Iranen aurka AEBk eta Israelek hasitako gerrak Ormuzeko itsasartearen ia erabateko itxiera ekarri du, eta petrolio eta gasaren garestitzeak nabarmen eragin du martxoko inflazioan. Espero zen KPIaren igoera, eta lau astetan puntu bat egin du gora, otsaileko %2,3tik martxoko %3,3ra.
Igoera oso azkarra izan da, 2022ko maiatzetik eman den azkarrena. Orduan Errusiak Ukraina inbaditu zuen eta inflazioak gora egin zuen denbora luzez. Hego Euskal Herriko datuak bi aste barru jakingo dira, baina litekeena da Espainiaren moduan puntu oso bat gora egitea eta %3,5aren inguruan ezartzea.
Otsailean gasolinaren prezioa beherantz ari zen, baina azken hilabetean nabarmen egin du gora. Joera horri aurre egiteko, Espainiako Gobernuak orain gutxi erabaki du erregaien gaineko BEZa %21etik %10era jaistea.
Gogoratu behar da EBZren helburua inflazioa %2aren inguruan mantentzea dela, eta kopuru horretan eustea lortu du azken hilabeteetan. Ekialde Hurbilean lehertu den gatazkak, ordea, hankaz gora jarri ditu merkatuak, eta petrolio eta gasaren garestitzeak inflazioa hauspotu du.
Hartara, baliteke EBZ interes tasak igotzen hastea, finantza erakundeak espero baitu %2,6raino igotzea aurtengo batez besteko inflazioa.