak?

Inflazioa eta Argentina: txanpon beraren bi aldeak?

Hego Amerikako herriak arazo historikoa izan du fenomeno honekin. Urtarrileko inflazio tasa %2,9koa izan da

Argentinako pesoak | Argazkia: iStock
Argentinako pesoak | Argazkia: iStock
2026eko otsailaren 20a - 05:30

"Horrela pentsatzen dugu, iruzur egin digutelako!". Ez da zaila Argentinak inflazioarekin daukan arazo ia kronikoa ulertzea Alejandro Poli Gonzalvo bertako kontulari eta idazleari entzunez gero. Fenomeno horrek kalte egin dio Hego Amerikako herriari azken hamarkadetan, eta gaur egungo Gobernuaren egonkortze plana —shock terapiaren bitartez ezarritakoa— erdi arrakastatsua izan arren, inflazioaren hileko datuak %3n inguru daude oraindik (2023. urtean, urteko inflazioa %211,4a izan zen).

 

"Inflazioa da, beti eta leku guztietan, fenomeno monetario bat, diru eskariaren gainetik dagoen gehiegizko diru eskaintzak sortua", teorizatu zuen Milton Friedman ekonomista neoliberalak. Esaldi hori mantra gisa errepikatzen du, behin eta berriro, Javier Milei Argentinako presidenteak. Teoria horrekin bat dator Poli Gonzalvo: "Estatuaren defizit handiak gertatu ziren Argentinak bere ahalmenen gainetik bizi nahi izan zuenean".

Alejandro Poli Gonzalvo (kontulari eta idazlea): "Estatuaren defizit handiak gertatu ziren Argentinak bere ahalmenen gainetik bizi nahi izan zuenean".

Poli Gonzalvok eta bertako beste hainbat ekonomialarik azaldu dutenez, historikoki Argentinako Estatuak izan duen funtsa baino gehiago gastatu izan du, eta arazo hori zuzentzeko dirua —kasu honetan, pesoak— emititu behar izan du. Pesoaren eskaintza areagotu ahala, bere benetako balioa jaitsi egiten da. Monetaren balioaren jaitsierari aurre egiteko, prezioak igo egin behar dira.

 

Konfiantza falta eta inflazioa

Hala ere, badaude fenomenoa azaltzeko beste arrazoi batzuk. Haietako bat konfiantza da. Kanpokoek zein bertakoek Estatuarengan eta monetarengan duten konfiantza. Eta Poli Gonzalvok azaltzen duenez, deskonfiantzak markatu egin ditu azken hamarkadak. Gaur egun, argentinarrek ez dute pesorik eduki nahi. Gertakari traumatikoak direla eta, gizarte argentinarrak ez du inolako konfiantzarik bertako banku sistemarengan.

Gaur egun, argentinarrek ez dute pesorik eduki nahi. Gertakari traumatikoak direla eta, gizarte argentinarrak ez du inolako konfiantzarik bertako banku sistemarengan

Poli Gonzalvoren ustez, herriak pairatu zuen lehenengo kolpea —ekonomiari dagokionez— Rodrigazoa izan zen. 1975eko ekainaren 4ean, Celestino Rodrigo Ekonomia ministroak hainbat neurri ezarri zituen Estatuaren defizita zuzentzeko: egun batetik bestera, pesoa %150 baino gehiago debaluatu zuen, eta zerbitzu publikoak eta tarifak %180 igo zituen. Horrek eragin ekonomiko izugarria izan zuen, baita soziala ere. Halaxe adierazi du idazleak: "Garai hartan dena lehertu zen behingoz. Hortik aurrera kontratu soziala hautsi zen, eta jendeak ez zuen pesoarengan konfiantzarik, eta gaur egun arte irauten duten adierazleetara heldu ginen".

Dolarra: konfiantzazko moneta

Kontulariak esan duenez, "Rodrigazoaren aurretik inflazio-aldiak izan ziren, baina ez hain sakonak eta jendearen ongizaterako hainbeste ondorio gabeak". Geroztik, Argentinak hainbat krisi nozitu ditu —bost urtean behin—. Estatuarengan eta monetarengan konfiantza erabat galdu eta gero, gizarteak aurrezteko beste erak aurkitu behar izan ditu. Adibidez, dolarrak erostea. Kasu askotan, argentinarrek haien soldatarekin egiten duten lehenengo gauza dolarrak erostea da. Hori egiten dute aurrezteko eta babesteko, beste krisi baten mehatxuak oraindik imajinario kolektiboan dirauelako.

Erabat normalizaturik dago dolarraren erabiltzea Argentinan. Balore handiak —kotxeak, onibarrak eta abar— moneta horretan adierazten dira. Banku guztiek bezeroei bi kontu eskaintzen dizkiete: bat, pesoetan, bestea, dolarretan. Egoera horretan, hain debaluaturik dagoen pesoarekin, dolarizazioa ez da urrutiko kontu bat, eta Milei presidentetzara eraman zuen promesetako bat izan zen.

Banku guztiek bezeroei bi kontu eskaintzen dizkiete: bat, pesoetan, bestea, dolarretan


"Horregatik mintzatu zen hainbeste dolarizazioaz; batzuek behin eta berriz esaten dutelako denbora gehiegi beharko dela pesoarengan konfiantza berreskuratzeko. Hori dela eta, jendeak monetarengan konfiantza izateko modu bakarra da peso gehiagorik ez egotea", ohartarazi du Poli Gonzalvok.

Konbertibilitatea eta corralitoa

Aipatu behar da 1990eko hamarkadan dolarizazioaren antzeko plan bat ezarri zuela Gobernuak. Hiperinflazioak markatutako bi urteren ondoren (%3.079 1989an eta %2.314 1990ean) Carlos Menem presidenteak "konbertibilitatea" proposatu zuen: pesoaren balioa dolarraren balioarekin lotu zen, tokiko moneta baztertu gabe. Hala egin zien gobernuak aurre prezioen igoerari.

Inflazioari dagokionez, arrakastatsua izan zen garai hartako plan monetarioa. Marina Dal Poggeto ekonomilari argentinarrak gogoratu du: "Hamarkada oso batean inflazioa desagertu egin zen. 1990eko hamarkadan ez zen inflaziorik izan, baina prezio erlatiboen eta tarifen arazo bat egon zen".

Marina Dal Poggeto (ekonomialaria): "1990eko hamarkadan ez zen inflaziorik izan, baina prezio erlatiboen eta tarifen arazo bat egon zen"

2002ko urtarrilaren 6an, krisi sozial handi baten ostean, Gobernuak konbertibilitatetik ateratzea erabaki zuen, eta egun batetik bestera pesoa %28,5 debaluatu zen. Corralito ezarri zuen De la Rúa presidentearen gobernuak: neurri horrek murriztu zuen banku kontuetako diruaren erabilera eta ateratzea. Jendeak 250 peso besterik ezin zituen atera. Bitartean, peso horien balioa jaitsi egiten zen.

Bi urte behar izan zituen Gobernuak garai hartan krisiaren eragin ekonomikoa apaltzeko eta Argentinako gizartea errekuperatzeko. Hala ere, Dal Poggetoren ustez, 2003an inflazioaren arazoa berriz ere agertu zen: "Behin 2001eko krisia konponduta, banku zentralaren eta monetaren sinesgarritasuna berreskuratu beharrean, Gobernuak sistematikoki lehenetsi zuen epe laburra, eta, horrela, lortutako superabita galdu zuen. Halaxe hasi zen diru-finantzaketaren eskema hau, banku zentralaren balantzea leherrarazi egin zuena". Beste behin ere, Gobernuak pesoak emititzea erabaki zuen, eta hala inflazioaren arazoa berpiztu.

Alejandro Poli Gonzalvo (kontulari eta idazlea): "Jendeak bi urte gogor pairatu zituen, oso gogorrak. Nik, nire analisi historikoekin eta denarekin, diot: hau ez da jasangarria

20 urte beranduago, 2023ko hauteskundeetan, Argentinako gizarteak inflazioaren arazoari "amaiera emango zion" kandidatua bozkatu zuen. Bi urte daramatza presidente gisa, eta hainbat neurri gogor hartu ostean —estatuaren "defizit zero", emititzearen amaiera, zerbitzu publikoen prezioen eguneratzea, eta abar— oraindik ez du lortu inflazioaren tasa nahi duen mailara eramatea.

Poli Gonzalvoren ustez, gaur egungo Gobernuak ezarritako shock terapia beharrezkoa da antzinako arazoak behin betiko amaitzeko. Hala ere, atzerapen honetan, ez daki nahikoa izango den: "Jendeak bi urte gogor pairatu zituen, oso gogorrak. Nik, nire analisi historikoekin eta denarekin, diot: hau ez da jasangarria. Hala ere, jendeak eusten du. Baina inork ez daki noiz arte edo noraino eutsiko dion jendeak".