AEBk Venezuelan eginiko eraso militar eta Nicolas Maduro presidentea preso hartzearen atzean arrazoi ekonomikoak daudela gutxik jarriko dute ezbaian. Donald Trumpek ere ez du ezkutatu ideia hori. Adierazpen ugari egin ditu azken egunotan AEBetako presidenteak, eta horien artean oil hitza behin eta berriz aipatu du inolako pudorerik gabe. Petrolioa, bai, hori da AEBen erasoaren arrazoi nagusietako bat, baina ez bakarra.
Jakina da Venezuelak munduko osoko petrolio gordineko erreserben %17 duela lurraldean. Petrolio hori ustiatu ahal izateko, ordea, inbertsio handia egin beharko litzatekeela ere aski ezaguna da. Ekoizpena bikoiztu ahal izateko gutxienez 100.000 milioi euro inbertitu beharko lirateke. AEBk, baina, ez du Venezuelako petrolioa behar oraingoz. Hala balitz, Maduroren gobernuarekin itun bat sinatu zezakeen, Madurok berak adierazi baitzuen prest zegoela Trumpen gobernuarekin negoziatzeko, eta The New York Times egunkariak aurreratu zuenez, pasa den urrian bi gobernuak petrolioa eta beste lehengai batzuen inguruko salerosketak negoziatzen aritu ziren.
AEBren mugimenduaren atzean, ordea, badira beste arrazoi ekonomiko ugari. Munduaren dolarizazioa bermatzea da horietako bat. Azken urteetan mundu mailako lehengai estrategikoen salerosketa geroz eta gehiago yuan txinatarretan egiten hasi dira hego hemisferioko hainbat herrialde, euren artean merkataritza akordio aldebikoak onduta. Venezuelak eta Txinak euren arteko salerosketak yuanetan egitea adostu zuten eta Brasilek ere gauza bera egin zuen. Era berean, pasa den irailean OCS erakundeak Tianjin (Txina) eginiko nazioarteko bilkuran, Txinak eta Indiak euren harreman diplomatikoei berrekitea erabaki zuten. Handik gutxira, Indiako konpainiak Errusiari petrolioa yuanetan erosten hasi ziren.
BRICS taldeko kide dira Errusia, Txina, India eta Venezuela, zeinak helburuen artean duen mundu mailako sistema finantzario alternatibo bat egituratzea, dolarraren menpekotasunetik aldenduko dituena. Horren erakusle, Saudi Arabiak ere orain gutxi adierazi zuen prest zegoela petrolio kontratuak dolarretan ez ezik beste dibisa batzuetan salerosteko.
2022tik BRICS taldeko herrialdeek euren salerosketen %99,1 yuan txinatar edo errublo errusiarretan egin dituzte
Datuek argi diote, 2022tik, Etxe Zuriak Ukrainako inbasioa dela eta zigor ekonomikoak ezarri zituenetik, BRICS taldeko herrialdeek euren salerosketen %99,1 yuan txinatar edo errublo errusiarretan egin dituzte. Jakina da ere bai azken urteetan BRICS taldeko herrialde nagusien BPGa G7koena baino hiru aldiz azkarrago hazten ari dela.
Mugimendu horiek guztiek dolarraren nagusitasuna kolokan jarri dute, desdolarizazio prozesu isil zein motel bat abiatuz, eta AEBk mehatxu bezala ikusi du. Trumpen gobernuak mundu mailako ekonomiaren hegemonia mantendu nahi du nola edo hala, eta horretarako dolarra nazioarteko dibisa nagusi izaten jarraitzea ezinbestekoa du. Venezuelaren gaineko kontrola lortuko balu, Delcy Rodriguez buru duen gobernuak Txina, India eta Errusiarekin dituen petrolio kontratuak haustea bultza lezake, eta horrekin yuanen bidezko salerosketak eten. Halaber, Estatu Batuetako petrolio konpainiak Venezuelan ezarrita, salerosketak dolarretan egitea bermatuko luke Donald Trumpek.
Mundu digitalean ere bai
Dibisen arteko lehia mundu digitalean ere geroz eta nabarmenagoa da, eta AEBetako presidenteak stablecoins deritzonak baliatu nahi ditu dolarraren nagusitasunari eusteko. Balio egonkor bat mantentzeko diseinatutako aktibo digitalak dira stablecoinsak, kripto txanponak dira, eta monetaren hegazkortasuna ekiditea dute helburu. Moneta egonkor horiek kriptomoneta bati, Fiat diruari edo lehengaien merkataritzari lotuta egon daitezke. Izaera bikoitz horrek —kriptografia bezala programagarria, eta fiat bezala fidagarria— tresna baliotsua bihurtzen du erabiltzaileentzat eta enpresentzat.
Egun, moneta digital egonkor horrek 50 milioi dolar baino gehiagoko merkatua du, eta hazten ari da etengabe. 2024an, esaterako, stablecoins bidez Visa eta Mastercard txartelekin baino eragiketa gehiago egin ziren. Bada, merkatu horretan dolarra da dibisa nagusia, eta Trumpen gobernuak Genius izeneko legea onartu zuen iaz, moneta horren bidez ere dolarizazioari eusteko.
Genius legearen bitartez, merkatu digitalean dolarraren presentzia areagotu nahi du AEBk. Legeak funtsean stablecoins bidezko ordainketak finantza-tresna arautu gisa finkatu nahi ditu. Aktibo digitalen ekosistema ziztu bizian hazten ari da mundu osoan, eta esparru horretan ere lidergoa hartu nahi du AEBk.
Kontinentea menperatu, munduko hegemoniari eusteko
Trumpek, Venezuelaz gain, Groenlandia ere begiz jota izatea ere ez da kasualitatea. Geopolitikaren xake partida honetan, mugimendu horrek iradokitzen du AEBetako gobernuak Amerikako kontinentea kontrolatu nahi duela, Monroe Doktrina biziberrituz. XIX. mendean jatorria duen doktrina hori baliatu izan du AEBek bere historian zehar bere buruari nolabaiteko zilegitasuna emateko kontinenteko beste estatuetan esku hartu eta bere interesekoak ziren gobernuak ezartzeko.
Yuanaren indarraldiak eta BRICS taldeko herrialdeen finantzazio sistema alternatiboak ikusarazio dio AEBeri mundu osoaren gaineko kontrola gauzatzea ezinezkoa duela gaur-gaurkoz, eta hein horretan ere uler daiteke AEBek Amerikako kontinentea behintzat euren interesen menpe izatea. Trumpek berak eta bere gobernukideek hala esan zuten, euren "ataria" (backyard) kontrolatu nahi zutela, eta Venezuelaren ostean, Kuba eta Kolonbiaren txanda zetorrela.
Groenlandia, Ukraina eta lur arraroak
Baina, Groenaldiaren kasuan, kontinentea estrategikoki menderatzeaz gain, lur arraroen afera ere agerikoa da. Izan ere, Danimarkaren menpeko lurraldeak potentzial handia du lehengai horietan. Txina du munduko lur arraroen %20-%30 inguru, eta ez badu behar duena, kanpoan erosten du. Lur arraroak ezinbestekoak dira egunerokoan erabiltzen ditugun gailu digitaletako txipak sortzeko, besteak beste, eta hein horretan, subiranotasun teknologikoaren borrokan lehengai estrategiko bilakatu dira.
Bada, AEBk dolarraren nagusitasuna mantendu eta lur arraroen kontrola izanda, hegemonia teknologiko eta ekonomikoa bermatuko luke. Dolarizazioren beheranzko joera eteteko mugimendua egin du Venezuelan, eta nagusitasun teknologikoa bermatzekoa egin nahi du Groenlandian, Ukrainan egin duen bezala. Hain zuzen ere, Ukraina da lur arraroak dituen beste herrialde bat, eta Trumpek Zelenskirekin akordioa erdietsi zuen orain gutxi, defentsan laguntzearen truke AEBetako enpresek herrialdeko lur arraroen zati handi bat ustiatuko dute.