• FINANTZAK
  • Trump, Powell eta azaroko hauteskundeak

Trump, Powell eta azaroko hauteskundeak

Trumpen muga-zergek AEBetako ekonomiari kalte egin eta kontsumitzaileen konfiantza galera ekarri du. Azaroko hauteskundeei begira jarri da jada Trump eta Erreserba Federalarenganako presioa handitu du, interes tasak azkarrago jaitsi ditzan

Maiatzean bukatzen da Jerome Powell Erreserba Federaleko presidentearen agintaldia | Argazkia: Fed
Maiatzean bukatzen da Jerome Powell Erreserba Federaleko presidentearen agintaldia | Argazkia: Fed
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
niko cuenca 2022
Analista ekonomikoa. EnpresaBIDEAko aholkularia
2026eko urtarrilaren 16a - 05:30

Mundu osoko bazterrak nahasteaz gain, etxe barruan ere hautsak harrotzen ari da Donald Trump. Nazioarteko hainbat herrialde begiz jota izateak ez dio eragotzi AEBetako barne gatazketan ere buru-belarri aritzea. Ez da gutxiagorako, nahiko lan baitu bere herrialdeko egoera politiko zein ekonomikoa mendean izaten. Dena kontrolpean izateko, ordea, kanpoan bezala, barrura ere agintari errepublikarraren manerak nahikoa zalantzagarriak izaten ari dira: horren adibide Jerome Powell Erreserba Federaleko (Fed) presidentea auzipetu izana, erakundearen egoitzaren berritze lanen kostua dela eta. Argudio hori, baina, Venezuelako narkotrafikoa edota Irakeko suntsiketa handiko armen tankeran, esku hartzearen benetako arrazoia ezkutatzen duen errelatoa besterik ez da. Trumpek Erreserba Federaleko burua kargugabetu nahi du, berak nahiko lukeena egiten ez duelako: interes tasak jaitsi.

 

Paradoxikoa da kontua Trumpek berak izendatu zuelako Powell Fedeko presidente 2018an. Bidenen legegintzaldian beste agintaldi baterako hautatu zuten, 2026ko abuztuan amaituko dena. Deigarria da, hortaz, Trumpek halako presioa egitea, jakinik zortzi hilabete eskas geratzen zaizkiola Powelli Fedeko buru gisa. Presaka aritze horrek iradokitzen du Trump dagoeneko azaroko hauteskundeei begira dagoela, hauteskunde horietan (midterm election), AEBetako Ordezkarien Ganbera eta Senatuaren gehiengoa gal bailitzake, bere aurreko legegintzaldian pasa zitzaion bezala, eta horrek asko mugatuko luke bere gobernuaren erabaki ahalmena.

Paradoxikoa da kontua Trumpek berak izendatu zuelako Powell Fedeko presidente 2018an

Ia urtebete igaro da Trump Etxe Zurira heldu, muga-zergen politika apurtzailea ezarri eta nazioarteko merkataritza arauak hankaz gora jarri zituenetik. Neurri protekzionistak, baina, nolabaiteko boomerang efektua izan du, eta AEBetako ekonomia eta herrialdeko enpresa inportatzaileak kaltetu ditu. Hilabeteotan AEBren balantze ekonomiko nagusia ez da ona izan. Aurreikusitakoa baino gutxiago bada ere, inflazioak gora egin du, enpleguaren sorrera makaldu egin da eta AEBetako presidenteak agindu zuen industriaren loraldia ez da eman.

 

Egia da BPGa handitzen ari dela (%4,3 inguru, Europakoa baino dezente gehiago), baina kontsumitzaileen konfiantza inoizko maila baxuenetara amildu da, eta kontsumitzaileek edota boto-emaileek ekonomia nola hautematen duten giltzarria da azaroko hauteskundeei begira. Hainbat analisten arabera, Kamala Harris eta Bidenen hauteskunde porrota ideia horren baitan gauzatu zen, ekonomiaren datu makroekonomikoak onak izan arren, jendeak ez zuelako ustezko egoera ekonomiko onaren zantzurik sumatzen euren poltsikoetan.

Neurri protekzionistak, baina, nolabaiteko boomerang efektua izan du, eta AEBetako ekonomia eta herrialdeko enpresa inportatzaileak kaltetu ditu

Hori da, hain zuzen, Trumpek azaroan ekidin nahi duena, AEBetako bi ganberak partzialki hautatuko baitira orduan. Muga-zergen neurriak bere boto-emaileen zati handi bat kaltetu du, eta errepublikarrek badakite babes handia galdu dezaketela. Gainera, AEBetan azken hilabeteetan egin diren bestelako hauteskundeetan demokratek emaitza onak erdietsi dituzte, New Yorkeko alkatetzarena kasu. Biztanleen egunerokotasunen kezkak erdigunean jarritako diskurtso batekin irabazi zituen hauteskundeak Zohran Mamdanik, batik bat etxebizitza eta erosahalmena behin eta berriz aipatuta.

Etzebizitzarena ere arazo larria da AEBetan eta aurreko astean Trumpen Truth Social sare sozialean adierazi zuen korporazioek etxebizitzak erosteko aukera debekatuko zuela.

Inflazioaren errezeta: energia eta interes-tasak

Bere boto-emaileen konfiantzari eutsi behar dio Trumpek eta prezioaren gorakada menderatzeko borrokan ari da horretarako. Inflazioa %2,7ra igo da, %2ko helburuaren gainetik, eta azpiko inflazioak ere gora egin du. Datu orokorraz gain, inflazioa xehe aztertuz gero, agerikoa da zerbitzuetan izan dela igoerarik nabarmenena, elikagaietan nagusiki. Horrenbestez, agintari errepublikarrak kafea edo olioaren gaineko muga-zergak ezetsi behar izan ditu, TACO, Trump Always as Chicken Out oihua hedatu delarik finantza merkatuetan, funtsean, Liberation Day egunean iragarritako muga-zerga asko ez dituelako aplikatu, edo neurri horiek aurreikusi baino beranduago sartu dituelako indarrean.

Inflazioaren errezetan, baina, bi osagai nagusiak energia eta interes-tasak dira, eta interes-tasez hitz egiterakoan Fed badu jomugan, energiaz aritzean petrolioa da gakoa. Lehengaiaren prezioa merketu nahi du agintari errepublikarrak, nahiz eta AEBn nagusi den fracking industria errentagarria izateko petrolioaren prezioa altu mantendu beharra dagoen, ekoizpen kostuak direla eta. Venezuelako esku hartzearen arrazoietako bat petrolioa dela ezin da ukatu eta Trumpek berak azaldu du Hego Amerikako herrialdeak 50 milioi upel salduko dizkiola. Erosahalmenaz hitz egitean petrolioaren prezioa oso sinbolikoa da.

Kontsumitzaileen poltsikoan eragiteko beste tresna nagusia interes-tasak dira: enpresen kostuetan zuzenean eragiten dute, baita hiritarrek etxea erosteko orduan ordaindu beharreko hipoteken prezioan ere. Hori dela eta, Etxe Zurira heldu eta berehala tematu zen Trump interes-tasak jaisteko ahaleginean. Powellek, ordea, Trumpen presioei muzin egin eta ez du halakorik egin. Finantza erakundearen eta AEBetako gobernuaren arteko talkak geroz eta indar handiagoa du, harik eta pasa den astean Trump Powell auzipetzera ailegatu den arte.

Feden independentzia historikoa ezbaian

Etxe Zurira heldu zenetik AEBko boteregune nagusiak bereganatu ditu Trumpek, auzitegiak barne, baina Erreserba Federala izan da menderatu ezin izan duen erakunde bakanetakoa, eta AEBetako 47. presidentea ez dago ohituta aurre egiten dion jendearekin harremantzera.

Irainka aritu da Trump Powellen aurka eta Mr too late deitu izan dio behin baino gehiagotan. Tirabiraren irudirik argigarriena Donald Trumpek Erreserba Federaleko eraikinaren lanetara egindako bisita izan zen. Komunikabideen aurrean Powelli leporatu zion lanen aurrekontua nabarmen gainditzea eta hori azaltzen zuen dokumentua atera zuen. Une horretan, Powellek lasaitasun askoz, bere betaurrekoak atera, Trumpen agiria hartu, berrikusi eta gaizki zegoela argitu zion, kameren aurrean. Une hartatik, Powell Trumpen kontrako erresistentziaren ikur bihurtu da askorentzat.

Nixonen garaietara egin behar da atzera antzeko ika-mika bat topatu eta erakundearen independentzia historikoa kolokan ikusteko

Powellek Erreserba Federalaren independentzia aldarrikatu du behin eta berriro, zeinak bi agindu nagusiren baitan jarduten duen: enplegua areagotzea eta prezioak kontrolatzea. Moneta-politika ekonomiaren datuen bilakaeraren arabera jorratu behar dela aldarrikatu du finantza erakundeak, eta ez Etxe Zuriaren presioen baitan.

Bada, Nixonen garaietara egin behar da atzera antzeko ika-mika bat topatu eta erakundearen independentzia historikoa kolokan ikusteko. Amerikako Estatu Batuen historia osoan sekula ez dute Fedeko presidenterik boteretik kendu. 1913ko Erreserba Federalaren legeak zehazten du erakundeko gobernatzaile nahiz presidentea botatzeko “kausa justifikagarria” behar dela; legeak, ordea, ez du kausa horren definiziorik ematen, eta ez dago zehaztuta kaleratze prozedimendurik.

Lisa D. Cooken aurrekaria

Nazioarteko banku zentralek nahiz Fedeko presidente ohiek beren babesa eskaini diote Powelli. EBZko presidente Christine Lagardek eta, besteak beste, Inglaterra, Kanada, Korea eta Suitzako banku zentraletako gobernadoreek adierazpen bateratu bat egin zuten Erreserba Federaleko burua defendatuz, eta egonkortasun ekonomiko nahiz finantzarioa lortzeko banku zentralen independentzia bermatzea “ezinbestekoa” dela gogoratu zuten.

Aitzitik, Powellena ez da izan Etxe Zuriak martxan jarri duen eraso judizial bakarra, Lisa D. Cook Fedeko Gobernadoreen Batzarretako kideetako baten aurka ere egin baitu Trumpen administrazioak, Cookek berak eskatu zituen hiru hipoteka-maileguen kontura. Gobernadorea Trumpen presioen kontra agertu da behin baino gehiagotan eta horregatik kendu nahi du Trumpek gainetik. Bere egoera auzibideetan dago eta epaiak pista bat eman lezake Powellen auziak hartu lezakeen norabidearen inguruan.

Trumpek dagoeneko lortu du Erreserba Federalaren batzordean bere aholkularia den Stephen Miran sartzea

Presidenteaz gain zazpi kidek osatzen dute Erreserba Federalaren Gobernadoreen Batzarra. Powellek batzordearen babes oso zabala izan du orain arte bere erabakietan, eta azken batzarrean bi kidek baino ez zuten bozkatu tasak azkarrago jaisteko. Hori bai, Trumpek dagoeneko lortu du batzordean bere aholkularia den Stephen Miran sartzea.

Urtarrilaren 28ko bilerari begira

Jerome Powellen agintaldia maiatzean bukatzen bada ere, bi urte gehiago luzatzeko aukera zabalik da. Presidentea izendatzeko prozesua oso argia da: Trumpek presidentegai berria aurkeztu behar du, eta, ondoren, Senatuak berretsi behar du proposamen hori. Erreserba Federalaren aurkako politika ez du gustuko Wall Streetek eta hainbat finantza eragile garrantzitsuk kezka azaldu dute. Alderdi errepublikarrean ere mesfidati dira Trumpen azken mugimenduekin eta hainbat senatarik adierazi dute ez dutela presidente estatubatuarraren edozein hautagai babestuko.

Powellen auzibidea luzatu daiteke eta litekeena da apirilera arte epailearen aurrean ez agertzea, ziurgabetasun tarte bat zabalik utzita. Ez da egoera egokiena AEBetako finantza sektoreak hainbat erronkei egin behar baitie aurre hurrengo hilabeteetan. Alde batetik, zenbait korporaziok Etxe Zuria Nazioarteko Merkataritza Auzitegira eraman zuten muga-zergen harira, eta, ebazpena oraindik atera ez bada ere, isun eta indemnizazio altuak ataka estuan jarri litzake herrialdeko finantzak. Beste aldetik, herrialdeak likidezia tentsio handiak ditu, eta Feden papera ezinbestekoa da horri aurre egiteko.

Alderdi errepublikarrean ere mesfidati dira Trumpen azken mugimenduekin eta hainbat senatarik adierazi dute ez dutela presidente estatubatuarraren edozein hautagai babestuko

Urtarrilaren 28an egingo du Erreserba Federalak bere hurrengo bilera, eta, merkatuko adituen arabera, azken hilabeteetan tasak zertxobait apaldu ostean (%3,5% - %3,75 inguruan daude orain), bere horretan utziko ditu. Baliteke, halaber, data horretarako Trumpek efektu-kolpea eman nahi izan eta presidenterako hautagaia aurkeztea.

Bi hautagai nagusi

Fedeko presidente izateko hautagaien inguruko zurrumurruak bolo-bolo dabiltza. Aukera gehien dituzten bi hautagaiak Kevin Hasset eta Kevin Wash dira. Lehena Etxe Zuriko aholkularia da, Trumpen politikekin erabat lerratua dagoena, eta horrek mesfidantza sortu du merkatuetan. Bigarrenak ospe handia du finantzen alorrean, Wall Streeten lan egindakoa da, Morgan Stanley etxean, eta Feden independentziaren aldeko aldarria egin du.

Badira, halaber, izen gehiago mahai gainean eta dena irekita dago. Galdera zera da: ausartuko al da Trump bere morroia den hautagaia aurkezten Wall Street kontra egon daitekeela eta alderdi errepublikarrean banaketa sortu dezakeela jakinik?