Europa Banku Zentralak interes tasak bere horretan mantentzea erabaki du azken bost bileretan, eta badirudi gaurkoan ere hala egingo duela. Dena den, itxuraz berebiziko garrantzirik ez zuen bilkurak jakin-mina sortu du azken asteetan Ekialde Hurbilean hedatutako gerra dela eta. Petrolioaren eta gasaren prezioaren igoerak hornikuntza kateak dardarka jarri eta energia krisi baten atarian jarri du mundua, eta gerra luzatzeko zantzuak geroz eta agerikoagoak badira ere, ez dute Frankfurteko erakundearen norabidea aldaraziko. Oraingoz, behintzat.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Otsailaren 5ean bildu zen EBZ azken aldiz. Artean tentsio geopolitikoa agerikoa zen, baina gutxik aurreikusi zezaketen Irango gerra hasi eta merkatuetan eragingo zuen astindua. Munduko taula geopolitikoa hankaz gora jarri da aste gutxitan, eta energia prezioen bat-bateko igoerak erabat uxatu du banku zentralek inflazioaren ustezko beherakadari zioten beldurra. Are gehiago, alderantzizkoa gertatu da, eta orain inflazioaren gorakadaren deiadarra entzuten hasi dira finantza merkatuak.
Egoera berri horrek, halaber, interes tasak jaisteko motiborik ez dagoela agerian utzi du. Finean, desagertu egin da EBZk mesfidantzaz aurreikusten zuen agertokia: euro indartsu batek inflazioa denbora luzez apalaraztea. Hori hala gertatu balitz, eztabaida tirabiratsuagoa sortuko zukeen diru-politikaren estrategiari dagokionez, banku zentralak nahi baino murritzagoa izango litzakeelako diruaren prezioa.
Gauzak horrela, Europako Banku Zentralaren gaurko bilera goizegi da Irango gerrak eragindako energia prezioaren garestitzearen ondorio ekonomikoak xehe-xehe neurtzeko. Hori bai, argi dago Christine Lagarde buru duen erakundearentzat petrolio nahiz gasaren prezioaren gorakadaren inpaktua buruhauste bilakatu daitekeela. Hein horretan, ekonomialari gehienek gauza bera nabarmendu dute: gerraren iraupenak baldintzatuko du dena.
Inflazioren oreka aldiaren amaieraren hasiera?
2022ko uztailean ekin zion Europako Banku Zentralak interes tasen goranzko bideari, Ukrainako gerrak eragindako inflazio altuari (KPIa %10,6ra iritsi zen, euroa sortu zenetik inoiz baino maila altuagora) aurre egiteko asmoz, eta 2023ko irailera arte hamar aldiz jarraian igo zituen tasak, %4,5eraino, azken hogei urteetako mailarik altueneraino. Urte pasatxoan tasak -%0,5etik %4ra ezarri zituen.
2024an hasi zen tasak apurka-apurka jaisten, harik eta iazko ekainean %2n utzi zituen arte, inflazioa kontrolpean zuela argudiatuta. Ordutik, interes tasak bere horretan mantendu ditu, ez gora, ez behera, “tasa neutraletan”, oreka aldi bat abiatuta, eta inflazioa %2ren ingurumarian mantendu delarik.
Brent upelaren prezioak ehun euroko langa gainditu du, eta gasaren prezioa %50 baino gehiago handitu da. Prezio horiek hainbat hilabetez maila horretan mantenduz gero, bai garraioan, bai elikagaietan, eta, oro har, hornikuntza kateetan kalte handia egingo lukete, eta horrek EBZ behartuko luke interes tasak igotzen hastera
Oreka aldi horri eustea zen banku zentralaren desira, baina AEBk eta Israelek Irani eraso egin eta errepublika islamiarrak Ormuzeko itsasartea itxi izanak balantza kulunkan jarri du, eta, era berean, testuinguru inflazionista baten agertokia azaleratu du. Gerra egunez egun luzatzeak balizko agertoki hori errealitate bilakatzeko aukera handitzen du.
Brent upelaren prezioak ehun euroko langa gainditu du, eta gasaren prezioa %50 baino gehiago handitu da. Prezio horiek hainbat hilabetez maila horretan mantenduz gero, bai garraioan, bai elikagaietan, eta, oro har, hornikuntza kateetan kalte handia egingo lukete, eta horrek EBZ behartu luke interes tasak igotzen hastera.
Gaur ez, agian hurrengoan
Gaurko bileran ez da igoerarik espero, baina ez litzateke harritzekoa izango hurrengoetan interes tasen igoerari ekitea. Hainbat adituk iritzi diote lehen igoera uda aurretik etor daitekeela eta bigarrena urtea amaitu baino lehen. Diotenez, ekaineko bileran tasa igoera bat egoteko aukera %60koa da, eta %35ekoa urtea amaitu aurretik bigarren igoera bat egitekoa. Hala izango balitz, 2026a amaitzerako tasak %2,5ean geratuko lirateke.
Irango gerra lehertu aurretik inbertitzaileek aurreikusten zuten 2026an beste bi jaitsiera adostu eta tasak %1,5ean utziko zituela EBZk, batik bat euroguneko ekonomia suspertu eta Alemania eta Frantziako hazkunde geldoari bizigarri apur bat emateko.
Horrekin batera, euroguneko herrialdeetako bonu subiranoen salmenta orokortuek agerian utzi dute merkatuen beldurra, Europako Banku Zentrala inflazioaren balizko igoeraren aurrean tasen gorakadarekin erantzutera behartuta egon daitekeelako, eta orain inbertitzaileek interes-tasak aurten bi aldiz igotzea espero dute, aldi bakoitzean oinarrizko 25 puntu.
Hainbat adituk iritzi diote lehen igoera uda aurretik etor daitekeela eta bigarrena urtea amaitu baino lehen
Lagardek oreka bilatu beharko du EBZko aholkularien artean. Badira interes tasak igotzearen aldeko zenbait kontseilari (belatzak), eta energia prezioaren gorakadak motibo gehiago emango dizkie euren politika murriztailearen aldeko argudioei eusteko. "Oraingoz, lasai egon behar dugu, baina EBZren erreakzioa askok uste baino gertuago egon daitekeela esango nuke", adierazi du aste honetan Peter Kazimir Europako Banku Zentraleko gobernu kontseiluko kide eta Eslovakiako Banku Zentraleko gobernadoreak.
Aipatutako belatz horietako bat da Kazimir, eta haren diskurtsoa, ñabardurekin bada ere, gobernu kontseilua osatzen duten hainbat kideren bera da. François Villeroy de Galhau Frantziako Bankuko gobernadoreak, esaterako, ohartarazi du EBZk ez dituela interes-tasak igoko oraindik, baina ez duela utziko "inflazioa eurogunean finkatzen".
Ildo beretik jo du Joachim Nagel Bundesbankeko presidenteak, esan baitu “momentuak eskatzen duenean behar den bezala esku hartuko” dutela.
Hitzen garrantzia zenbakia aldatzen ez denean
Gaurko bileran, beraz, zenbakiei baino gehiago hitzei erreparatu beharko zaie. Izan ere, EBZren bilera ostean Lagardek esandakoak izan ohi du inpaktua kontinenteko finantza merkatuetan. Azken bileretako hizkera aldatzea espero da, zorrotzago aritzea, mintzaira “murriztaileago” batekin. Tasen igoera baten hasiera iradokiko duen mezua espero dute inbertsiogileek, betiko zuhurtzia eta datuetan oinarritutako mezua alboratu gabe.
Irango gerra “shock exogeno” bat izan da; hots, jatorria kanpoan duen gerkatari bat, eta, tradizionalki, diru-politikaren eskuliburuak agintzen du ez duela horrelako egoeretan esku hartu behar. Banku zentralek behin behineko egoera gisa interpretatu ohi dituzte horrelako shockak. Aitzitik, EBZk 2022an egindako akatsa ez da ahanzturan geratu, eta baliteke horrek baldintzatuta jardutea hurrengo hilabeteetan. Orain lau urte, aditu askoren aburuz, beranduegi hasi zen tasak igotzen. Ukrainako gerra lehertu eta diruaren prezioa garestitzen hasi zenetik sei hilabetera ekin zion interes tasak igotzeari. Gainera, garai hartan tasak inoizko maila baxuenean ziren (-%0,5ean) eta igoera berantiarrak arestian aipatutako inoizko inflazio altuena ekarri zuen eurogunera (ia %11koa 2022aren amaieran).
Orain lau urte, aditu askoren aburuz, EBZ beranduegi hasi zen tasak igotzen. Ukrainako gerra lehertu eta diruaren prezioa garestitzen hasi zenetik sei hilabetera ekin zion interes tasak igotzeari
Lagardek, ordea, nabarmendu du egungo egoera ez dela orain lau urtekoaren tankerakoa: “Bestelako egoera ekonomiko bat bizi dugu; hobeto gaude eta shockak xurgatzeko gaitasun handiagoa dugu. Behar den guztia egingo dugu inflazioa kontrolpean egon dadin eta europarrok 2022an eta 2023an ikusi genituen prezio igoera berberak jasan ez ditzagun".
EBZk ere argi adierazi du aurreko bileretan inflazioaren aldizkako aldaketak ikuskatzeaz haragoko azterketa egiten duela, eta egoera berri honetan, hasierako inpaktuaz gain, gerora etorriko diren albo-ondorioak ere kontuan hartu behar dituela. Horren harira, Frankfurteko entitateak estrategia eguneratu zuen joan den udan, eta shock inflazionista handientzako plangintza bat ondu zuen. Prezioen hazkundea modu basatian bizkortzen denean eta inflazio altua mehatxu denean, banku zentralek zirt edo zart jokatu behar dutela ondorioztatu zuten. "Enpresek oraindik gogoan dituzte inflazio handiko urteak, eta ziurrenik kostuen igoerak iraganean baino azkarrago eragingo du kontsumitzaileengan. Langileek ere soldata igoerak eskatuko dituzte lehenago", ohartarazi du Kazimirrek.
Orain arteko aurreikuspenak baliogabetuta
Pasa den abenduan, EBZk %1,9ko inflazioa iragarri zuen 2026rako, %1,8koa 2027rako eta %2koa 2028rako. Aurten ekonomia %1,2 haziko zela esan zuen eta %1,4 2027an eta 2028an. Aitzitik, iragarpen horiek petrolio upelaren prezio askoz baxuago batzuk zituzten oinarri: 2026an 62,5 dolarrekoa zatekeen Brent upelaren prezioa, 62,4 dolarrekoa 2027an eta 64 dolarrekoa 2028an.
Baina, Brent upelaren prezioak ehun euroko langa gaindituta, ikusteke dago orain zein eguneraketa egingo duen EBZk. Isabel Schnabel finantza erakundeko gobernu kontseiluko kideak aitortu du 2026erako aurreikuspenek jada ez dutela balio, eta martxoan egingo dituzten aurreikuspen berriek azken asteetan gertatutakoa islatuko duela.
Pasa den abenduan, EBZk %1,9ko inflazioa iragarri zuen 2026rako, %1,8koa 2027rako eta %2koa 2028rako
Banku zentralak ikerketa sakon bat egingo du orain bere proiekzio makroekonomiko berriak argitaratzeko. Erakundeko ordezkariek gatazkaren bilakaeraren arabera hainbat agertoki diseinatzeko formulara joko dute berriro, eta hor topatuko dituzte beren etorkizuneko mugimenduak. Izan ere, lasaitasunerako deia egiten den arren, martxoko hitzordutik aurrera dena erabat irekita geratzen da.
Fedek tasak bere horretan utzi ditu
AEBetako Erreserba Federalak (Fed) atzo erabaki zuen interes tasak bere horretan uztea beste behin. 2026an (ekainean eta irailean) oinarrizko 25 puntuko interes-tasen bi jaitsiera aurreikusten zituen finantza merkatuak, baina Irango gerraren ondorioz, murrizketa bakarra espero da orain.
Trump presioa egiten ari zaio Jerome Powell Erreserba Federaleko buruari interes tasak jaitsi ditzan. Herrialdeko ekonomia suspertu nahi du Trumpek. Tasak jaitsi ditu azken urtean, Powellek, baina ez AEBetako presidenteak nahiko lituzkeen abiaduran. Inflazioa ere kontrolatu nahi baitu Fedeko buruak. Azken bileran tasak bere horretan mantendu zituen. Irango gerrak, halaber, jaitsiera horren abiadura are gehiago murriztea ekarriko du, Ormuzeko itsasartetik datorren olatu inflazionistaren mehatxua dela eta.